Definizioz, behintzat, ez. Galkorra da arraina. Haragia baino askoz ere lehenago galtzen, usteltzen da, jangarri izateari utzita. Arrazoia logikoa da: arrain biziaren mamia ugaztunena baino hotzagoa dagoenez, hildakoan autolisia (gorputza bere buruaz elikatzea, beste elikagairik ez izatearen ondorioz) ere lehenago hasten da. Ez gara iraunkortasun horretaz ariko, ordea.
Ekologi terminoetan ari gara. Oraintsu arte, planetan ez zegoela aski jakirik denentzat; orain, brotxa lodiz idatzitako hura zehazten ari da: «egon badago, baita biztanleen %140ri emateko ere, baina merkatuak (sistemak) elikagaiak nahita galtzen ditu», prezio eta abantaila hobeak lortzeko.
Beste arazo latz bat: haragia izango ote dugu denontzat planeta honetan? Ez dirudi erantzuna baiezkoa denik. Proteina beste iturri batzuek emango dute: arrainek eta lekaleek, batik bat; baita planktonak ere, alor hau ikertzen ari baita.
Itsasoak ezin omen lezake eman guk (merkatu eta guzti) beharko genukeen bezainbeste arrain. Hortaz, akuikulturara jo behar, hazitako arraina kontsumitzera. Baina arrain horrek eragozpen larri samarrak planteatzen ditu: kutsadura beti da problema, ekoizpena maiz ez da errentagarria (laguntza ofizialak izan ezean), ez da eraginkorra eta, batez ere, arrain eta itsaski horrek ez du egiazkoaren zapore-usainik, imitazio geza da. Horretan ez dago bueltarik: saltzen zaigun urraburu edo lupi hori oilasko hondakinez elikatu bada, oilasko moteldua dastatuko dugu.
Arrainak ere, karniboroak (goxoak) eta herbiboroak (gezak) dira, orokorki, elikabidearen ikuspegitik. Arrain karniboro batek, bera jaki bihurtu aurretik, arrain asko (hiru bat kilo) jan behar duenez, ez da errenta.
Aditua ez denari arrain herbiboroak hazi eta jan beharko ditugula esaten diozunean, errespetu hutsagatik ez dizu barre egiten, baina ipar izarra dexente galdurik zabiltzala ondorioztatzen du berehala.
Kontua, beraz, larreak sortu eta arrainak horretara eroatea, belar mundua azkarrago berrosatzen delako. Horrela izan daiteke elikagai iraunkorra.
Goxoa nahi badugu, belarrak eta gehigarriak aukeratu beharko: nolako alergiak dituen jatunak, zaletasunak, ontzea...
Elikadura. Hazkurri kontuak
Arraina ere iraunkorra?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu