Ekain bukaera orotan bezala, lekeitiarrek itsasoko bizimodua eta arrantzaleena gogoratzen dituzte, San Pedro jaietan. Etzi, larunbatean, hasiko dira ospakizunak, eta jai giroan murgilduko dira asteartera arte. Igandean izanen da egun nagusia; egun horretan eginen dute usaiako kaxarranka eta emakumeen aurreskua. Aurten Olatz Maruri Basterrika igoko da kutxa gainera, eta Naia Rojo eta Ainara Ruiz izanen dira aurrelari eta atzelari.
Larunbat goizean hasiko da ospakizuna, Garraitz taldearen eskutik: Kilin Kala igeriketa txapelketaren 26. aldia eginen dute. Ondotik, Salazoi egunaren 11. aldia eginen dute plazako arbolapean; kantu tailerrak eta Itxaropena txistulari taldeak lagunduta. Eguerdian, buruhandi eta erraldoien topaketa izanen da. 16:00etan, berriz, sanpedroetako esku pilotako eta zesta-puntako txapelketen finalak iraganen dira.
Igandean, ekainaren 29an, 10:15ean, prozesioa izanen da udaletxetik elizarat, Txirrist txarangak girotuta. 10:30ean, meza nagusia izanen da, eta segidan San Pedroren prozesioa eginen dute: kilin-kala eta kaxarranka dantza eginen dituzte, portuan. Ondotik, Etorkizuna taldeak eguzki dantza edo andreen dantza eginen dute, herriko plazan.
Aurten, Olatz Maruri Basterrika Etorkizuna dantza taldeko kideak emanen du kaxarranka dantza. Ez da lehen aldia Marurik kaxarranka dantzatuko duena, baina San Pedro bestetan lehen aldiz arituko da. San Pedro eguna lekeitiarrentzat «egun garrantzitsua» dela esplikatu du Marurik. Aurretik trebatu bada ere, lekeitiarra izanki, «urduritasuna» sortu dio.
Dantzariak esplikatu duenez, hiru gunetan dantzatzen dute egun horretan: Sanpedropean, kofradian eta herriko plazan. Haren ustez, hiru guneetatik azkena izanen da «berezia eta hunkigarria», plazakoa. Kaxarranka dantzatuko duela jakiteak «urduritasun» handia emateaz gain, «izugarrizko erantzukizuna» sortzen diola aitortu du: «Herriko dantza bat izateak eta herri guztiaren aurrean egiteak presio pixka bat sortzen dit».
Ane Maruriren segida
2022an dantzatu zuen emazte batek lehen aldiz kaxarranka San Pedro egunean; Ane Maruri Basterrika izan zen dantzaria orduan. Ordura arte, gizonak baizik ez ziren kutxa gainera igotzen; azken hamabost aldietan Asier Uskola igo zen. Aurtengo dantzariak ontzat jo du erritu hori ukaiten ari den bilakaera: «Ondo iruditzen zait gizonek bizitza guztian egin izan duten herriko dantza bat emakume batek ere egin ahal izatea». Gainera, gehitu du, ongi iruditzen zaiola kaxarranka beti pertsona berak ez dantzatzea: «Dantza taldekoek ere hori aldatu nahi izan dugu».
«Oso egun hunkigarria izango dela uste dut», ziurtatu du Marurik. «Niretzat eta etxekoentzat, behintzat; berezia izango baita ahizpa biok elkarren atzetik dantzatzea dantza hau».
17:00etan mus txapelketa izanen da Sociedad Recreativan, eta, ondotik, ikastolak danborrada joko du, Aittitta Makurra txarangarekin batera. Zezensuzkoa ere izanen dute plazan, eta, eguna bukatzeko, Aittitta Makurra taldeak kalejira eginen du, plazan hasita.
Astelehenean, ekainaren 30ean, 11:00etan buruhandiak eta erraldoiak kalez kale ibiliko dira Lekeition; 12:30ean, Eguzkilore jubilatuen abesbatzaren emanaldiak izanen dira, Baserri tabernan, Eskolapean eta udaletxeko eskaileretan; 21:00etan, Lekittoko Deabrutxoen correfoc-a izango dute, Lekittoko Deabruak taldearen eskutik; eta 23:00etan kalejira izanen dute, Talatik herriko etxeraino, Txirrist txarangak girotuta.
Azken egunean, asteartean, haurrentzako jokoak izanen dituzte, Rufo Atxurra plazan, Bixi-Bixiren eskutik, 12:30ak arte. Segidan, lore eskaintza eginen dute San Pedro baltzaren aitzinean, Tortola karrikan, eta baita pintxo-potea ere, Lagun Zarrak elkartean. Ospakizuna bukatzeko, 19:00etan, Slavers eta Errota taldeek kontzertua emanen dute, Rufo Atxurra plazan, Lagun Zarrak elkartearen eskutik.