Asko aldatu da arrantza azkenengo bost hamarkadetan. Hori azaltzen du El capitán del barco y el bacalao (Itsasontziko kapitaina eta bakailaoa) liburu aurkeztu berriak. Lazaro Larzabal itsas kapitainaren biografia kontatzen du, historian arrantzak izan duen aldaketa esplikatzearekin batera. Rosa Garcia Orellan antropologiako doktoreak idatzi du.
Kapitain izandakoak 75 urte dauzka gaur egun, eta duela hiru urte utzi zion bakailaoak harrapatzeari. 17 urte zeuzkala hasi zen baxurako arrantzan, 1952an, Ondarroan, eta 30 urterekin Ternuara joaten hasi zen, bakailao arrantzara. Oso gazte izan zen kapitaina, Pasaiako itsas eskolan titulua atera ondoren. 1968an inork inoiz harrapatu duen bakailao kantitaterik handiena arrantzatu zuen. Gazitutako 1.760 tona bakailao bildu zituzten hark zuzendutako bi itsasontzietan; 4.048 tona bakailao fresko, hain zuzen.
Hainbeste urteren ondoren, arrantzak izan duen aldaketa bizi izan du Larzabalek, eta haren biografiak hori erakusten du. Liburuaren egileak azaltzen duen bezala, kapitainaren moduan gazte askok hartu zuten bide berbera. «36ko gerraren ondoren, 50eko hamarkadan gazte asko hasi ziren arrantzarako ikasketak egiten. Garai hartan itsasontziei aurreneko diesel motorrak jarri zizkieten, baxurako arrantzarako. Oso bizi gogorra zen; hilabetean asteburu bat izaten zuten deskantsatzeko. Horrela pasatzen zuten urte guztia».
Bakailaoa gutxitu zenekoa
Bakailaoa asko jaitsi zela ikusitakoan, Kanadak arrantzatzeko muga jartzea erabaki zuen. Larzabalek azaltzen duen bezala, bakailaoak kapelina izeneko arrain txikia jaten du. Garai batean neurririk gabe arrantzatu zen arrain hori; «egunean 230 tona eta... astakeria bat». Orduan, bakailaoak ez zeukan jatekorik; ez zeukan inon gelditzeko tokirik. «Alde egin edo desagertu egiten zen, non janik ez zeukalako». Gaur egun, debekatuta dago arrain txiki horren arrantza, eta bakailao «asko» dagoen arren kopuru txikiak arrantzatzeko baimenak ematen dituztela dio.
Arrantzaren azken 50 urteetako historia, Lazaro Larzabalen begietatik
17 urtetatik arrantzan ibili da Lazaro Larzabal itsas kapitaina, eta haren biografia idatzi du Rosa Garcia Orellanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu