Okerragoa izan zitekeen. Sakabanatuta eta, espero zen legez, jendetzaren artean korrika egin zuten Dolores Aguirreren zezenek atzo. Sevillako ganadutegiko seikoteak Iruñean korrika egin duten gehienetan korrikalariak adarkatu dituzte, eta, ibilbideko jendetza aintzat hartuta, inondik ere okerragoa izan zitekeen. Orotara bi minutu eta 53 segundo behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. Horretan tradizioari eutsi zioten, hiru minuturen bueltan ibili ohi direlako beti.
Arraroa izan zen entzierroa.Santo Domingo aldapan gora, lehen lasterkariak dauden eremura iristean, taldearen buruan zihoan zezenetako bat gelditu egin baitzen ziplo. Tentsio handiko unea begiradapean zituenentzat. Atzetik zihoazen anaietako batek bultzatu egin zuen, ordea, eta inertziaz ezkerrerantz egin zuen, geldi zeudenen albotik igarota baina euren aurka jo gabe.
Metro batzuk aurrerago, aldaparen eskuinaldean geldi zegoen korrikalari batek oso une desegokian erabaki zuen lasterketarekin bat egitea. Motel, trakets, atera zen, eta une horretan abiadura handian zihoan zezenetako batek aurretik eraman zuen. Erorketan, burua kolpatu zuen lurrarekin. Gertaerak argi erakusten du Santo Domingoren zailtasuna, ezin baita zezenak gainera datozen unean atera korrika egitera.
Hortik aurrera, oso sakabanatuta egin zuten zezenek lasterka. Aurretik joaldunak, atzetik lau zezen eta atzerago beste bi zezen. Harrigarria badirudi ere, bihurgunean zenbait korrikalarik beste behin zezenek beti jotzen duten alderantz egin zuten. Orain arteko entzierro guztietan errepikatu da arinkeria hori, baina atzo ez zen ezer gertatu.
Estafetan gora, taldea gero eta sakabanatuago zegoenez, aukera asko izan ziren korrikalarientzat, baina atzo zezenak baino gehiago alboko kideak izan zituzten arerio. Ukondokada itsusiak ikusi ziren batzuen eta besteen artean, eta, bultzaden ondorioz, erorketak eta kolpeak ohikoak izan ziren. Horregatik, adarkadarik gabeko lasterketa izan arren, entzierro zikina izan zen.
Taldeak luzatuta hasi zuen entzierroa, eta erabat hautsita amaitu zuen. Lehenik, joaldunak sartu ziren plazara; atzetik, hiru zezen. Ondoren, anaien arrastoa galdua zuen beste zezen bat, eta atzerago, Santo Domingon elkarrekin geratu ziren bi zezenak. Horiek plazaren alde batera egin arren, berehala kapotedunek zezentokietara eraman zituzten.
Zaurituak kolpeen eta erorketen ondorioz izan dira. Gehienak Estafeta amaieran eta Telefonica inguruan. J.L.P.A 24 urteko iruindarrak, adibidez, kolpe bat jaso zuen zangoan, eta M.A.E 22 urteko madrildarrak luxazio bat zuen sorbaldan. Biei goizean eman zieten senda-agiria. Ospitalean zeuden arratsaldean oraindik buruan kolpea jaso zuten bi korrikalariek: bata, D.F. 30 urteko irlandarra da, eta bestea, M.R.F. 42 urteko balearra.
Daniel Jimenori omenaldia
Atzo urteurren lazgarria bete zen. Iaz, laugarren entzierroan Jandilla ganadutegiko Capuchino zezenak Daniel Jimeno adarkatu eta hil zuen. Atzo, entzierroaren aurretik, Yolanda Barcina Iruñeko alkatea bertan zela, Juan Antonio Jimeno aitak lore sorta bat eta zapi bat utzi zuen semea hil zen tokiko hesian. Heriotzaz geroztik sendiak Telefonica inguruan izateko indarrik ez duela izan aitortu zuen.
Gaur, adi, Miurak datoz eta. Teorian, nobleziagatik asteburuko jendetzaren artean korrika egiteko jartzen dituzte zezenok, baina iazko miuren entzierroak erakutsi zuen zezenek zer egingo duten iragartzea ezinezkoa dela.
Arraroa eta zikina
Entzierroa sakabanatuta egin dute Dolores Aguirreren zezenek, eta, asteburuko jendetzaren eraginez, lagun asko erori dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu