Asteburuko proposamenak

Arraunaren jaia, negu gorrian

OrioNeguko lehen estropada egingo da etzi Orion; horren aitzakian, egun osoko jaia antolatu dute

Oria ibaiaren 20. jaitsiera jokatuko da larunbatean Orion; 79 traineru irtengo dira, inoiz baino parte hartzaile gehiago. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
2014ko otsailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Negua hotza eta gogorra izaten ohi da. Baita arraunlarientzat ere. Eta ez egunero hotzetan itsasora irten behar izaten dutelako bakarrik, estropadarik ere ez delako jokatzen. Horregatik hasi zen Orioko arraun elkartea Oria ibaiaren traineru jaitsiera antolatzen. Aurten 20. aldia izango du jaitsierak, eta etzi jokatuko da, 16:00etan. Horren aitzakian, Arraun Eguna egingo dute herrian, eta egun osoko jaia izango da.

«Negua oso luzea egiten delako pentsatu genuen behar zela halako test bat, proba bat, arraunlarien egunerokotasunarekin hausteko», azaldu du Ibon Huegunek, Orioko arraun elkarteko presidenteak. Aurten inoiz baino traineru gehiagok parte hartuko dute. «79 traineru izango diraguztira, 1.110 arraunlari. Markak apurtu ditugu horretan».

Hainbat mailatakoak lehiatuko dira. Tartean izango dira, bestalde, Kataluniatik eta Valentziatik etorriko diren llagut modalitateko traineruak. Senior mailako taldeek izan ezik, gainerakoek 4.000 metroko ibilbidea egingo dute. 6.000 metroko ibilbidea egingo dute goi mailako taldeek. Usurbilgo Aginaga auzoaren paretik hasi, eta Orioko zubiraino. Ez da proba puntuagarria izango, baina, hala ere, ikurrina emango diote irabazleari.

Arraunlarien egun seinalatua

Oriotarrentzat urteko egun garrantzitsuenetako bat izaten dela gogoratu du Huegunek. «Arraunlari direnentzat eta ez direnentzat ere seinalatua da jaitsieraren eguna». Izan ere, arraunak egin du ezagun Orio, eta,bide batez, arrauna omentzeko aprobetxatzen dute eguna.Baina oriotarrentzat bakarrik ere ez da egun seinalatua, Huegunen arabera, herria jendezbetetzen baita egun horretan. Jaitsiera ikustera etortzen den jendeak bertan gelditzeko aukera izango duela nabarmendu du. «Goizean goizetik giroa berotzen ariko den txaranga da horren adibide».

Eguerdian, gainera, Orioko arraun taldeko harrobiaren aurkezpena egingo dute herriko plazan. «Elkartean dauden arraunlari guztiak herritarren aurrean aurkeztuko ditugu».

Jaitsieraren aurretik, Gipuzkoako Mus Txapelketako finala jokatuko da plaza horretan bertan, arratsaldeko hiruretan. Danbolin musika eskolako ikasleek, bestalde, dantza emanaldia eskainiko dute Karela kiroldegian, 17:00etan.

ARRAUN EGUNA

Non. Orio (Gipuzkoa).

Noiz. Etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.