Arrautzak zabor truke

Etxeko zabor organikoa konpost bihurtzeko sistema bat jarri dute martxan Noainen. Oiloek azkartzen dute prozesua, eta arrautzak jasotzen dituzte herritarrek ordainetan.

Zaborra eraman eta etxola hilabetean behin zaintzearen truke arrautzak jasoko dituzte parte hartzaileek. VARAZDIN FUNDAZIOA.
Inigo Astiz
Noain
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Zaborra eraman, arrautzak jaso. Tratu hori proposatu diete herritarrei Noainen (Nafarroa). Hondakinak konpost bilakatzeko sistema berri bat jarriko dute martxan hurrengo asteetan, eta parte hartzeko prest direnen zerrenda egiten dabiltza orain. Bitxia da sistema. Esperimentu bat, kasik. Hondakin organikoa konpost bilakatzeko prozesua azkartzea da helburua, eta hamabi oilo erabiliko dituzte horretarako. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Vermican enpresak garatu dute ideia, eta Elkarkide elkartearen, Varazdin fundazioaren eta Noaingo Udalaren laguntzarekin jarri dute abian. Zentzumen Parkea izeneko gunean jarri dute etxola berezi hori. Erdi oilategi, erdi zabortegi.

Auzolana da proiektuaren oinarria, Mikel Baztan Lorezaintza alorreko zuzendariak azaldu duenez. Konpromisoa eskatzen die egitasmoak parte hartzaileei, baina saria ere ematen die. Astean behin hondakin organikoak eraman beharko dituzte etxolara herritarrek. Horrez gain, hilabetean egun batez etxola zaintzeko lana ere hartu beharko dute. Zaborra dagokion lekuan jarri, eta oiloek nahikoa ur eta pentsu badutela ziurtatu. Arrautzak jasoko dituzte ordainetan lanegun horretan. Udalak ere jasotzen du bere saria, ordea: lehen mailako konposta izango du baratzeetan ongarri gisa erabili ahal izateko. Baratzeetatik hartutako hondakinak ere etxola horretara botako dituzte, eta, beraz, itxi egingo dute zirkulua. Baratzetik baratzera, tartean herritarrei ere zerbitzu bat eskainiz.

Bizkortu egiten dute hondakinen usteltze prozesua oiloek, eta Baztanek azaldu du nola: «Fruta azalen edo gisakoen kasuan, zaborra freskoa bada, jan egiten dute, hankekin mugitu egiten dute, gainean kaka egiten dute... Konpost aurreko bat sortzen dute horrela. Guk gero zizareak botatzen ditugu, eta estali egiten dugu multzoa, oiloek zizareak jan ez ditzaten. Haiek beren lana egin, eta hala lortzen dugu konposta».

Hiru ontzi jarri dituzte etxolan horretarako, eta bata bestearen atzetik beteko dituzte. Lehenengo ontzia betetzean botako dituzte zizareak, eta bigarren ontziarekin hasiko dira orduan, eta berdin hirugarrenarekin. Azken ontzia estaltzerako lehenengoan primerako konposta izango dutela kalkulatzen dute egitasmoaren bultzatzaileek.

Kontzientziazioa eta lilura

Bi dira helburu nagusiak: birziklatzeko beharrari buruzko kontzientzia piztea eta jendea animaliengana gerturatzea. Hala ere, kontzientziazio lan horretan lilurak garrantzia duela esan du Baztanek. «Umetako oroitzapen hori badut nik, behintzat, eta oso ederra da. Oilategira joan eta arrautzak hartzeak badu halako xarma bat. Arrautzak oraindik bero daudenean eskuz hartze horrek. Hori ez da sekula ahazten, eta oso esperientzia polita izan daiteke egun ere umeak dituzten familientzat».

Proposamena ez diete noaindarrei soilik egin, baina bertakoek lehentasuna izango dutela dio Baztanek. Hedapena da, ordea, azken helburua. «Lehen saio hau ongi baldin badoa, proiektua handitzea da asmoa. Handitzea eta bikoiztea. Ongi ateratzen bada eta lana ongi egiten badugu proposamena inguruko herrietara ere eramatea eta gisa honetako etxolak ugaltzea». 28 pertsonak eman dute izena oraingoz, baina zabalik dago epea oraindik. 607-16 10 12 telefonora deitu behar da horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.