Menditik urruti egonda ere, gogoz erantzun die galderei Jon Aztiria mendi korrikalariak (Donostia, 1999). Izan ere, denbora da ingurumenarekin zerikusia zuen egitasmoren bat egitea otu zitzaiola; alta, ez dio egitasmoari forma eman Materrekin —Pasaiako (Gipuzkoa) Ontzi Museo Ekoaktiboarekin— elkartu arte. Aztiriak Hendaiatik (Lapurdi) Ondarroarainoko (Bizkaia) ibilbidea egin zuen ekainaren 27an, 100 kilometro baino gehiago. Hori aski ez, eta plogging moduko kontzientziazio ariketa batekin osatu zuten bidea; hau da, bost kilometroan zakarra bilduz.
Hendaian hasi eta Ondarroan amaitu zenuen ibilaldia. Zergatik erabaki zenuen horrela izatea?
Ba, arrazoia nahiko sinplea da. Hasieran Hondarribitik Mutrikurako bidea egitea pentsatu nuen, Gipuzkoako kosta osoa hartzearren. GPS ibilbidearen luzera begiratzeko orduan, ordea, 85 kilometrokoa zela konturatu nintzen, eta kopurua borobildu nahi izan nuen 100 kilometroraino. Hala eta guztiz ere, nire ustez, berezko xarma du Hendaian hasi eta Bizkairaino egiteak.
Kostako biztanleek ongietorria egin al dizute?
Orokorrean bai, nahiko pozik nago. Korrikaldian bertan jendea batu zitzaidan, gehienak ezagunak eta lagunak. Bestalde, Materrek antolatutako plogging-era animatu ziren batzuk. Pasaia eta Donostia bitartean zaborra biltzen aritu ginen. Izan ere, Pasaian Materreko lantaldea, boluntarioak eta bizpahiru kazetari nituen zain.
Hala ere, beste herri askotatik pasatu izanagatik ere, udaletxeek ez zidaten erantzun. Ziurrenik muga bat izan zen kanpainaren oihartzunarentzat.
Egitasmoaren leloa «zaborrik gabeko kostaldearen alde» izan da, baina nondik sortu da horren alde egiteko beharra?
Azken finean, Gipuzkoast 100K deituriko kirol erronka hau nire motibaziotik sortu da. Alabaina, ez nuen hari forma indartsua emateko aukera izan, Materrekin harremanetan jarri arte. Hain zuzen ere, egokitzat jo genuen egitasmoa haien kanpainaren barruan txertatzea, haien jarduna itsasoaren zaintzarekin lotua dagoelako. Azken finean, Euskal Herrian mendia eta itsasoa oso gertu ditugu, eta arrisku handia dago mendian botatako zaborra itsasora iristeko.
Eta erantzukizun kolektiboari garrantzia eman diozue. Zergatik?
Ez dezakegu epaitu zaborra botatzen duena, gehienetan nor den ere ez baitugu jakiten. Ondorioz, mendian aurrera joan ahala aurkitutako zaborra jasotzea erantzukizun kolektiboa bilakatzen da. Adibidez, nik mendian korrika ibiltzen naizen bitartean bi zabor mota nagusi aurkitu izan ditut: batetik, kirolarion elikadura osagarrien —zereal barrak, gelak…— edukiontziak; bestetik, paperezko zapiak. Beraz, kolektiboan egin beharreko lana da zaborra lurrera ez jaurtitzea eta zaborra topatuz gero jasotzea.
Zerk harritu zaitu gehien bidaia horretan?
Erronkaren eta plogging-aren ostean, ondorio argi bat atera zuen Materrek: herriaren eta mendiaren arteko trantsizioan topatu zutela zabor kantitaterik handiena, Pasaiatik Platako itsasargirako bidean, esaterako. Seguruenik, gehienbat gazteen meriendek sortutako hondakinak dira, 100 metrora zakarrontzi bat egon arren.
89. Euskal Soziometroaren arabera, ingurumenaren ongizatea ez dago biztanleen lehenengo bost kezken artean.
Egunerokoan eragiten ez digun afera bat denez, sarritan begiak tapatzea eta beste aldera begiratzea hautatzen dugu. Ekonomian eta banakoaren askatasunean ez duenez eragiten, ez dugu ulertzen planeta hau jasangarri mantentzeko beharrezkoa den zerbaiten gisara, baina bada, noski. Lurrean topatutako zaborra jasotzea denon betebeharra da.
LOTSABAKO
Mendia ala hondartza?
Mendia.Eta gustukoena?
Aizkorri.Eta hondartza?
Itzurun.Lasterketa osteko janari gustukoena?
Makarroiak Boloniako erara.