Kilometroak 2011 ekimenaren baitan Klik Art! arte erakusketa antolatu dute. 27 euskal artistak eginiko lanak erakutsiko dituzte gaurtik maiatzaren 3ra bitartean, Azpeitiko San Agustin erakusketa aretoan (Gipuzkoa). Erakutsiko dituzten lanak erosi ahal izango dira, eta bildutako dirua Azpeitian urriaren 2an egingo duten Kilometroak 2011 ekimena laguntzeko erabiliko dute.
Kilometroak 2011ren logoa erabiliz hautatu dute erakusketaren izenburua. Klik logoaren bidez, egun gero eta gehiago erabiltzen den onomatopeia erabili nahi izan dute herriaren mugimendua irudikatzeko.
Orotara, 40 lan baino gehiago jarriko dituzte, estilo askotarikoak. Gipuzkoako ikastolen festa laguntzeko erakusketan parte hartu duten artistak askotarikoak dira. Amateurrak, gazteak, urteen poderioz ospea eskuratu dutenak...
Artista amateurren obrez gain, artea ogibide duten artista profesionalen lanak ere ikusi eta erosi ahal izango dira. Xanti Rodriguez, Juanjo Gurrea, Mikel Garate eta Jose Antonio Azpilkuetak ere egin diote euren ekarpena Kilometroak 2011 jaiari.
Erakusketa zabala
Mota askotako artelanak ikusi ahal izango dituzte, beraz, San Agustin kulturgunera bertaratzen direnek. Horien artean, gehienak margolanakbadiraere, eskulturak, argazkiak eta bestelako obrek apainduko dituzte Azpeitiko kulturguneko hormak.
Udane Juaristi Azkoitiko artista ibili da erakusketa antolatzeko lanetan buru-belarri, eta bere lau margo ere ikusi ahal izango dira erakusketa aretoan eskegita. «Lau bat eskultura daude, argazki digitalak, muntai digitalak, ilustrazio digitalak, grabatuak, litografiak, oliozko klasikoak... denetatik dago», adierazi du Juaristik. Artelanen collage moduan aurkeztu dute Klik Art! erakusketa. «Askotariko artisten lanak egon daitezen saiatu gara.
Nafarroa Oinez jaialdiaren ereduari tiraka, arteari lotutako erakusketa bat egitea proposatu zioten Udane Juaristiri Azpeitiko Ikasberri ikastolatik.
Juaristi izan da artisten aukeraketa egiteko arduraduna. Ezagunen artean mugitu da erakusketarako artelanen bila. «Nire gogoko artistak aukeratu ditut: batzuk unibertsitatean ikaslagun izandakoak, pare bat irakasle, Azkoitiko margolari batzuk...».
Obrak salgai
Erakusketako obra guztiak salgai egongo dira, eta ateratako diru etekinen %50 Gipuzkoako ikastolen jaia antolatzera bideratuko dira. Beste erdia artelanen egileentzat izango da. Erakusketa plural bat izaki, obren prezioek gorabehera handia izango dute, artelanen arabera. «Artelan bakoitzak bere salneurria du ondoan jarrita, eta denetatik dago. Merkeenak 100 eurotik 500era bitartera doaz, garestienak, berriz, 1.000tik gora».
Erakusketa kolektiboa da, eta artista bakoitzak bere prezioa ezarri du. «Artista batzuek zaletasun moduan pintatzen dute; beste batzuk, ordea, profesionalak dira. Artistaren araberakoa da artelanaren prezioa», azaldu du Juaristik.
Juaristik eskainiko dituen lau margoak bitariko estiloa dute. «Argazkia eta collagea asko erabiltzen dut, eta pinturarekin tartekatzen ditut». Argazkiak dira Juaristiren margoen ardatz. Gustatzen zaizkion irudiak hartu eta hortikabiatuta margotzen du. «Argazkiekin bakarrik ezin ditut koadroak bukatu, pinturak beste adierazpen bat ematen dio. Pinturekin bakarrik, berriz, argazkien errealitate hori falta zaie».
Udane Juaristiren antzera, erakusketan parte hartu duten artista asko ez dira profesionalak. «Erakusketak muntatzen, nire lanak egiten, eta pintura eskolak ematen ditut».
Erakusketa polita gelditu dela aitortu du Juaristik. «Kolore askoko margoak daude. Bitxia gelditu da».
Egoera ekonomikoa kontran eduki arren, jendea animatu eta artelanak salduko direlakoan dago Juaristi. «Prezio askotariko koadroak daudenez, esperantza badago». Erosleak koadro eta prezioen araberakoak izan ohi direla dio Juaristik. «Adineko jendeak ere erosten duen arren, gazteek gehiago erosten dute. Etxea erosi berri dutenak edo erostekotan daudenak izaten dira erosle gehienak, 30 urte bitartekoak, nire kasuan behintzat. Hala ere, estiloa nolakoa, bezeroa halakoa izaten da».
18:30etik 20:00etara bitartean irekiko ditu ateak erakusketak astegunetan, eta 12:00etatik 14:00etara bitartean asteburuan. Joaten den orok ikusi ahal izango ditu artelanok, doan. Maiatzaren 6tik 15era bitartean, Azkoitiak hartuko dio erreleboa Azpeitiari, eta Torre Zuri aretoan ikusi ahalko da erakusketa.
Artea, ikastolen jaia bultzatzeko
Kilometroak 2011 ekimenaren bueltan, hainbat euskal artistaren lanak erakutsiko dituzte Azpeitiko kulturguneanLanak salgai egongo dira, eta diru etekinen erdia ekimena antolatzera bideratuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu