Artea mugitzearen artea

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

Equipo 7 Restauracion enpresako beharginak artelan bat garraiatzen Bilboko Iberdrola dorrean. EQUIPO 7 RESTAURACION
Equipo 7 Restauracion enpresako beharginak artelan bat garraiatzen Bilboko Iberdrola dorrean. EQUIPO 7 RESTAURACION
amaia igartua aristondo
2026ko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Industriako egitura mardul bat maneiatzeko logistika behar izan zuten. Ez zen-eta hutsala mugitu beharreko pieza: Eduardo Txillidaren Topalekua IV eskultura, 13 tona eta erdikoa. Kamioi handi bat, garabi bat, eta objektua bermatzeko egurrezko palet mordo bat erabili zituzten hura Bilboko Arte Ederren Museoko atondotik Hernaniko Txillida Lekura (Gipuzkoa) lekualdatzeko, 2023ko martxoan. Orduak behar izan zituzten eskultura hamar metro eskasera zegoen kamioira eramateko, eta beste horrenbeste eraman behar zuten lekura garraiatzeko. Patxadaz eta tentuz gauzatu beharreko prozesua baita artelanak lekuz aldatzea. Artea, bere horretan.

Hainbat diziplinatako profesionalek parte hartzen dute, eta protokolo zorrotz batzuen arabera gainbegiratzen dituzte urrats guztiak. «Artelan batek balio historiko eta artistiko ordezkaezina dauka», nabarmendu du Javier de Miguel Equipo 7 Restauracion enpresako zaharberritzaileak. «Eta horregatik, halako garraioetan parte hartzen dugun guztion asmoa da obrak jatorrizko mezuari euts diezaiola, eta mezu hori belaunaldiz belaunaldi pasatu dadila».

«Garraioan parte hartzen dugun guztion asmoa da obrak jatorrizko mezuari euts diezaiola, eta mezu hori belaunaldiz belaunaldi pasatu dadila»

JAVIER DE MIGUEL Equipo 7 Restauracion enpresako zaharberritzailea

Ez da izaten salbuespenezko prozesu bat; kontrara, obrak askotan mugitu behar izaten dira. Museoko gune batetik bestera eraman behar direlako batzuetan, zaharberritze laborategira, esate baterako; eta eraikinetik kanpo garraiatu behar izaten dituztelako sarritan, beste instituzio bati maileguan lagatzeko. Museo edo instituzio batek halako eskaera bat jasotzen duenean, erakusketa nolakoa izango den aztertzen dute lehendabizi, eta aldez aurretik eskatzen dituzte lana erakutsiko den aretoaren baldintzak, Estela Solana Txillida Lekuko erakusketen arduradunak azaldu duenez. Izan ere, leku horiek neurri jakin batzuk bete behar izaten dituzte hezetasunari, argi intentsitateari eta tenperaturari dagokienez, eta baldintzok egonkorrak izan behar dute, artelanen ezaugarri fisikoek alteraziorik jasan ez dezaten.

«Material guztiek degradazio prozesu bat izaten dute erabiltzen direnetik: harriak, egurrak, polikromiak, erretxinak...», De Miguelen esanetan. «Artelan guztiek mikrobio bizitza jakin bat daukate, eta giro baldintzak aldatzen direnean, litekeena da bizitza hori esnatzea». Paradoxikoki, arte garaikidea izaten da delikatuena, nabarmendu duenez. «Materialek luze iraun zezaten zaintzen zuten aspaldiko artistek. Baina artista garaikideek material industrialetara jotzen dute, eta horiek hamar bat urte irauten dute».

Kalteen mapa

Nazioarteko estandar batek bermatzen du artelana egoki egongo dela dagoen tokian, Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile buru Gilermo Zuaznabarren hitzetan. «Maila handiko museo guztiek» betetzen dituzte hark ezarritako baldintzak, eta erakustokia estandar horretatik kanpo badago, kasuan-kasuan aztertzen dute ea leku egokia izan daitekeen, pieza han erakutsiko den denboraren, erakusketaren garrantziaren, eta lanak mailegu hartzailearentzat daukan balioaren arabera.

Txillidaren Topalekuak IV eskultura Bilboko Arte Ederren Museotik mugitzen, 2023ko martxoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Txillidaren 'Topalekua IV' eskultura Bilboko Arte Ederren Museotik mugitzen, 2023ko martxoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Behin artelana utziko dela erabakita, mailegu orri bat sinatzen dute bi aldeek, «kontratu moduko bat», Solanak argitu duenez. «Eta gero elkarrizketa bat hasten da. Ea artelanak zerbait berezia behar duen erakusketa batean jartzeko —idulki berezi bat, edo garabi bat, esaterako—; ea argi gutxi behar duen...». Artelana mugitu aurretik, hura biltzen ere hasi aurretik, artelanaren egoera fisikoaren azterketa egiten dute zaharberritzaileek. Museoko artelan bakoitzak bere txostena dauka, eta han jasotzen dira bakoitzaren berezitasunak, zer teknikarekin egina dagoen, noizkoa den, baita kalteen mapa deritzona ere, obrak izandako kalteak eta esku hartzeak xehatzen dituena.

Pieza garraiatu baino lehen, jakin behar da artistak —bizirik badago— zer jarraibide ezarri dituen bere obra manipulatzeko, eta kalteen mapa gaurkotu beharra dago. «Eta artelana dagokion lekura iristen denean ere beste azterketa bat egiten da, kalteen mapa aldatu den edo ez ziurtatzeko», Zuaznabarren berbetan. «Aldaketaren bat gertatzen bada, artelanaren jabeari edo arduradunari jakinarazten zaio, eta hark erabakitzen du konpondu behar den edo ez». Dena den, ezusteko horiek «oso-oso ezohikoak» izaten dira, eta museoetan bertan gertatzen dira batik bat, kutxan biltzean edo kutxatik ateratzerakoan, eta ez lekualdaketan bertan. Askotan, antzeman ere ez dira egiten ezbeharrok; atzamarka batzuk izan daitezke, kasurako.

«Europatik kanpo dagoen artelan bat ekarri nahi dugunean, haren balioaren %10 ordaindu behar izaten dugu. Artelanak itzuliko badira ere, aduanetan esportaziotzat edo inportaziotzat hartzen dituzte»

ESTELA SOLANA Hernaniko Txillida Lekuko erakusketen arduraduna

Piezaren egoera egiaztatu eta gero, hura biltzeko ordua da. De Miguelek azaldu duenez, material bereziak erabiltzen dira: azidorik gabekoak, barrubigunak, eta neurrira eginikoak. Behin kutxa zarratuta, 24 orduz uzten da bertan, eta, helmugara heltzen denean, beste 24 orduz uzten da zabaldu baino lehen, «egokituz joan dadin baldintza berrietara», Equipo 7ko zaharberritzaileak zehaztu duenez. Garraioan, obrak tracker batzuk eramaten ditu, bidaian zehar izandako hezetasuna, tenperatura eta bibrazioak erregistratzeko, eta mailegatzen duen instituzioko zaharberritzaile bat joaten da beti harekin batera. «Pertsona hori presente egoten da obra kutxan gordetzen denetik. Aireportuan ere kutxaren ondoan egoten da, eta museora heltzen direnean eta kutxa zabaltzen dutenean ere han egoten da: txosten bat egiten du, eta gainbegiratzen du obra exijitutako baldintzetan ipintzen dela», xehatu du De Miguelek.

Aduanetan korapilatuta

Artelanak kamioi berezietan garraiatu ohi dituzte: klimatizatuak dira, eta suspentsio bereziak dituzte, bibrazioak murrizteko. Baina, batzuetan, arteak badu joera ohikotik harago joateko, forma bereziak lantzeko, esajeratua izateko. Eta ezinbestean, ezohiko taxu horiek lekualdatzeko ezohiko estrategiak behar izaten dira. Txillidaren eskultura batzuk dira horren adibide. «Normalean, artean espezializatutako garraioa alokatzen dugu», adierazi du Solanak, «baina hainbeste tona garraiatzeko ez dute balio». Eskultura mardulak lekualdatu behar direnean, trailer eta garabi enpresekin egiten dute lan zuzenean. «Prozesua oso ikusgarria da. Garabiak ordu erdi behar du hankak ipintzeko bakarrik. Beste museo batzuetan, prozesuaren beldur izaten dira apur bat, baina guretzat oso ohikoa da. Eta garabiko teknikariekin hitz egiten dugunean, beraientzat ez da beste munduko ezer, enpresa horietan 200 tonako piezak mugitzen baitituzte».

Iruñeko Sarasate pasealekuko eskultura bat, urrian. JESUS DIGES / EFE
Iruñeko Sarasate pasealekuko eskultura bat, urrian. JESUS DIGES / EFE

Laster 22 tonako Consejo al espacio eramango dute Txillida Lekutik Ponferradako La Termica Cultural zentrora (Espainia). Edozelan ere, ez da sarri gertatzen halako eskulturatzarrak lekualdatu behar izatea, eta ez preseski prozesuaren konplexutasuna dela eta. Kontrara, arazoa zera da: ezin direla edozein aretotan eduki. «Orokorrean, eraikinek metro koadroko 400 kilo baino ezin ditzakete jasan. Museoek normalean ez dizkigute halako piezak eskatzen, ezpada kanpoan jartzeko, edo museo industrial baterako. Adibidez, La Termica Cultural elektrizitate zentro bat izan zen».

Baina alde logistikotik ez ezik, eremu administratibotik ere etor daitezke buruhausteak. Batik bat mailegu eskaerak mugaz kanpokoak direnean, artelanek aduanak igaro behar izaten dituzte eta. «Pieza leku beretik atera eta sartu behar da», zehaztu du Zuaznabarrek. «Aduanatik pasatzeko, irteera eta sarrera datak ezarri behar dira; itzulketa datarik ez badago, ez dizute lana ateratzen utziko». Prozesua bereziki korapilatzen da mugimenduak Europatik kanpo egiten direnean, Solanaren irudiko. «Europatik kanpo dagoen artelan bat ekarri nahi dugunean, haren balioaren %10 ordaindu behar izaten dugu. Azkenean, artelanak itzuliko badira ere, aduanetan esportaziotzat edo inportaziotzat hartzen dituzte». Pieza eskatzen duenak hartzen ditu bere gain gastuok: bai garraioaren kostua, baita erakusketaren produkzioarena ere. Hark ordaintzen du, orobat, piezaren asegurua.

«Iltzetik iltzerako asegurua izaten da: hau da, zintzilikatuta dagoen lekutik zintzilik egongo den beste instituziora bitartekoa»

GILERMO ZUAZNABAR Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile burua

«Museoan ezin ditugu artelan guztiak aseguratuak izan, hori izugarrizko dirutza izango litzateke eta», argitu du Arte Ederren Museoko zaharberritzaileak; baina mugituko diren horiek bai, babestuta joaten dira. Eta garraioari ekin aurretik kudeatzen da arlo hori ere. «Iltzetik iltzerako asegurua izaten da: hau da, zintzilikatuta dagoen lekutik zintzilik egongo den beste instituziora bitartekoa. Nahiz eta museoak baldintzak bete, ahalik eta arrisku gutxien egon dadin, zirrikitu hori betetzeko aseguru bat egitea eskatzen da. Zurea ez den lan bat erakusten duzunean edo gordailuan daukazunean, aseguratua egon behar du», berretsi du Zuaznabarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA