Udako proposamenak

Arteaz, kulturaz eta ondareaz

Nafarroako Cultur Izan programak hamabost ekitaldi izango ditu aurten. Bertsoekin hasiko da.

Julio Sotok Bertsondare saioan parte hartuko du. Lizarran arituko da larunbatean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julio Sotok Bertsondare saioan parte hartuko du. Lizarran arituko da larunbatean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
2025eko abuztuaren 20a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamalau leku eta hamabost ekitaldi arteaz, kulturaz eta ondareaz gozatzeko. Nafarroan askotariko kultur emanaldiak izango dira datozen asteetan; tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, musika eta dantza emanaldiak... Cultur Izan programaren hirugarren aldia da. Abuztuaren 23tik urriaren 31ra bitartean egingo dituzte ekitaldiak, eta jarduera guztiak doakoak izango dira. Tradizioa dauka ardatz programa horrek, betiere, hainbat alorretan ari diren erakunde eta elkarteen egitasmoak babeste aldera.

Egitaraua larunbatean hasiko da. Lizarra izango da abiapuntua. Bertsondare izeneko egitasmoa egingo dute. Bertsolaritza herritarrei gerturatzea da jarduera horren asmoa; horretarako, bizi-bizirik dagoen ondasun immaterial horren harira, bi saio egingo dituzte. Aurrenekoa larunbat honetan, Lizarrako Rua kalean, eta bigarrena heldu den asteko larunbatean, Iruñean, Nafarroako Museoan. Bietan Julio Soto eta Saioa Alkaiza bertsolari nafarrak arituko dira. Donejakue bideari buruzko bertso saioa izango da Lizarrakoa. Abuztuaren 30ekoa, berriz, museoan paratu berri dituzten bi piezaren ingurukoa: Loizuko gizona eta Irulegiko eskua hartuko dituzte hizpide bertsolariek. Ander Aranburu izango da gai jartzailea bi saioetan.

Tuteran, Tafallan, Zangozan, Atarrabian, Irurtzunen, Altsasun, Buñuelen, Caparroson, Artaxoan, Aurizperrin, Noainen eta Beran ere izango da zertaz gozatu. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen du Cultur Izan. Irailean eta, bereziki, urrian izango dira jardunaldi gehienak. Irailaren 19an, ostiralarekin, jota emanaldi bat izango da Tafallan. Jota, bertsolaritza bezala, gizateriaren ondarea baita. Bi egun geroago, emanaldi bera egingo dute Buñuelen. Hilaren 26an, berriz, pandero tailerra egingo dute Noainen. 

Urria, oparo

Urria oparoa izango da. Zangozan hilaren 5ean ospatuko den Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin hasiko da egitaraua. Irurtzunen, hilaren 10ean, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak TX 8.0 kontzertua emango du kultur etxean. Danserie Ensemble dantza taldeak Fistuka emanaldia taularatuko du hilaren 12an, igandearekin, Beran. Hegoalderago, Caparroson, urriaren 12an, herriko abesbatza arituko da kanta kantari: Habanera kantua Nafarroan. Biharamunean, iparraldean berriz, Aurizperrin, Elutseder Elkarteak hartuko du lekukoa, Ttunttuneroak emanaldia egiteko.

Hutsun taldeak txalaparta izango du ardatz Altsasun urriaren 24an. Egun horretan bertan Gau Beltza ospatuko dute Atarrabian, eta, biharamunean, Artaxoan, aurorak ibiliko dira kalez kale. Feten Feten taldearen hitzaldi performatiboa izango da azken emanaldia. Jorge Arribas eta Diego Galaz musikariak urriaren 31n entzun ahal izango dira Iruñeko Musikaren Hiriko Auditoriumean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.