Ondo datorkio arteztu hitza Iker Antia artistari. Duela hilabete eskas zabaldu zuen, Donostian, Arteztu artearen txokoa, eta orain,han ematen dituzten ikastaroak artezten dabil, taldeak antolatzen eta klaseak ematen. Ez da arte galeria soil bat. Artistek euren lanak jartzeko lekua eskura dute; horretaz gain, edonork parte hartzeko ikastaroak ere antolatzen dituzte zentroan. Antigua auzoko Resurreccion Maria Azkue kaleko 12. zenbakian dago Arteztu, eta oraindik badago kurtsoetan izena emateko aukera.
«Arteak zuk ematen diozuna ematen du». Iker Antiaren hitzak dira, Artezturen sortzailearenak. Arte zentroa ez ezik, artea ere sortu du Antiak; haren azken artelanak ikusi ahal dira Arteztuko galerian. Hilabete amaiera arte ikusi ahal izango da haren argazkilaritza lana, eta, «dena ondo badoa», David Elgea artistaren erakusketa izango da hurrengoa. Gainera, Arteztun tokia dago bere artelanak erakusteko txoko baten bila dabilen edonorentzat. Horretarako, zentroarekin harremanetan jartzea besterik ez dago.
Baina Arteztu ez dute artea erakusteko bakarrik sortu. Helburua artea sortzea eta ekoiztea ere bada. Eta, horregatik, hainbat arlo lantzen dituzten ikastaroak prestatu ditu Antiak: pintura, argazkilaritza, eskulan tailerrak, sormen eremu berriak… jorratzen dituzte; teorian eta praktikan; euskaraz, eta gaztelaniaz ere bai. «Adin guztietako lagunek parte har dezakete; denbora aurrera joan ahala, adinaren arabera antolatutako taldeak edo mailaren araberakoak izango dira agian». Bakoitza bere erritmoan eta bere erara; «sormena eta, oro har, artea, bakoitzak ikas dezakeen zerbait baita». Antiaren ustez, edozein gauzatan bezala, artean ere bakoitzarengan dago ikastea. «Ikasi duzuna aplikatu egin behar da gero». Etorkizunean, ikastaroetan egindako lanak Arteztuko galerian erakustea du buruan Iker Antiak.
Ametsa, beteta
Aspalditik zetorkion Iker Antiari arteari leku bat eskaintzeko ideia. Artearekin lotura zuen zerbait sortu nahian zebilen. Arteaz bizitzeko ametsa bete nahi zuen. Eta lortu du. Arteztu errealitate bihurtu arte «bide luzea» izan bada ere, «ametsa bete dela ikusita animatu egiten da bat». Proiektua gauzatzeko zailtasunak zailtasun, lagunen laguntzak eta martxan hasteko gogoek eramangarriagoa egin dute bidea. Arteztun hasitako ibilbidea berak bakarrik jarraituko du oraingoz Iker Antiak; oraingoz bere «platera betetzearekin nahiko lan» izango duela pentsatzen baitu. Antiaren hamar urteko esperientziak eta Arte Ederrak ikasten emandako lau urteek aberatsagoa egingo dute Arteztu; diruz ez bada, bai behintzat artez.
Arteztu, artearen sorburu eta erakusleiho
Arte galeria izateaz gain, ikastaroak egiteko gune bat ere bada Arteztu; Donostian zabaldu berri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu