Artikutza da Iberiar penintsula guztian euri gehien egiten duen lekua, eta ez Grazalema. Bietan urtean 2.000 mm baino gehiago pilatzen da, baina Artikutzan pixka bat gehiago, batez beste 2.300 mm urtean. Gaur, ordea, ez da euri beldurrik. Bianditz gainean moxalak ere etzanda daude, eguzki galdatan. Eskaseko lepoan 24 BERRIAlagun batu dira itzalaren bila. Nekez egokitu zitekeen egun egokiagorik Artikutzako erraietan barneratzeko. Bero da, bero denez. Pago tantaiek eskainitako guardasol naturala eskertu dute zinez ibiltariek. Oiartzun, Lesaka, Zubieta, Arantza eta Goizueta herrien artean birika bat da Artikutza; burdinazkoak eta ikatzezkoak dira haren zain eta hesteak; mendetan eta mendetan egurra, burdina eta ikatza erauzteko ustiatua izan ondoren, bihotz baketsu bat da gaur egun. Birika, heste eta bihotz, Artikutzaren erraiak erraietaraino ezagutzen dituen mendizalea da gidari: Mikel Arrizabalaga, BERRIAren mendiko kanalean aspaldiko kolaboratzailea.
Behiala burdina ateratzeko erabili zen bide estuko trenaren ibilguari jarraituz egin dituzte lehen urratsak, maldan behera. Berehala heldu dira lehen begiralekura. Granito trinkozko balkoi honetatik mirets daitekeen paisaia zinez da harrigarria: «Bianditz, Izu eta Loitzate ageri dira zirkuan nabarmen, baina badira beste gain eder batzuk barruti berezi eta eder hau beren altzoan gordetzen eta babesten dutenak: Bidango, Pagolleta, Beltzuntza…», azaldu die Arrizabalagak. Elama, Urdallue, Enobieta, Erroiarri eta beste hamaika erreka eta errekastok hondeatutako eztarri sakonak ere begietsi daitezke «milioi bat zuhaitzez estalitako basoen artean».
Heldu dira Planoburura. Hemen da trenaren garajea, hemen da bagonetaz osatutako tren trauskila, hemen dira plano inklinatuaren aurriak, Artikutzako burdina eztarri hauetatik garraiatzeko eginiko ahaleginen lekuko. Trena eraikitzeko lau saiakera eta lau porroten kontakizun xehea egin du Arrizabalagak. «Burdinaren garraioa ez zen errentagarria». Horixe azken ondorioa.

Artikutzako Elama auzoko Berdabioko bordan bizi zen gizonaren istorioa ere kontatu du gidariak, nola bere bordaren inguruko meatze batetik ateratako metalarekin diru faltsua egiten zuen, gero, kontrabandoz, mugaz beste aldera igarotzeko, eta nola salatu zuen Trabuko izeneko beste gizon batek, eta Iruñeko kartzelako atxiloaldian nola moldatu zituen Berdabiok 365 bertso, bat egun bakoitzeko. Eta bat-batean, Mikel Laboa hasi da kantari, Berdabioren bertso horietako bat: «Goizuetan bada gizon bat, deitzen zaio Trabuko...». Eta ordura arte indarrean ari zen kukua ere isildu egin da istant batez, Sekulabelardiko kantaria entzuteko.
«Zein ederra, betidanik ezagutu ditugun kantuen atzean dagoen historia ezagutzea» esan du ibiltarietako batek, bideari berriro heldu eta kukua atzera ere kukuka hasi denean.
Orreagako Kolegiatatik Donostiara
Artikutzako herrigunea begien aurrera zabaldu orduko, harri eta zur geratu dira txangozaleak. Baso honen sakonean halakorik egon zitekeenik! Zutik dira antzinako burdinola izan zenaren inguruan eraikitako etxeak: Olajaundi, Ostatu Zarra, Almandoz, Olazar, Bekoetxe eta, pixka bat gorago, San Agustin kapera. «Erdi Aroan, XIII. mendetik XIX. mendera, Orreagako Kolegiataren esku egon zen Artikutzako barrutia, eta San Agustin egunaren inguruan, Orreagatik Artikutzara etortzen ziren nagusiak, bertakoei errentak kobratzera», azaldu du Arrizabalagak, eta Kolegiataren bi mugarri erakutsi ditu, jabetza horren seinale. «Gaur egun, berriz, abuztuaren 28an, San Agustin egunean, Artikutzan jai giroa nagusitzen da. Egun horretan ateak zabaltzen dira nahi duenak bertara joateko, baimenik eskatu gabe. Urte osoko isiltasuna apurtzen da eta festa giroa nagusitzen da».
Artikutzako inguruotan filmatuak dira Gaua, Bi anai, Amama edo Segoviako ihesa, besteren artean, baita Balbemendi seriea ere. Balbea, izatekotan, erruki gabe gaztigatzen duen eguzkia; gainerakoan, paradisuaren antzekoagoa da Balbemendi hau. Horretan bat datoz BERRIAlagun guztiak, Ostatu Zarreko itzalpean eginiko hamaiketakoan eta berriketaldian.
Enobietako urtegia izandakoaren presan, Donostiako Belle Epoquera eraman ditu Arrizabalagak ibiltariak, hiriaren ur beharrak asetzeko iturburu berrien bila hasi ziren garaira. «1919an erosi zuen Donostiako Udalak barrutia eta 1950-1960 artean eraiki zuten Enobietako urtegia. Gero, ordea, Añarbekoa egin zutenean, erabilerarik gabe geratu zen Enobietako hau, eta 2019an erabat hustu zuten», jakinarazi du gidariak. Eta guztiek aho betezko miresmena agertu dute naturaren aurrean: «Harrigarria da zein azkar berreskuratu duen bere lekua».

Bidezidor zoragarri baten arrastoan, Erroiarriko ur-jauziaren murmurioa bidelagun, harri baten inguruan geldiarazi ditu Arrizabalagak segiziokoak: «Hau ez da mugarri bat, mugarrien mugarri bat baizik. Kortarri bat. Kortak zirkulu perfektuaren formako lursailak ziren, eta erdiko mugarri zentrokide batek adierazten zuen bakoitzaren hedadura», azaldu die.
Azkenik, heldu dira Exkaxpeko paraje zoragarrira. Leku maitea du Arrizabalagak Exkaxpe, eta enbor batean eserita, ingurune honetan bilobei Errekamari agertu zitzaienekoa kontatu die, beste hainbat istorioren artean. Indarrak osatuta, Exkaxeko aparkalekurako azken maldari ekin diote. Hasierako lotsak gainditurik, Algortako, Barañaingo, Bilboko, Ordiziko, Galdakaoko, Berastegiko, Gernikako, Altsasuko eta Etxarri Aranazko mendizaleak berriketa pausatuan doaz, denak nahas-mahasean. Exkaxeko harrera etxera iristear, Artikutzako guardasolaren itzalpetik atera dira, eguzki galdatara. Eta, ibilbidearen ederra eta gidariarekiko esker ona irribarrean ezagun dutela, berriro ere Artikutzako erraietan barneratzeko gogoa sortu zaie istantean.