ATZEKOZ AURRERA

Artisauen durundia

Luthierren azoka egin dute Galdakaon, Musika Bizian jaialdian. Ohiko musika tresnez gain, bereziagoak eta berritzaileagoak ere ikusi eta entzun ahal izan dira.

Haurrentzako tailerra, panderoak egiteko. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Galdakao
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Musika entzun zitekeen karparen azpiko azoka girotzeko. Halako batean, ordea, isildu egin zuten. Bat-batean gitarra soinuak bere egin zituen karpa eta han bildutakoen belarriak. Gitarra soinua bai, baina berezia. Gitarra jotzen, Augusto Gonzalez portugaletetarra. Augusto Katxarrismos lagunentzat. Eskuetan, Carbonell oliba olioaren poto handi batekin egindako gitarra.

Oliba olioaren potorekin egindakoa hartu zuen, baina beste gitarra bereziren bat ere har zezakeen: bi kalabazarekin egindakoa, frontoian jokatzeko palarekin osatua,Cohiba puru kaxarekin egina, Eibarko karabina batekin... Edota makulu batekin egindako harpa afrikarra.

Galdakaoko (Bizkaia) Iturrondo plazako karpan bildutakoek harriduraz behatzen zituzten Gonzalezek erakusgai jarritako musika tresnak. Luthierren azoka egin zuten, Musika Bizian jaialdiko ekitaldien barruan.

Ia edozerekin egin dezake Gonzalezek gitarra bat, musika tresna bat. Perkusio tresnak egiten hasi zen aurrena: paperontziekin, eraikuntzako hodiekin, isurbideetakoekin... «Azkenean, perkusio tresna bat zilindro bat baino ez da, mintz bat jar diezaiokezuna», laburbildu zuen perkusio tresnen funtsa.

Gauza bera egin zuen hari instrumentuekin: «Hari musika tresna gehienek hots kutxa bat daukate, harien uhinak anplifikatzen dituztenak». Izan egurrezko hots kutxa klasikoa, izan Gonzalezen kalabazak, puru kaxa edo oliba olio potoa.

Gonzalezek erakutsi zuen haren musika tresnak bitxiak, bai, baina benetako musika tresnak direla. Kontzertuak ere ematen ditu tresna horiekin. Aspaldian ez. Katxarrismos izena du haren proiektuak. Musika tresnak egiteaz gain, halakoak sortzeko tailerrak ere egiten ditu. Baita perkusio tailerrak ere, pintura ontziekin.

Umetatik datorkio gauzak berrerabiltzeko joera: «Goitibeheren belaunaldikoa naiz; neure jostailuak egiten nituen». Diogenesen sindromea? «Pixka bat bai».

Mahai gaineko musika tresnak salgai zituen. Ez zuen espero bakarren bat saltzerik. Konponketak egiten ditu batez ere.

Gonzalezek bere trasteak erakusten eta entzunarazten zituen bitartean, haur talde bat kartoizko panderoak egiten ari zen, kolarekin eta margoekin.

Danbor berritzaileak

Haien ondoan, egur eta larruzko panderoak; neurri eta molde ezberdinetako danborrak; ttunttunak; txistu beltz distiratsuak; eta musika tresnentzako neurrira egindako zorroak. Berriozarko (Nafarroa) Raul Parientek eginak, Ezpela izenpean.

Ohiko danborrak bai: larruz, sokaz eta egurrez egindakoak, zilindro formakoak. Baina berritzaileagoak ere bai: goiko eta beheko zatiak gorputza baino zabalagoak; egurretik larrura koskarik gabeak, elkarren parean jarritakoak; lokarrien ordez torlojuak dituztenak; eta bakarren bat karbono zuntzarekin egina. Aiko dantza eta musika taldeko kideekin batera sortua: Aiko Drums. «Torlojuen bidez afinatzen dira, lokarriak baino askoz ere zehatzagoak dira», zehaztu zuen Parientek. Bilboko Orkestra Sinfonikoak erabiltzen ditu.

Artisautzan ere bada ikerketa eta garapena. «Ikerketa asko», nabarmendu zuen. «Aikorekin lau urtez egin genituen probak, lortu genuen arte».

Musika tresnak eginez bizi da Pariente. Bere kabuz ikasi zuen: «Neroni dantzaria izan nintzen eta dantza taldeentzako gauzak egiten nituen: txapelak, egurrezko tresnak... Danborrak egiteko eskatu zidaten. Bi urte behar izan nituen soinu ona zuen lehen danborra lortzeko».

Atzokoa, azoka baino gehiago, topagunea zen Parienterentzat: bezeroekin hitz egiteko, konpontzeko tresnak jasotzeko... Gonzalezen modura, ez zuen espero atzo musika tresnarik saltzea. «Zaila da horrelako tresna bat azoka batean saltzea, zaila da azoketan 20 eurotik gorako edozer gauza saltzea», esan zuen, ironiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.