Artista abstraktuaren paisaiak

Jesus Manse margolariaren obra dago ikusgai irailera arte, Zarauzko Torre Luzea dorretxean

Desmayo, Jesus Manseren margolana. BERRIA.
Erredakzioa
2013ko abuztuaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jesus Mansek sinaturiko paisaiak daude ikusgai Zarautzen (Gipuzkoa). Abuztuaren 8an estreinatu zuten erakusketa, eta irailaren 10era arte egongo da ikusgai. Egunero egongo da zabalik, arratsaldez, 18:30etik 20:30era.

Jesus Maria Corman margolari abstraktuaren heteronimoa da Jesus Manse. Iragankorra dena poema sortu du artistak, bere lana aurkezteko. «Begi zorrotz batek milaka urte eman beharko lituzke zelatan, itsasertzeko metro baten aurrean, aldaketa txiki bat antzemateko», dio poemaren lerroetako batek. Eta badirudi begi hori Jesus Manserena dela. Izan ere, bere obraren zati bat itsas paisaiei eskaintzen die. Olatuek, edo hodeiek egiten dituzten forma lausoak «begi zorrotz» horrekin harrapatu eta margotzen ditu. Oso errealista da haren lana, eta kolore xume eta leunez biltzen du arreta paisaietan; elur edo zelai paisaiak ere ikus daitezke.

Donostian jaio zen Corman, eta EHUn Arte Ederrak ikasi eta gero, erakusketa mordoa egin ditu, bai Euskal Herrian, bai bere mugetatik haratago. Corman izenarekin sinatzen du bere lan abstraktua, eta Manse deiturarekin lan figuratiboa. Bere obra Zarautzeko dorretxe gotiko bitxi eta historikoan erakutsi eta gero, Madrilgo Ansorena galerian egingo du hurrengo bakarkako erakusketa, irailaren 17tik urriaren 19ra.

ERAKUSKETA

Noiz. Egunero, 18:30etik 20:30era, irailak 10era arte.

Non. Zarauzko Torre Luzea dorretxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.