Paloma Amann. Grabatugilea eta artista

«Artista oro da autodidakta; ekitea baino modu hoberik ez da ikasteko»

Familiatik datorkio Amanni sorkuntzarako zaletasuna eta gaitasuna; etxea bera izan baitzuen eskola. Lanean erretiroa hartuta, eguneko ordu gehienak tailerrean ematen ditu orain.

JUAAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Alemania iparraldeko herri batean du jatorria Paloma Amann (Gasteiz, 1956) artistaren familiak. Hangoa da Amann abizena. Urteak dira arbasoak Euskal Herrira iritsi zirela: Bilbora lehenik, Gasteizera ondoren; zortzigarren belaunaldia da bera, «gutxienez». Abizenaz gain, ordea, artearekiko eta sorkuntzarako zaletasuna ere jaso du haiengandik.

Noiztik duzu artearekiko eta sorkuntzarekiko zaletasuna?

Betidanik erakarri nau arteak, egia esan. Artisten familia batean jaio izanaren zortea izan dut. Aitaren aldetik, batez ere, oso artista ezagunak izan ziren gehienak: birraitona, aitona, eta nire aita bera. Amaren aldetik ere izan zen artista bat edo beste. Birraitona, baina, marrazkilari oso ezaguna izan zen Euskal Herrian: Jose Isaac Amann. Aitona, Jose Maria Amann Joma, paisajista entzutetsua izan zen. Familiatik datorkidan zaletasuna da, zainetan daramagu. Hala ere, gehienentzat ez da bizi iturri izan, zaletasun osagarria baizik. Bestelako lanekin uztartu dugun afizioa izan da artea guztiontzat.

Margo artean hazi zinen orduan.

Gogoan dut txikitan beti izaten nuela arkatz bat eskuetan. Marraztea asko gustatzen zitzaidan; eskua banuen horretarako, gainera. Eskolan, nire marrazkiak alboko gelakideei erakusten zizkieten kopiatu zitzaten... oraindik harritzen naute une haiek; ez sinestekoak dira! [barrezka dio]. Baina aita eta aitona ere hala ikusten nituen etxean. Aitaren kasuan, esaterako, ez dut astorik gabeko irudirik gogoratzen; margotzen ikusten nuen une oro.

Zer ikusi hura ikasi, beraz.

Hala da, bai. Bost anai-arreba gara etxean, baina nik jarraitu dut artearen bidetik gehienbat.

Zuk, ordea, grabatuak aukeratu zenituen. Noiz eta nola ezagutu zenituen grabatuak?

Aurrez aipatu dudan moduan, sorkuntza lana barruan daramadan zerbait da, baina bestelako lanbide bat izan dut beti: bankuen munduan lan egin dut urte askotan; hori izan da nire ofizioa eguneko ordu gehienetan. Geratzen zitzaizkidan beste apurrak sorkuntzan ematen nituen. Ordura arte, batez ere, serigrafiak, kalkoak, litografiak erakartzen ninduen. Olio pinturekin ere sarritan aritzen nintzen. Baina, halako batean, grabatuekin egin nuen topo. 1996. urtea zen; Gasteizko Arte eta Ofizioen eskolan grabatu eskolak ematen hasi ziren. Izena eman nuen, eta nire sorkuntza modalitatea izango zena ezagutu nuen. Kasualitatea izan zen.

Hala ere, autodidakta gisa definitu izan duzu zeure burua. Zer dela eta?

Ez daukadalako arte ikasketarik; dakidan guztia etxean ikasi dut. Etxea izan da nire eskola, eta familia kideak izan dira irakasle. Oinarrizkoa izan da hori nire ibilbide artistikoan. Hala ere, artista oro da autodidakta, ekitea baino modu hoberik ez da ikasteko.

Gasteizko Arte eta Ofizioen eskolatik atera berritan, Linea 98 grabatu taldea eratu zenuen hainbat ikaskiderekin batera. Horri esker egin zenituen zure lehen erakusketak.

Bai, hala da. Talde gisa egin genituen lehen erakusketak, baina bakoitzak bere bideari ekin zion berehala. Grabatu egileen talde bakarra zen hemen inguruan Linea 98. Grabatuak ez baitira oso ezagunak; jende askok ez daki zer diren ere. Grabatuak ezagutzera eraman nahi genituen; hori zen gure asmoa.

Ordutik hainbat erakusketa egin dituzu, eta ez denak Euskal Herrian. Porton (Portugalen) ere erakutsi zenituen zure artelanak. Bada zerbait sorkuntza zaletasun duen batentzat...

Bai, bai. Portoko hura oso berezia izan zen, gainera. Ez nuen inoiz esango halakorik egiteko gai izango nintzenik, profesionalki ez bainaiz artista izan inoiz. Bigarren ogibidea izan da niretzat.

Nolakoak dira zure grabatuak? Zein ezaugarri izaten dituzte?

Oso abstraktuak egin izan ditut. Nire adierazteko modua da. Ez dut inoiz aurretiazko marrazkirik egiten, unean unekoa egin izan dut beti: bat-batekotasunean jarduten dut, batez ere. Kolorea ere oso gustuko dut. Grabatu bakarrak egiten ditut, gainera; hau da, kopia bakarrak. Ez da oso ohikoa grabatuak egiten dituztenengan. Berandu hasi zinen erakusketekin. Zaila izan zen arte munduan tarte bat egitea?

Ez nuke esango zaila izan zenik. Aurrez esan bezala, ez nuelako bestelako helbururik nik nire lanez disfrutatzea baino. Gerora iritsi den guztia ongi etorria izan da, eta esku zabalik hartu dut nik ere. Nire obrak ikusgai jarri ditut horretarako erraztasunak eman dizkidatelako. Egia da, hala ere, artearen munduan lehiakortasun handia dagoela; gehiegi, agian.

Non edo zertan inspiratzen zara sortzeko?

Barrutik ateratzen zait; hori da sortzeko dudan modurik onena. Unean uneko sentimenduez baliatzen naiz, ez dut gehiegi pentsatu beharrik izaten. Zaila da azaltzea, egia esan. Badira egun batzuk ezer egiteko gai ez naizela, eta beste batzuetan, ordea, nahiago izango nuke ez geratzea; horrelakoak gara artistok.

2004 eta 2008 artean Arabako Arte Ederren eta Artium museoen Lagunen Elkarteko lehendakari izan zinen. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Elkarteko kide izan nintzen aurrena, eta lehendakari izateko eskatu zidaten berehala. Lan instituzionala zen, batez ere; erraz egitekoa. Oso oroitzapen onak ditut. Talde sendo bat eratu genuen, eta hainbat ekintza antolatu genituen Araban artea sustatzeko asmoz. Hasiera batean, museo bakoitzak bere lagun elkartea zuen. Nik kargua hartu nuenean, ordea, elkartu egin ginen.

Zergatik? Zein helbururekin?

Araban ditugun bi museorik garrantzitsuenak direlako. Artium eta Arte Ederren museoa, biak indartu eta sustatu behar genituen. Artistontzat oso garrantzitsua baitzen hori. Harreman ona genuen elkarrekin, eta hainbat ekitaldi antolatu genituen: bisita gidatuak artistekin, beste museoetara irteerak... Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin elkarlanean, betiere.

Nola ikusten dituzu bi museoak egun?

Primeran, egia esan. Ikaragarriak dira bi museoek dituzten funtsak; kalitate handiko obrak dituzte. Aukera handiko erakusketak izaten dituzte. Arabar eta artista gisa, harro sentitzen naiz halako bi museo Gasteizen izateaz.

Hain zuzen, Arabako Foru Aldundiko Museoetara bideratutako funtsak eskuratzeko aholkularitza batzordeko kide ere izan zinen. Beraz, lehen eskutik ezagutuko dituzu obra horiek.

Hala da, bai. Oso gertuko ditut obra asko.

Erretiroa hartu duzu orain gutxi. Sorkuntzara bideratuko duzu denbora guztia orain?

Bai, buru-belarri sartuta nago orain horretan. Gozatu egiten dut egunerokoan tailerrean sartuta. Artista handiek ere hala esaten dute: inspiraziorik onena lanean aurkitzen da; ekiten. Denbora gehiago dut grabatuei eskaintzeko orain. Zalantzarik ez daukat gauza berriak aterako direla, proiektu berriak. Talde berri bat eratu dugu gainera.

Nola ezagutaraziko zenuke grabatuen modalitatea?

Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut Gasteizko tailerreko ateak irekitzea. Gure ingurukoek ezagutzen dute lana, baina, oro har, ez dira oso ezagunak grabatuak margoekin alderatuz gero. Izan ere, grabatuan emaitza garrantzitsua da, baina prozesu guztiaren berri izatea da politena. Ni horrek erakarri ninduen bere garaian: xaflekin aritzea, esperimentatzea... Eta, horrez gain, erakusketak antolatzea da egokiena. Lanak ikusgai jartzea baino modu hoberik ez dago horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.