Udako seriea. Literatur ibilbideak (II)

Artxandako hegalpean barrena

Gabriel Aresti idazlea bizi zeneko kalean gora abiatuko da ibiltaria, eta Artxanda mendi aldera urratsak egingo ditu. Ez baita alimaleko mendia, desnibela leunduko zaio zuhaitzen arteko galeriak lilura hartuta, tipi-tapa dabilela.

Behatoki batzuk egokitu dituzte Bilboko ikuspegiaz gozatzeko. JOSEAN GIL-GARCIA
Behatoki batzuk egokitu dituzte Bilboko ikuspegiaz gozatzeko. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Bilbo
2026ko uztailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Gabriel Aresti Bilbo hirian jaio zen, 1933ko urriaren 14an, Barroeta Aldamar kaleko 2. zenbakian. Zortzi urte zituela, euskara deskubritu zuen halabeharrez. Euskara ikastera deitu zion barrenak, eta, gramatika eskuan, buru-belarri aritu zen. Alfonso Irigoienen ekimenez, Euskaltzaindiak bere harri koskorra ekarri zion gazteari, eta euskal letretan nagusi ziren hainbat idazle klasikoren lanak eskura jarri zizkion. Besteak beste, Altuberenak, Azkuerenak eta Axularren Gero ezaguna.

Ibilbide literarioak - Artxanda

Arantzarik gabeko arrosarik ez denez, Arestik hartutako ibilbidea oztopoz beterik egon zen hasieratik: frankismoak, gupidarik gabe, denbora luzeko itzala eman baitzion gazte grinatsuari. Edonola ere, 19 urte zituela, lehen bi sonetoak idatzi zituen, Jon Kortazar euskal literaturaren katedradunak ikertu duenez. Bi poema horiek, beraz, zaharrenak dira. 1954 eta 1958 bitartean beste zenbait soneto euskaraz argitaratu zituen Arestik, Maite-gurpila izenekoa haien artean. 1959. urtean, Maldan Behera poema sorta sinbolista bikainarekin sari bat irabazi zuen. Bertsolaritzaren eta poeta zaharren eraginpean idatzitako testuak idatzi zituen aro honetan, Jon Kortazar EHUko katedratikoak azaltzen duen legez.

Une batez Arestik erabaki zuen poesia sozial eta konprometiturantz bira eman behar zuela, eta frankismoari aurre egiteko espresuki idazten hasi zen. Izan ere, Blas de Oteroren poemak irakurtzeak iraultza handia eragin zion Arestiri, batik bat estetika mailan. Gerra garaiko Bilbo hirian bizi zen idazlea, eta hiriari osoki lotua zegoen. Oterok eta Zelaiak bezala, irakurleari mezu argi bezain iradokitzailea helarazi nahi izan zien poeta bilbotarrak. Izan ere, oso kontzientea zen purismoak hizkuntzaren heriotza ekarriko zuela. Horregatik, hizkuntzak argia eta klaroa behar zuela izan ezinbestean deliberatu zuen.

Gabriel Arestiren omenezko plaka Barroeta Aldamar kalean ikus daiteke. JOSEAN GIL-GARCIA
Gabriel Arestiren omenezko plaka Barroeta Aldamar kalean ikus daiteke. JOSEAN GIL-GARCIA

Harri eta herri (1964) izango da Arestiren lanik garrantzitsuena. Poesia hurbila baliatuko du herriaren ahotik debalde hartu eta herriaren belarriari debalde emateko. «Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela». Harriak euskaldunen batasun politikoa ere sinbolizatzen du, eta batez ere frankismoaren aurkako erresistentzia. Gai sozialaren bideari ekin zion saiatuki Arestik. Horren haritik, liburuko Souvenir d'Espagne pour Mesdemoiselles Solanje et Helena Gereziaga poema oso adierazgarria da. Akaso Iparraldetik etorritako bi ahizpa Bilboko Arte Ederretako Museoan edota Ingelesen Landaren inguruan zirelarik, Bilbo hiriaren bikoiztasuna eraman zuten etxera oroigarri gisa: aberastasuna eta pobrezia.

Euskal Harria (1967) obrak, 120 poema biltzen zituenak, ez zuen zentsuraren langa gainditu, eta hainbat zuzenketa eta ezabatze jasan zituen. Agustin Ibarrolaren grabatuak barne. Harriaren sinboloa bitarteko, poesia egitura nahi zuen Arestik zilegia ez zen munduaren aurrean irmoki erantzuteko. Beraz, 1962tik 1970erako aroan harriaren zikloari ekin zion Bilboko poetak. Artxanda mendiari begira ere jarriko da Aresti, bizitzari eta heriotzari buruzko hausnarketa egitearen kariaz. Poema bat eskainiko dio mendiguneari, irakurlea paradoxa krudelaren aurrean jarrarazteko xedez. Segidan, Artxanda mendian barrena ibilaldi bat egingo du bidaiariak Bilboko zoko-moko horiek gogoan izan ditzan.

Bilbotik Artxanda aldera

Bilboko Intermodal autobus geltokian hasiko du oinezkoak ibilbidea. Lur azpiko tuneletik irten eta Sabino Arana kalean behera eginda, Euskalduna jauregia parez pare izango du ibiltariak. Abandoibarreko etorbidean aurrera jarraituko du gero. Zubiarte zubiaren azpitik igaro ondoren, Evaristo Txurruka kaira helduko da berehalakoan. Ezki hostotsu eta usaintsuak gogaide, Bilboko itsasadarraren paraleloan jarraituko du, harik eta Ingelesen Landako pasealekuan altxarazitako Guggenheim museora iritsi arte.

Kaitik jarraituko du segidan eta Uribitarte pasealekua gidari hartuko du, Udaletxeko zubiraino heldu arte. Gabriel Aresti jaio zeneko Barroeta Aldamar kalea Pio Barojari eskainitako plaza xumearen ondoan dago, aduana izandako eraikin handiaren aurrean. Aresti poetaren omenezko plaka bat irakurtzeko parada dago han, 2 zenbakia daraman atarian bertan. Bisita egin ostean, Udaletxeko zubira itzuli eta ibaiaz beste aldera igaroko da. Bertan dagoen biribilgunean, Kintana kalea hautatu eta Etxebarriako parkera igotzen hasiko da. Begoñako barrutian dago parkea, altzairuzko galdategi zahar baten orubean egokitua. 80ko hamarkadan Bilboko hirian izandako birmoldaketa industrialaren ondorioz sortutako parke publikoa da, eta gaur egun Bilboko parkerik handiena. Behin tximiniaren ondoan, ezkerrera jo eta, Zumalakarregi etorbidean gora egin ordez, bidaztiak Guridi musikariaren plazara bideratuko ditu bere pausoak. Gero, Zurbaran kaleari men egingo dio eta, azkenik, Alberca doktorearen kalean zehar jarraituko du. Kale estuan sigi-saga, Landetabideari bizkor lotu eta kalean gora abiatuko da bi aldiz pentsatu gabe. Kalea amaituta, eskailera sorta batek errepide batean jarriko du ibiltaria, Lezamako trenbide zaharreko bidean, hain justu ere. Bilbo hiria inguratzen duen GR-288 zidorraren nondik norakoak irakurtzeko parada izango du han. Muralaren eskuinetik hartuko du Landetabidetik jarraitzen duen bide aldapatsua.

Etxebarria parkeko urmaela eta Etxebarria industriaren tximinia luzea. JOSEAN GIL-GARCIA
Etxebarria parkeko urmaela eta Etxebarria industriaren tximinia luzea. JOSEAN GIL-GARCIA

Porlanezko eskaileretan gora, bazterrak janzten dituzten zuhaitzez gozatzeko estakuru ederra izango du oinezkoak. Galeria eder bat osatuko dute hurritz trinkoek eta zumar hostotsuek. Baita haritzen enbor zimurtsu eta arrakalatsuek ere. Ahaleginaren ahaleginaz, Avril auzora doan hartxintxarreko bidera irtengo da. Auzora joan ordez, ezkerretik doan bidea hautatuko du, eta Artxandarantz abiatuko da pauso geldoak emanez. Bidebanatze batera helduko da berehala. Artxandako parkera doan bide harritsua laga eta errepidetik segituko du Artxandako tontorrerantz. Enekuri-Artxanda errepidearekin bat egitean, Aretxabaleta bideari ekingo dio. Artxandako igerileku eta kiroldegira iritsiko da zoli eta zalu. Platanondoak, ezkiak, lizarrak, akaziak eta haritzak, besteak beste, hazten dira han, bizilagunek begiko duten berdegune ederrean.

Artxandako funikularrera doan bideari oratuta, Artxandako begiratokirantz egingo ditu gero urratsak. Bilboko Burdin Hesia zidorrarekin bat egingo du hantxe bertan. Artxandako begiratokira hurbilduko da, handik goitik Bilbo hiriaren gaineko ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera izango du eta.

Pikotamenditik behera

Behatoki aparta ezkerrean laga eta asfaltoaren bazterretik jarraituko du ibiltariak, Pikotamendi parkerantz. Ibilian hasi eta metro gutxira, Artxandako lubakia ikusiko du akaziek, pinuek eta altzifreek maskaratuta. Burdin Hesia Eusko Jaurlaritzak eraiki zuen, 1936an, tropa frankistengandik Bilbo defendatzeko. Defentsak porrot egin bazuen ere, Artxanda mendia gakoa izan zen Bizkaiko historian. Beraz, memoria historikoa berreskuratze aldera ikur bilakatu da Artxandako parajea. Horiek horrela, gerra zibileko elementuen inbentarioa egin ostean, arkeologiazko indusketak abiatu ziren Bilboko birika horietan, baita Artxandako eta Avril mendiko lubakietan ere. Beraz, lubaki baten zati bat ikusiko du han, zuhaitzetan ondo bermatua.

Enekurira doan errepidearekin topatuko du gero. Errepidearen paraleloan jarraituko du eta, Pikotamendiko parkera iristean, muino bera ezkerraldetik inguratu eta hariztian behera egingo du. GR-288 zidorrarekin topo egingo du beherago, basabide batekin elkartutakoan. Eskuin-ezker egin gabe, basabidea gurutzatu eta zuzen jarraituko du goratasuna galtzen. Begiratoki egokitua igaro eta berehala, eskuinera egin eta bide nagusiari men egingo dio. Bidearen azken zatia porlanez jantzita ikusiko du eta, paseo lasaiaren ostetik, Artxanda mendia hondeatzen duen tunelera iritsiko da. Autobia eta trenbidea zeharkatuta, Salbeko zubia aurrez aurre izango du. Ibaiadarraz bestaldean Guggenheim museoa ageriko zaio. Zubiaren zutabea kiribiltzen duen eskailera zorabiagarrian behera eginda, Unibertsitate etorbidera jaitsi eta Deustuko zubia baliatuta, ibilbidearen abiapuntura iritsiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA