Urriaren 13tik ihes eginda dauden bi txakurrek hamabost artalderi eraso egin eta 70 ardi baino gehiago hil dituzte Eskoriatza (Gipuzkoa) inguruan. Inguruko artzainek azaldu dute itxuraz arriskutsuak ez diren bi txakur izan direla erasoak egin dituztenak, eta Ertzaintzak eta basozainek gertatukoaren berri izan arren oraindik ere solte dabiltzala mendian.
Nafarroatik, Arabatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik joandako artzainek hartu dute parte gaur Eskoriatzan egindako prentsaurrekoan, eta salatu dute arazoa "zabala" eta "orokorra" dela. Nabarmendu dute sarritan izaten direla txakurren eraso bakartuak artaldeetan, mendian eta baserri inguruko zelaietan.
Egoera hori dela eta, aldarrikatu nahi dute gizarte osoaren kolaborazioa beharrezkoa dela arazoari aurre egiteko, eta oso handia dela zenbait txakurrek artzainen ekonomian egiten duten kaltea. Horrez gain, argi utzi dute administrazioaren eta basozainen inplikaziorik eza eta utzikeria.
Joan den urriaren 27an, hogei bat ardi hil ziren elurretan harrapatuta, aske zeuden hiru txakurrek ikaratu ostean. Ganaduzaleek kontatu zutenez, hotza zetorrela eta, ardiak Gorbeiatik behealdeko zelaietara eramaten ari ziren. Hurrengo egunean itzuli ziren, baina ardi asko falta zirela konturatu ziren. Antza denez, hiru txakur haien atzetik hasi, eta ardiek korrika egin zuten ihes mendian gora. Elurra hasi, eta azkenean harrapatuta geratu ziren azpian.