Hesiodo idazle klasikoak kontatzen zuen gizakiak bost aro igaro zituela bere historian. Urrezko aroa zen lehena, zilarrezkoa zetorren ondoren, brontzezko aroa hirugarren, eta heroien aroa gibeletik. Azkena, idazleak bizi zuen aroa, hain zuzen, burdinazko aroa zen, guztietan endekatu eta hitsena, garai hobeak igaro ostean geratzen zena.
Ikusi gehiago
Gasteiz larunbat goizean ikusita, tentagarri suertatzen da Hesiodoren aroekin paraleloak egitea. Izan ere, jaietako bosgarren eguna da, eta festaren urre gorrizko eta zurizko aroak igaro dira. Atzean utzi dituzte gasteiztarrek txupinazoaren eguna, Andre Maria Zuriaren eguna eta txikien eguna. Burdinazko bosgarren egunaren goizean, mortu ageri dira kaleak. Larunbata izaki, toki gutxi daude zabalik, eta lehen egunetako pertsonaia heroiko horiek, gaueko parranda goizera arte luzatu eta gosariarekin lotzen zutenak, gero eta urriagoak dira, galzorian den espeziea bilakatzeraino. Andre Maria Zuriaren plazan soilik ikus daitezke gazte bakan batzuk, Jason eta Argonauta galduak nola, gaueko abentura epikoan etxeko Kolkidara bidea aurkitu ezinda.
Hori dena ikusita gaurkoa burdinazko eguna dela pentsatzen duena, ordea, oker dabil, ez baitu beteranotasunaren indarra behar bezala ohoratu. Abuztuaren 8a blusa eta neska beteranoen eguna baita, eta, gazteenak bezain goiztiar —edo berantiar, nondik begiratzen zaion— ez badira ere, haiek ere festarako gogoa dute. Horrela erakutsi dute gaur goizean ere, apurka-apurka hasi baitira kalera irteten, bikoteka edo taldetxoetan, bost festa egunen ondoren akituriko gazteei erreleboa emate aldera.
Meza eta aurreskua
Gazteek blusen eta nesken egun handian egin bezala, beteranoen eguna ere modu txit tradizionalean hasten da. Bederatzietan daude mezara deituta adinekoak, eta askok ez dute huts egiten, tradizioari men egiteagatik bada ere. Irribarre bihurria eginda onartu du Juana Gonzalez de Audikanak normalean ez dela mezetara joaten urtean zehar. Urtero joaten da, ordea, San Migel elizan meza entzun eta gero Andre Maria Zuriari agur egitera. «Bekatu bat edo beste egin baino lehen hobe da zeruarekin zorrak kitatzea», esan du, jostalari, 92 urteko andereak.

Eliztarren eiteak ikusita, badirudi batek baino gehiagok Gonzalez de Audikanaren ideia berbera duela buruan bueltaka: mezan eta aldarera begira daude, bai, baina ez dirudi apaizaren homilia amaigabeari kasu handirik egiten diotenik. Askok, sarreran banaturiko kafesnea eskuan, atera begiratzen dute tarteka, irteteko baimena noiz etorriko zain. Festarako gogoa nabari da airean.
45 minutuko liturgiaren ondoren, azkenik, burutu da elizkizuna, eta kanpora irten dira, gogoz, uniformedun blusak eta neskak. Dantzatu diote aurreskua Andre Maria Zuriari, eta, ausardia handia erakutsita, neska beterano batek Andre Mariaren eskulturaraino daraman eskailera dardartia igo du. Bozgorailua eskuan, festara batzeko deia egin die blusa eta neska beterano guztiei. Horrela hasi dute eguna goiztiarrenek, asaben gomutaz, festarako zina eginez.Â
Zamari gazteari, zaldun zaharra
Eta esandako hitza bete dute beteranoek, goizean zehar kalez kale ibili baitira, kantuan eta dantzan, festa giroa berotzen. Esaera zaharrak dio zamari gazteari zaldun zaharra ezarri behar zaiola, adieraziz gaztetasunaren suhartasunak sarri zahartzaroaren jakinduriatik lortzen duela onura bat edo beste. Atzokoa ere izan zitekeen gazte beroentzako ikasgaia, blusa eta neska beteranoek erakutsi baitzuten posible dela jaiez patxada ederrean eta gehiegikeriarik gabe gozatzea.
Gazteek tarteka zaharren adibideari men egin dieten erakusgarri, eguerdi partean «astinalditxo beteranoa» izeneko dantza lehiaketa antolatu du Nekazariak kuadrillak Probintzia plazan. Beste behin ere Gasteizko festak goritzen zituen eguzkiari erronka eginez, bikote beterano ugari animatu dira izena eman eta parte hartzera. Gerri-aldakak abiada bizian mugitu dituzte saltsaren eta boleroen erritmoan, jirabirak eta ziabogak eginez. Adinekoen sasoia ikusita, bikote gazte bat baino gehiago ere animatu da lehiaketan izena eman eta zaharrekin batera dantza egitera. Belaunaldi ezberdinak bat eginda ikusi dira, orduan, Gasteizko erdigunean dantzan.Â
Dantza egitera animatu denetako bat da Josetxo Luzuriaga, Mari Carmen emaztearekin batera gerturatu baita plazara. Ez dira irabazleen artean egon, baina berdin-berdin gozatu dute. «Ematen du gazteriak duela beti protagonismoa jaietan, baina helduok ere badugu zer esana eta egina. Jaiak, izan ere, guztiontzako dira, eta ez dago zertan 20 urte izan beharrik behar den moduan disfrutatzeko!», adierazi du Luzuriagak, dantza egin ondoren izerdi patsetan zela. Â
Bakoitzak badu, bai, jaiez gozatzeko modu propioa, eta horixe geratu da agerian beteranoen egunean. Batzuek eskeletoa dantzan mugitzen, beste batzuek makuluaren laguntzaz edo gurpil aulkian batetik bestera ibiltzen, bakoitzak bere erara bizi izan du jaietako egunik beteranoena. Jaiak gaztetako parrandarekin lotzen diren garaiotan, festaz gozatzeko adinik ez dela gogorarazi dute blusa eta neska beteranoek gaurko egunean, eta jaiak guztientzako direla erakutsi. Ez da, beraz, Hesiodok iradokiko lukeen bezala, jaietako bosgarren eguna burdinazko eguna, blusa eta neska beteranoek burdinazko sasoia dutela erakutsi badute ere. Jaietan ere asabekin gomutatzea ez baita gaitz.