Asfalto-meategiak gogora

1856an aurkitu zuten lehen asfaltozko zaina Arabako Mendialdean, eta nagusi bilakatu zen asfalto-meategien industria. Atauriko herri plataformak ingurunea leheneratu nahi zuen, eta, orain, foru aldundiak meategi bat eraberrituko du. Herritarrek ibilbide bat egitea ere proposatu dute.

San Ildefonsoko meategia. 1856an aurkitu zuten San Ildefonson asfaltozko lehen zaina. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Atauri
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ez dira aski ezagunak hainbatentzat, baina asfalto meategiek sekulako garrantzia izan zuten Arabako Mendialdean bi mende atzera eginez gero. XIX. mendearen erdialdera, herritar batek jakin zuen bertako geologiaren ezaugarriei esker arroketan asfaltoa naturalki sortzen zela, eta, orduan, inguruak ustiatzeari ekin zioten. Orduko meategirik ezagunenak Ataurin daude, baina beste inguru batzuetan ere badaude. Horiek eragin zuzena izan zuten herrietan eta herritarrengan, hainbat izan baitziren meategietan lanean aritu zirenak. Orain, horietako batzuk berreskuratzeari ekingo diote, herriaren memorian gelditu daitezen.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak hitzarmen bat adostu zuten joan den udazkenean, eta Ataurin dagoen Luzia meategia berreskuratzen hasiko dira, duen ondare geologikoa, paisajistikoa, historikoa eta industriala gogoan izanda. Haien helburua da lanak 2023ko udarako amaitzea, eta, era horretan, meatze paisaien ingurumena lehengoratzea, diputazioak aldizkari ofizialean jasotakoaren arabera. Izan ere, BERRIA-ri jakinarazi dio ez duela adierazpenik egingo harik eta aurkezpen ofizial bat egin arte. Hala ere, haren aurretik, herritarrek egin zituzten lehen urratsetako batzuk: proposamenak eta eskariak.

2015ean hasi ziren martxan herritarrak, meategien ingurua berreskuratzeko asmoz, baina ezin izan zuten aurrera jarraitu, ez baitzuten laguntzarik. Halere, lanean jarraitu zuten, eta 2019an Atauriko meategiak, atzo, gaur eta bihar? herri plataforma aurkeztu zuten. «Gure historia eta gure meategiak berreskuratu nahi genituen, baina, hori lortzeko, laguntza ekonomikoa behar genuen, eta batzar nagusietara jo genuen», azaldu dute Naiara Prieto eta Ruth Ibisate egitasmoko kideek. Proiektua aurkeztu, eta hitzarmen bat erdietsi zuten bi aldeek. Orduan hasi ziren elkarlanean. Arabako Foru Aldundiak meategietako bat eraberritzea erabaki du. Herritarrak ados daude, baina haien apustua ibilbide bat sortzea ere bada.

Hasiera, San Ildefonson

Ibilbidearen helburua, besteak beste, ingurune naturaletan barrena meategien historia ezagutzeko aukera izatea da, eta, horretarako, lehen geldiuneetako bat San Ildefonso herria da, Korres eta Atauri herrien artean. «Herritar batek bertan aurkitu zuen 1856an lehen aldiz asfaltozko zain bat, eta aitzindaria izan omen zen; apaizarengana jo zuen aurkikuntzaren berri ematera, eta hark esan zion eremu horretan zerbait interesgarria zegoela», adierazi dute plataformako kideek. Bi urte geroago, bertan eraiki zituzten lantegia eta meategia, baina beste eremu batzuetara ere zabaltzeko asmoarekin. Era horretan, urte batzuen buruan sortu ziren Berta, Alizia, Luzia eta beste hainbeste meategi; hogei inguru izatera iritsi ziren. Halere, lantegi hura itxi egin behar izan zuten industrializazioarekin batera, 1913an, ez baitzen jasangarria.

Ibisatek leku horietan sortzen den asfalto naturala izan du hizpide, eta zehaztu du lotura «zuzena» duela inguruko geologiarekin, baina, batez ere, Maeztuko diapiroarekin: «Gatz arrokek osatzen dute, eta material hori igo egiten da, dentsitatearengatik; horrek goiko geruzak apurtzen ditu, eta asfaltoa ateratzen da». Haren arabera, hori ikusteko lekurik aproposena Luzia meategia da, asfaltoa likido eran ikus daitekeelako. Izan ere, beste eremu batzuetan arrokak apurtu egin behar dira asfaltoa lortzeko. «Leku batean pilatutako portzentajea txikia bazen, asfalto blokeak egiten ziren, eta betuna ere gehitzen zitzaion, aberatsagoa zelako; handiagoa izanez gero, baldosak egiten ziren», adierazi du Prietok. Baina emaitza hori lortzeko, prozesu bati jarraitu beharra zegoen.

Materiala lortzeko pausoetan, Ibisatek azaldu du mendi barrenak izan zirela hasieran nagusi: «Materiala, hasiera batean, galerietatik ateratzen zen, baina, gerora, aire zabaleko meategietan hasi ziren lanean, arroketan zuloak egiten eta dinamitak sartzen». Hortik ateratako materiala astoek garraiatzen zuten lehen urteetan, baina animalia horiek ere ba omen zekiten noiz amaitzen zen beren lan jarduna: «Ordu batetik aurrera, gelditu, eta ez ziren mugitzen; hori dago idatzita». Gerora, makineria modernoagoa lortu zuten, eta aurrerapenak egin ziren. Gainera, San Ildefonsoko lantegia itxi baino lehenago fabrika bat eraikitzen hasi ziren Ataurin. 1911n hasi ziren lanekin, eta martxan egon zen, 1940an erre zen arte, baina eraikin berriak egin zituzten. Eta lekua ere estrategikoa izan zen: 1928an Vasco-Navarro trenbidea eraiki zuten, eta geltokia alboan zuten.

Lana eta oihartzuna

Hainbat urtez egon zen meategien industria martxan eremu horretan, baina, garai hartako testuinguruak bultzatuta, etenaldiak ere izan zituen. 1930eko hamarkadan, esaterako, ia gelditu egin zen ekoizpena, sektorean krisia egon zelako, eta 1936ko gerrak larriagotu egin zuen egoera. Hala ere, azkenean, indarra berreskuratzea lortu zuen. «Oihartzun handia izan zuen nazioartean; irakurri dugu Brasileraino iritsi zela Atauriko asfaltoa, eta Parisko kaleetan ere hemengo baldosak omen daude», azaldu du Ibisatek. Hark «iraultza» gisa izendatu du urte horietan gertatutakoa, eta erantsi du nazioartean ez ezik meategiek «historikoki» eragina izan dutela lurraldean bertan ere.

Hain zuzen, 80 pertsona inguruk egiten zuten lan lantegian, Prietoren arabera: «Langile batzuk kanpotik etorri ziren, familiekin, eta lantegietan zegoen etxe batean bizi ohi ziren gehienak; baina beste asko bertako herritarrak ziren». Plataformako kideak azaldu du herritar horiek goizetan meatzeetan egiten zutela lan, eta arratsaldeetan, beren lurretan.

Hain zuzen, emandako informazioaren arabera, lantegia 24 orduz zegoen martxan, eta hiru txanda egiten zituzten, zortzi ordukoak. Langileburuak ere bazeuden, baina ez zuten formazio espezifikorik; urteetako esperientziak agintzen zuen. Are, badirudi igandeak baliatzen zituztela ustiatzeko inguru posibleak bilatzeko, produkziorik ez zegoela aprobetxatuta.

Plataformak, beraz, argi du industria hark herria biziarazi zuela. Prietok jarri du adibide bat: «Lantegian 80 pertsonak egiten zuten lan, eta orain, Ataurin 30 pertsona inguru bizi gara, pentsa...». Hala ere, azaldu dute beste herri batzuetan ere bazeudela meategiak, hala nola Elortzan, Lozan eta Urizaharran, eta, beraz, uste dute, oro har, Arabako Mendialdean izan zuela eragina. «Inportantzia handia izan zuen, eta, egun, hori ere nabari da; garai batean edo bestean izan, edo modu batean edo bestean, inguruko ia herritar guztiek izan dute harremana meategiekin: aitona-amonek, gurasoek edo haiek». Zehaztu dute egun Ataurin badela bertan lan egin zuen herritar bat.

Lehengoa berreskuratu

Beraz, plataformako kideek uste dute funtsezkoa dela meategiekiko lotura sentimental hori berreskuratzea: «Saiatu gara ondare ez-material hori berreskuratzen, baina pixka bat berandu gabiltza testigantzak jasotzeko, lantegia ezagutu duten asko hil egin baitira», esan du Ibisatek. Beharrezkotzat jotzen dute memoria ariketa baterako urratsak egitea eta bidea kolektiboa izatea, herriarena.

Hala ere, aitortu dute orain diputazioarekin harremana dutela, eta informazioa ere trukatzen dela, proiektu baten aberastasuna erdiesteko erarik egokiena hori izan daitekeela argudiatuta. Are, erantsi dute Arabako Foru Aldundiak eskualderako jarduketa plan bat duela, eta, beraz, espero dute orain hasitako bideak jarraipena izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.