Jantzi beltzak atzean utzi ditu, ez baitago lanean. Lanean ari ez arren, Psilocybe musika elkarteko estudioan murgilduta dago Mikel Iturria Herrera (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Soinu teknikaria da, eta udan ez du oporretarako denborarik. Herriko jaiak, jaialdiak, kontzertu solteak... Jendea musikaz gozatzen dabilenean, bera lanean ari da. Kameren lehen planoak musikarientzat izaten dira, baina denbora guztian lanean dihardute teknikariek, batzuetan ikusezinak izan arren.
Zergatik doa soinu teknikaria beti beltzez jantzita?
Protagonista musikaria delako.
Beraz, bigarren planoan zaudetela sentitzen duzue?
Faktore asko sartzen dira hor. Era guztietako musikariak daude. Batzuekin erosoago sentitzen zara, eta beste batzuekin ez hainbeste.
Baina zuen lana ezinbestekoa da, ezta?
Kontzertua aurrera eraman nahi bada, bai.
Nola antolatzen duzue lana?
Gure jardunak hiru fase ditu. Lehenengo, muntaketa lanak daude. Ondoren, kontzertuan bertan egin beharreko lana, eta, azkenik, desmuntatzea.
Noiz hasten da muntaketa?
Kontzertu eguna baino lehen hasten da lana. Behar duten materialaren zerrenda bat bidaltzen digute musikariek, eta lehenengo aztertu behar dugu ea haien beharrak asetzeko gai garen. Materiala prest dugunean, kontzertuaren egunean, dena furgonetan sartu, eta kontzertuaren lekura joaten gara. Furgonetan ere dena ordenatuta jarri behar da, ondoren, ateratzerakoan, denak zentzua izan dezan.
Kontzertuaren lekura iristean, oholtza biluzik aurkitzen duzue, ezta?
Hori da. Guk jantzi egin behar dugu. Muntaketan hiru edo lau ordu eman ohi ditugu, dena prest eduki arte. Ondoren, soinu probak egiten dira.
Soinu probak beti dira beharrezkoak?
Noski. Dena probatu behar da, bestela salduta gaude. Jakin behar dugu denak ongi funtzionatzen duela, eta bestela, oker dagoena aldatzeko denbora izan behar dugu. Taldeek ordubete inguruko soinu probak egiten dituzte.
Kontzertua hasten denean, zein da zuen eginkizuna?
Hiru postu izaten ditugu normalean. Entzuleen artean teknikari bat egoten da, eta hark kontrolatzen du publikoan soinua nola entzuten den. Beste teknikari batek musikariek zer-nola entzuten duten kontrolatzen du, oholtzan dauden monitoreen bidez. Eta, azkenik, oholtzan beste teknikari bat egoten da, beharrezko aldaketak egiten. Baina soinua ez ezik, argiak ere gure esku egoten dira. Normalki, taldeak ez badu espresuki zerbait eskatzen, argi sistema estandar bat erabiltzen dugu.
Zer funtzio du ikusleen artean egoten den soinu mahaiak?
Soinu mahaiaren bitartez soinua prozesatzen dugu. Gauza asko egin ditzakegu: soinua ekualizatu, bolumena kontrolatu, konpresoreak erabili... Mikrofono bakoitza bakarka kontrolatzeko ahalmena ematen digu, eta horrela, bakoitzaren bolumenarekin jolastekoa. Gustuz egin beharreko lana da, ez ditugu-eta entzuleak gortu nahi. Soinu materiala ere zaindu egin behar dugu; izan ere, potentzia gehiegi ematen badiogu, baliteke materiala haustea.
Beraz, zuek erabakitzen duzue nola entzungo duten entzuleek?
Musikarien eta teknikarien arteko elkarlana da. Musikariek beren proiektua eskaintzen dute, haiek sortutakoa, eta hori errespetatu egin behar dugu. Baina soinu horren kontrola gure gain hartzen dugu.
Elkarlan horretan jende askok hartzen du parte, ezta?
Bai. Teknikariez eta musikariez gain, hainbat pertsona behar dira kontzertua aurrera eramateko. Adibidez, musikari askok beren road manager-a izaten dute, eta beste hainbatek, beren soinu teknikaria. Halaber, badituzte instrumentuak zaindu eta bere lekuan jartzen dituzten pertsonak. Horrez gain, programatzaileak, antolatzaileak, oholtza muntatu dutenak... jende asko dago lanean.
Denen arteko harremana egokia izatea ezinbestekoa da?
Erabat. Denok helburu bera dugu: kontzertua ongi ateratzea. Beraz, ez badugu komunikazio egokia gure artean, gauzak ez dira ongi ateratzen. Udan, gainera, lan asko izaten dugu, ia egunero, eta oso erraza da erretzea. Horrekin kontu handia izan behar dugu.
Uda garai gogorra izaten da zuentzat.
Kontzertu gehien udan izaten dira, dudarik gabe. Herriko jaiak, jaialdiak, kontzertu solteak... Denetarik izaten da. Arrantzaleen antzera aritzen gara, maiatzean hasi eta irail bukaeran amaitu.
Kontzertuak askotarikoak izanik, errutinan murgiltzen zarete?
Lekuak eta kontzertuak ezberdinak dira, bai, baina beti gaude mikrofono, bozgorailu eta kable artean, hori ez da aldatzen. Halere, beti izaten da kontzertuaz eta musikaz disfrutatzeko tarte bat, eta are gehiago musika hori zure gustukoa bada.
Teknologia garatzen den heinean, zuen lana erraztu egiten da?
Aldatu egin dela esango nuke. Beste era bateko materiala dago egun. Orain, kableak geroz eta gutxiago erabiltzen dira, eta haririk gabeko sistemak gailentzen dira. Eta haririk gabekoetan ere gero eta material berriagoa kaleratzen dute. Lehen, kontzertuak egiteko kable handi eta luzeak behar ziren, eta gaur egun ez dugu horren beharrik.
Zure ustez, gerta liteke aurrerantzean adimen artifizialak egitea zuen lana?
Ez dakit zehazki soinu teknikariak ordezkatzeko gaitasuna izango duen, baina argi dago gure alboan eduki behar dugula. Laguntzeko dago, eta gaur egun horrela erabiltzen dugu.
Badira kontzertu amaieran zuen lana publikoki goraipatzen duten musikariak. Hori eskertu egiten duzue?
Asko. Gure lanari meritua ematen diote, eta hori eskertzekoa da. Ikusle askok ez dakite gure lana existitzen dela. Askoren ustetan gu DJak gara, ez dakite zer egiten duen soinu mahaiak ikusleen erdian. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zait gure lana aitortzea.
LOTSABAKO
Kontzertu bat egiteko lekurik okerrena? Frontoi bat.
Teknikari aritutako kontzerturik gogokoena? El Drogas, Andoainen [Gipuzkoa].
Oholtzak muntatu ala desmuntatu? Muntatu.
Euskal Herriko festa bat? Donostiako Piratak.