Aixeberriko konpartsakidea eta lehiaketa gastronomikoaren laguntzailea

Iñigo Iglesias: «Askorentzat tortillena izaten da beren lehen lehiaketa gastronomikoa, eta bakarra ere bai maiz»

Arteak ere behar du teknika. Eta Bilboko Aste Nagusiko patata tortillarik onena hautatzeko lehiaketa gastronomikoa da horren froga. Ia laurehun tortilla aurkeztu dira aurten, eta bakarrak lortu du lehen postua.

Iñigo Iglesias Aixeberri konpartsako kidea eta lehiaketa gastronomikoen antolatzaileetako bat atzo, Areatzako Gastrogunean. BERRIA
Iñigo Iglesias Aixeberri konpartsako kidea eta lehiaketa gastronomikoen antolatzaileetako bat atzo, Areatzako Gastrogunean. BERRIA
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko abuztuaren 21a
03:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Festa giroaren erdian, irizpide teknikoez mintzo da Iñigo Iglesias Aixeberri konpartsako kidea. Maiz aritzen da lehiaketa gastronomikoan laguntzaile, eta zehatz ezagutzen ditu patata-tortilla lehiaketako irabazlea hautatzeko prozedurak. Erronka puntu bat ere izaten du txapelketak, gainera, laurehun parte hartzaile inguru izaten direla kontuan hartuta.

Zeren arabera baloratzen dira tortillak?

Hiru irizpide hartzen dira kontuan: aurkezpena, puntua eta zaporea. Hau da, tortillak zer itxura duen; patata ondo eginda ote dagoen edota tortilla sikuegi ote dagoen; eta, azkenik, ona dagoen edo zer zapore duen.

Hori izango da garrantzitsuena?

Izan daiteke garaile izateko bidean diren bi platerek puntuazio total berbera izatea, adibidez. Halakoetan, bata edo bestea hautatu behar denetan, zaporearena izaten da kontuan hartu beharreko lehen irizpidea, aurkezpenarena bigarrena, eta puntuarena azkena.

Laurehun tortilla inguru jasota, zein da bakarra hautatzeko prozedura?

Asko dira, bai, eta onenak bereizten eta besteak baztertzen joaten gara. Irabaziko ez dutela dakigunak apartatzen joaten gara, dela itxura onik ez dutelako edo puntu onik ez dutelako. Horiek azkar probatu eta puntuatzen ditugu, eta itxura onena edo zapore onena dutenak azken mahai batera pasatzen dira, eta hor epaimahai pixka bat adituagoa denak probatzen ditu.

Egun berezia izaten da tortillena.

Areatzan kuadrillarekin batera bazkaltzeko hartzen du parte jendeak lehiaketa horretan. Badaude mahai nagusira iristeko lehian parte hartu nahi izaten duten taldeak, noski, lana serioski egiten dutenak, baina jai giroaren bila datorren jendea izaten da gehiengoa. Askorentzat beren lehen lehiaketa gastronomikoa izaten da patata tortillena, eta bakarra ere bai maiz. Gutxi batzuk beti animatzen dira, halere. Oso egun polita izaten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.