Aspaldiko bisitarien arrastoan

Orain dela 70 urte Euskal Herrian izandako familia baten bila dabiltza: Gernikako Kultur Etxean ipini dituzte hemen atera zituzten argazkietako batzuk, ‘Non ote zaude’ erakusketan. Negatiboak Madrilen topatu zituzten.

'Non ote zaude' erakusketako protagonista Bermeoko portuan, 1955eko udan. Erakusketa Gernikako Kultur Etxean ikus daiteke. EZEZAGUNA
'Non ote zaude' erakusketako protagonista Bermeoko portuan, 1955eko udan. Erakusketa Gernikako Kultur Etxean ikus daiteke. EZEZAGUNA
amaia igartua aristondo
Gernika-Lumo
2026ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dirudite argazki bereziki garrantzitsuak. Familia baten oroitzapenak baino ez dira; jende multzo bat irribarretsu posatzen Bermeoko portuan, Elorrion, Donostiako Kontxako hondartzan eta Hondarribian; 12 urte inguruko neskatxa bat Gernika-Lumoko Batzar Etxearen aurrean, familiarekin batera herriko plazaren batean, Bizkaia zubiaren aurrean, senide batekin motorrean. Baina sarritan ohikoena misterio bihurtzen da. Beharbada distantziak pizten du jakin-mina, 70 bat urte igaro dira-eta irudiok hartu zituztenetik; sendiaz arrastorik ez izatea ere izan daiteke interesaren akuilu. Eta argazkiak nola aurkitu dituzten, horrek ere eransten dio xarma istorioari: ezustean egin zuten topo negatiboekin, eta hamarkada baten ondoren jabetu ziren haien balioaz. Argazki horietako batzuk Gernikako Kultur Etxean ikus daitezke orain, Non ote zaude erakusketan, martxoaren 20ra arte.

Dani Asuarena izan zen lehen ekarpena. 2010. urtean, Madrilgo merkatuko zakarrontzi batean negatibo sorta bat ikusi, eta hartzea erabaki zuen. Asua soinu teknikaria da, baina betidanik izan du argazkilaritzaren inguruko interesa, eta molde analogikoa landu izan du, batik bat. Aurkikuntza kutxa batean gorde zuen, eta 2020an helarazi zion Hibai Agorria argazkilari eta bideogileari. «Argazkiak eskaneatzeko esan zidan, ea zer agertzen zen», oroitu du Agorriak. «Asko ibili gara Gernikako artxibo zaharrekin: bonbardaketaren aurrekoak, gerokoak... Eta ikusi genuenean argazki horietan Gernika azaltzen zela, balioa eman genien». Herria bonbardatu zutenetik hogei urte ere ez ziren igaro, artean. Oro har, Euskal Herriko hainbat txokotan barna egindako bidaia bat agertzen dute irudiek; hortik aurrera, hipotesiak dira nagusi. Ogi papurretan oinarritutako ikerketa bat da, funtsean.

Gizonak dolua adierazten duen banda beltz bat darama besoan. EZEZAGUNA
Gizonak dolua adierazten duen banda beltz bat darama besoan. EZEZAGUNA

Artxiboaren aurkikuntzaren ingurukoak dira hasierako gogoetagaiak. Madrilen agertu zen; beraz, Agorriak eta Asuak ziurtzat dute familia han bizi zela. Hangoak al ziren? Baliteke ezetz. «Salamanca ere agertzen da, familia bazkari bat herri txiki batean...». Baina zer egiten zuten familiaren oroitzapenek zakarrontzi batean? «Zalantza daukagu ea izan den etxe aldaketa baten ondorioa, ea merkatuan egondako artxibo bat zen eta hango norbaitek zakarretara bota zuen, ea familia han inguruan bizi zen...», zerrendatu du Agorriak.

Hiru urtetako irudiek osatzen dute artxiboa, zehazki: 1954an, 1955ean eta 1956an atera zituzten argazkiok. Baina zein urtekoa den bakoitza, horra hor beste koska bat. Izan ere, negatiboak desordenatuta zeuden jada Asuak topatu zituenerako. Detaileetan arakatu beharra dago, beste behin. Helduleku bat: familiako kiderik gazteena 10-12 urte inguruko neska bat da, eta harengan agerikoagoa da urte batetik besterako aldaketa. Argazki batzuetan koskortuago dago, Agorriak nabarmendu duenez.

Txapela eta dolua

Beste helduleku bat: kirrinka egiten duten detaileak. Erakusketak berehalako oihartzuna izan du, gero eta jende gehiago ari da argazkiok ikusten, eta komisarioei oharkabean igarotako xehetasun batzuk berehala harrapatu dituzte ikusle batzuek. Erakusketaren sarreran kokatu duten argazkian, esaterako, haurra Bermeoko kaian dago; atzean makina bat arrantzontzi ditu, eta, irudiaren hondoan, Espainiako banderez josita daude eraikineko balkoiak. «Hori oso arraroa da Bermeon», Agorriaren irudiko.

«Asko ibili gara Gernikako artxibo zaharrekin: bonbardaketaren aurrekoak, gerokoak... Eta ikusi genuenean argazki horietan Gernika azaltzen zela, balioa eman genien»

HIBAI AGORRIA Argazkilaria eta bideogilea

Gizon batek esplikatu zien arrazoia: 1955ean, Sukarrietatik Bermeorako trenbidea inauguratzera joan zen Francisco Franco diktadorea. Espainiako Filmotekaren artxiboari esker, are gehiago zehaztu liteke argazkiaren eguna: 1955eko abuztuaren 28ko No-doak Francoren bidaia jaso zuen —RTVEren webgunean ikus daiteke, 08:49 minututik aurrera—. Irudietan herriko ontziak ageri dira diktadoreari oles egiten, herritarrak bilduta txalo zaparradan, eta herria Espainiako eta Falangeko banderez lepo. Trenbidea ez ezik, Itsasoko Gizarte Institutuaren klinika inauguratzera joan zen, eta harekin kointziditu zuten neskak eta haren senideek.

Ezin uka, dena den, udako argazki bat dela: neskak soineko zuri fin bat darama, mahuka motza eta belaunetarainoko gona. Horra hor beste helduleku bat: jantziak. Argazki bildumak ez duelako soilik familia baten osteren berri ematen, baduelako, orobat, balio etnografikoa. Orain dela 70 urteko bainujantzien estiloa ikus daiteke, adibidez, hainbat hondartzatan hartu zituzten argazkietan. Neskaren amak ere soineko argi eta lisoak erabiltzen ditu, apenas apaingarririk gabeak, baina tarteka ageri dira estanpatu biziagoak, lorez betetakoak, eta arreta ematen du, ezinbestean, adineko andre baten oihalen beltz indartsuak. Txapela janzten du paseoan atera dituen ontziko kapitainak, eta emakume batzuek burua zapi zuriz estalita daukate dantza ikustaldi batean.

Jantzi tradizionalak nagusi. EZEZAGUNA
Jantzi tradizionalak ere ageri dira. EZEZAGUNA

Arropako xehetasun bat da, hain zuzen, beste irudi baten gakoa: neskatxa eta senide bat motor baten gainean daude, Gernika-Lumon; gizonak alkandora zuri bat darama soinean, eta horrek are deigarriagoa bihurtzen du ezkerreko besoko banda beltz zabala. Dolua adierazten duen gehigarri bat da. «Aipatu zigutenagatik, garai hartan bi astez egoten ziren hori jarrita», azpimarratu du Agorriak. Beste pista bat ematen die horrek: beharbada, senideren baten hiletara joango ziren urteetako batean.

Artxiboa itzultzeko asmoa

Hori dakar irudiak behin eta berriro begiratzeak, hainbat urtez: aldatu egiten direla, nolabait; baita begirada ere, ezinbestean. «Hasiera batean, ez nion balio artistikorik eman», onartu du Agorriak. «Baina denborarekin ikusiz joan naiz badagoela begirada bat, badagoela konposaketa bat, eta nahiko argazki onak egiten zituela». Guztira, artxiboak 140 argazki dauzka: baztertu egin dituzte mugituta edo ebakita daudenak —«lehen, karreteekin, askotan gertatzen zen: 36 argazkitik denak ez ziren onak izaten»—. Joan den ostegunean egin zuten erakusketaren aurkezpena, eta zera esan zien bertaratutako batek: argazkilari hark ikasketa artistikoren bat izan zezakeela; arkitektura, adibidez.

Itsasontzian, paseo bat ematen. EZEZAGUNA
Itsasontzian, paseo bat ematen. EZEZAGUNA

Aitak ateratzen zituen argazkiak, batez ere. Tarteka kamera senideren bati ematen zion, eta berak ere posatzen zuen argazkietarako; batean, kamerarekin batera agertzen da. Etxe batean hartu zuen irudia: lehen planoan, nola ez, alaba dago, untxi beltz batekin eskuetan, eta atzeko ispilu zabalean islatuta ageri da aita, tripode batean bermatutako kameraren atzean, esku batekin botoiari sakatzen diola. Kurioski, horrek ere ematen du datu bat garai hartako ohituren inguruan. «Orduko hartan tripodea orain baino gehiago erabiltzen zen», nabarmendu du Agorriak. «Ez dakit kostaldeko argazki batzuk tripodearekin egin zituen, beste batzuk apur bat mugituta daude eta; baten bat agian bai».

2020tik, familiaren arrastoan dabiltza Asua eta Agorria, batik bat neskaren atzetik. Argazkietan agertzen diren senideetatik bera baita egun bizirik egon daitekeen bakarra; 85 urte edukiko lituzke, gutxi gorabehera. Gernikan hasi zuten bilaketa, adineko herritarrengana eta Gernikazarra historia taldearengana jo zuten, baina ez dute ezer topatu. Gerediaga elkartearekin bilduko dira laster, erantzuna Elorriotik etor daitekeelakoan: artxiboaren lehen atalean herri hori agertzen da, baita familia bat ere; beraz, litekeena da madrildarrak Elorrioko familia bat bisitatzera etorri izana. Gaiak izan duen oihartzunarekin, dena den, neskagandik hurbilago daudela uste du Agorriak. «Familia agertzen bada, artxiboa haiei ematea gustatuko litzaiguke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.