Donostiako Aste Nagusia. Igeriketa zeharkaldia

Aste Nagusia igerian gozatuz

Peru Alfaro hernaniarrak erdietsi du lehen postua, eta Irati Mendia Donostiako gaztea izan da lehen neska helmugara iristenGuztira 450 lagunek parte hartu dute Pasealeku Berriko 44. Igerialdian

Urtero jende ugarik parte hartzen du zeharkaldian. Irudian, duela hiru urtekoa. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Nekez antzeman zitekeen atzo goizeko hamaiketan, Zurriolako hondartzan, Donostia festetan murgilduta dagoenik. Garbitzaileak pasealekuari distira ateratzen, eta haur eta gaztetxo taldeak surfean ikasten. Gaua parrandan pasatu ostean hondartzan lo kuluxka bat egitea erabaki zutenek soilik hausten zuten normaltasuna lehenengo begiradan, harik eta 500 igerilari garraiatzen zituzten autobusak iristen hasi ziren arte.

Hiru kilometro luzeko igerialdiaren aurretik, irribarreak eta lagun arteko solasaldiak ziren nagusi parte hartzaileen artean. Olgeta giroa nabari zitekeen gisa horretako probak egiten ohituta dauden gazteen artean. Gehienak txikitatik igeri elkarteetan sortutako lagun taldeetan babestuta egon arren, itsasoari bakardadean aurre egitera bildutakoak ere baziren.

Gazteen zalaparta artean, baina, ez zen oharkabean pasatzen adinean aurrera egindakoen presentzia. Lagun zaharrak balira bezala, elkarri bostekoa ematen eta itsasoaren egoeraren inguruan hitz egiten harrapa zitezkeen asko. Urteek emandako lasaitasun eta patxadarekin gehienak.

Familian igeri egiteko hautua hartu zuenik ere bazegoen. Donostiako aita-seme batzuek, esaterako, zeharkaldia batera egiteko asmoa azaldu zuten, elkarren ondoan. Helburu lehiakorragoekin aurkeztu zenik ere egon zen, anaia arteko apustua tarteko.

Ordua heltzear zela, hareetan jarri zituzten oinak parte hartzaileek. Gehienak gipuzkoarrak ziren, baina Madrildik, Burgostik eta Herrialde Katalanetatik ere etorri ziren zenbait. Kontzentrazio aurpegiak nagusitu ziren itsasertzean. Denbora marka ona egiteko helburua zutenek hartu zuten lehen lerroa. Lasaiago ageri ziren irabazteko asko eta galtzeko gutxi zutenak.

Uretara sartzeko ordua

Eguerdian entzun zen txilibituaren hotsa, eta Zurriolatik Kontxarako bidea hartu zuten igerilariek. Senitartekoek eta gainerako ikusleek ere hala egin zuten, lehorretik baina: Pasealeku Berritik edo Bulebarretik barrena.

Minutuek aurrera egin ahala, zerumugan zegoen ikusmira, bertatik agertuko baitziren igerilari azkarrenak. Burua uretatik atera, eta bizkor egin zuen helmugarako korrikaldia Peru Alfaro 26 urteko hernaniarrak. Ez zuen ezustean irabazi, ohituta baitago goiko postuetan ibiltzera. Duela hiru urte ere irabazi zuen Pasealeku Berriko Igerialdia, eta, iragan urtean bigarren egin ostean, aurten ere hura izan da meta igarotzen lehena, 38 minutu eta zazpi segundoko denborarekin. «Bukaeran, abantaila pixka bat neukala ikusi dut, eta lasai hartu dut», azaldu zuen Alfarok.

Nesketan ere ez zen ezustekorik izan. Irati Mendia donostiarrak irabazi zuen; inguruko itsasoko igeriketa probak irabazten esperientzia du hark ere. 40 minutu eta 33 segundo behar izan zituen Zurriolatik Kontxara iristeko. 18 urte izan arren, Espainiako zein Europako txapelketetan ibilia da—duela hilabete, Turkian—, eta emaitza onak lortu ditu. «Itsasoa nahasi samar egon da», esan zuen Mendiak, «baina ongi ikusi dut neure burua». Hasierako galerna iragarpena bertan behera geratu zen, eta ez zen aparteko neurririk hartu behar izan.

Hasierako postuetan sailkatu zirenek esfortzurik egin ez balute legez amaitu zuten igerialdia, lasai eta fresko. Kronometroak aurrera egin ahala, neke aurpegiak hasi ziren agertzen, baina irribarreak gero eta zabalagoak ziren. Askok apustu pertsonal gisa hartu zuten zeharkaldia amaitzea, eta haien poztasun keinuak helburuaren lorpenaren ondorio izan ziren. Kirolak, festak bezala, ilusioa pizten duen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.