Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera

Onintza Enbeita eta Ainhoa Urrejola: «Aste Nagusiak pilak kargatzeko balio digu, eta amesten dugun mundua eraikitzeko»

Bilboko Aste Nagusiak irudikatzen duen jai eredua defendatu dute aurtengo pregoilariak eta txupinerak. Erasorik gabeko festak aipatu dituzte helburutzat, eta kaleko saltzaileei ematen dieten tratua txarretsi. «Etsaiz nahastu gara».

Onintza Enbeita eta Ainhoa Urrejola, BIlboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Onintza Enbeita eta Ainhoa Urrejola, BIlboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Onintza Enbeita Maguregi (Muxika, Bizkaia, 1979) eta Ainhoa Urrejola Soldevilla (Bilbo, 1976) dira elkarrizketatuak, baina Bilboko Aste Nagusiko pregoilariaren eta txupineraren figurak iragazita heltzen da haien ahotsa. Egun batzuk joan dira festak hasi zirenetik, eta izan dute denbora rol hori benetan propiotzat hartzen hasteko. Altxaporru konpartsaren terrazan egin diote harrera BERRIAri, eta erdi beteta eta erdi hutsik dagoen edalontzi bati bezala erreparatu diote festari handik. «Alde batetik, osteguna da oraindik, eta, aldi berean, jada osteguna da». Alboko mahaian, atseden hartzeko baliatu dute tartea egunotan bikotea laguntzeko zereginetan dabiltzan jai batzordeko bospasei kideek. Izan ere, haien isiltasunak ere eusten die Enbeitaren eta Urrejolaren ahotsei.

Nola doa larunbatetik honako egunotan bizi izan duzuen urtebetea?

ONINTZA ENBEITA: Oso-oso polita izaten ari da. Bizipenak zoragarriak dira, eta jadanik ez dakit zenbat gauza polit gertatu diren. Egunean zehar denetarik dugu: batzuetan bete-betean zaude, gero nekeak traizionatzen zaitu, baina gero bete-betean zaude berriro, eta hau errusiar mendi polit bat da denbora guztian. Denbora egoten da, gainera. Badituzu ekitaldi erabat ofizial batzuk, baina, gero, zure presentzia eskatzen duten ekitaldirik gehienak konpartsen inguruan dira, eta konpartsek egiten zaituzte jaiaren parte; erregalu bat da hori.

Hala espero zenuten?

AINHOA URREJOLA: Bai. Txupinera batzuek esana zidaten batzuetan oso goian egongo nintzela, eta beste batzuetan lokartu egingo nintzela bazkarietan. Oraindik ez dut halakorik egin.

Badago tartea oraindik.

URREJOLA: Bai, agian ostirala izan daiteke... Ai, ez, ez [programa errepasatzeko segundo bat hartu ostean], ostirala ez, mesedez.

«Guk orain ezagutzen dugun Aste Nagusia sortu zutenean, 1978an, diktaduratik gentozen, eta nik uste Bilbok asmatu zuela garai itxi eta ilun baten kontra nolako festak behar zituen herri batek»

ONINTZA ENBEITA Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Pregoian esan zenuenez, desesperantza politikoaren aurkako sendagarri bat ere bada Aste Nagusia. Zergatik?

ENBEITA: Guk orain ezagutzen dugun Aste Nagusia sortu zutenean, 1978an, diktaduratik gentozen, eta nik uste Bilbok asmatu zuela garai itxi eta ilun baten kontra nolako festak behar zituen herri batek: parte hartzaileak, herriarenak eta herriarentzat eginak. Eta uste dut gaur egun ere horretarako balio behar digula Aste Nagusiak. Esaten digute faxismoa irabazten ari dela mundu guztian, eta egia da mundua oso gaizki dagoela, baina ez da egia aldatu ezin denik. Aste Nagusiak pilak kargatzeko balio digu, eta amesten dugun mundua ikusteko eta eraikitzeko.

Txupinera isilik egoten da pregoian, baina ados zaude zu ere?

URREJOLA: Bai, erabat ados nago pregoilariarekin.

«Jai eredu hau guk egin dugu, jende guztiarentzat da, eta aurrerantzean ere horrela izan dadin lortu behar dugu»

AINHOA URREJOLA Bilboko Aste Nagusiko txupinera
30 urte eman dituzu Bilboko konpartsetan. Zer moduz ikusten duzu jai eredu hau osasun aldetik?

URREJOLA: Jai eredu hau guk egin dugu, jende guztiarentzat da, eta aurrerantzean ere horrela izan dadin lortu behar dugu. Bestela ez dago jairik. Ez dakit norentzako dirua biltzeko lekuak dira besteak, eta hemengo dirua bai, jendearentzat da, auzoan gauzak konpontzeko eta auzoari laguntzeko ere bai.

Eta hori ulertzen du, adibidez, udalak?

URREJOLA: Ulertu, ulertu, ez dakit nik ulertzen ote duten, baina badakite guk oso ondo egiten dugula gure lana, ze udala ez da beti gure alboan egon, eta guk jarraitu egin dugu. Badaude tentsioak, baina ondo gaude [eten bat] gutxi gorabehera.

«Zerbait iritsi zait, bai, pregoia euskara hutsez egiteagatik, baina ez dit eragiten. Txupinera nirekin dago, jai batzordea nirekin dago, eta konpartsek ere ulertzen dute dena euskaraz egitea»

ONINTZA ENBEITA Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Kaleko saltzaileen gaiak pizten ditu tentsio horiek azken urteetan. Espresuki aipatu zenituen pregoian.

ENBEITA: Orain Bilboko pregoilari izatea tokatu zait, baina nik, Onintza Enbeitak, benetan pentsatzen dut hau: orokorrean, guri agintzen digutenek ikusten baldin badute badaudela pertsona batzuk bizitza hobea behar duen jendearen beharrizanetik negozioa egiten dutenak —izan paterak alokatzen dituztelako, izan salgai jarriko duten materiala oso garesti saltzen dietelako, edo izan egin nahi ez dituzten gauzak egitera behartzen dituztelako—, uste dut gizarte moduan porrot bat dela jende hori ez atxilotzea, eta, aldiz, lau painelu edo hiru disko salduta bizimodua ateratzen duen jendea atxilotzea. Etsaiz nahastu gara. Kalea supergogorra da bizimodua ateratzeko, eta errespetua merezi dute, gutxienez.

Euskara hutsezkoa izan zen pregoia. Duela bi urte halakoxea izan zen Itziar Ituño aktoreak egindakoa ere, eta kritikak egin zizkioten horregatik. Zuri ere heldu zaizu zerbait, edo normalizatuz doa?

ENBEITA: Zerbait iritsi zait, bai. Baina ez dit eragiten. Txupinera nirekin dago, jai batzordea nirekin dago, eta konpartsek ere ulertzen dute dena euskaraz egitea. Nik egin dudan ibilbidea, bertsolari moduan, euskaraz egin dut, eta ez dauka zentzurik nik Arriagako balkoitik erdaraz egiteak, ze hori ez naiz ni, eta, bestalde, hemen egon dira gaztelania hutsezko pregoiak, eta ez duela asko. Orduan ez da egon protestarik, eta inor ez da konturatzen guretzat zeinen mingarria izan daitekeen euskaraz hitz bat ere ez entzutea. Bat gertatu badaiteke, bestea ere bai.

«Oraingoz, erasorik gabeko Aste Nagusia da helburua; eta, gero, hortik abiatuta Aste Nagusi feminista eduki ahal badugu, ba hobeto, eta transfeminista bada, ba oraindik eta hobeto»

ONINTZA ENBEITA Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Aste Nagusi transfeminista ere aldarrikatu zenuen. Urrun dago helburu hori? Hurbil?

ENBEITA: Oraingoz, erasorik gabeko Aste Nagusia da helburua, eta, gero, hortik abiatuta Aste Nagusi feminista eduki ahal badugu, ba hobeto, eta transfeminista bada, ba oraindik eta hobeto.

Eta zer-nolako funtzioa betetzen dute zuen figurek festan?

URREJOLA: Nik egunero ematen dut sua festetan, jaiak hasteko. Hori ofizio bat zen Bilbon. Emakumeena izaten zen, gainera. Festei hasiera emateko ez ezik, harako edo honako bazkarira ere joaten zen, jantzi honekin berarekin jantzita, eta suziria botatzen zuen han.

Eta nola sentitzen zara tradizio horren parte izanda?

URREJOLA: Oso harro.

Eta pregoilaria?

ENBEITA: Ohore handiz bizi dut hau dena, eta luxua da alboan txupinera izatea. Izan ere, txupinera beti izaten da konpartsen parte, eta Aste Nagusirako zuretzako gida bat edukitzea bezala da. Ainhoa Kaixo konpartsako kidea da, adibidez, eta niretzat hunkigarria da konpartsa horrek nola babestu nauen ni ere. Edozein gauza behar badut, eurek laguntzen didate, eta hunkigarria da.

«Txupinerena ofizio bat zen Bilbon, eta emakumeena izaten zen, gainera. Oso harro nago tradizio horren parte izateagatik»

AINHOA URREJOLA Bilboko Aste Nagusiko txupinera
Eta zuri dagokizunez, Ainhoa, hiru hamarkadaz Aste Nagusia barrutik ezagutu ondoren, izan da txupinera rolean harrigarri egin zaizun zerbait?

URREJOLA: Ez. Bi alaba ditut, eta jadanik ezagutzen ditut festaren goiza, eguerdia eta gaua. Tira, egia esan, udaletxean ez nintzen inoiz egon lehenago, eta aurten egon naiz lehenengoz, eta txupineren eguna ere orain ezagutu dut.

Eta zu, Onintza? Harritu zaitu zerbaitek?

ENBEITA: Harritu igual ez, espero nuen eta, baina beste behin ere frogatu ahal izan dut hemen 24 orduz egoten dela jendea lanean. 24 orduko lana da.

Hori esan zenuen pregoian ere: 24 bider bederatzi.

ENBEITA: Ez dakit: 24 bider hamar 240 da; ba, 216 izango da. Bai, 216 ordu hemen, jo eta ke. Eta, gero, astelehenean desmuntatzea.

«Nire kezka da, astelehen goizean, lanerako esnatzen naizenean, ea jakingo dudan lanera joaten, eta ea ez naizen geldituko etxeko atean zain jai batzordea nire bila etorri arte»

ONINTZA ENBEITA Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Hasiak zarete biharamun horretan pentsatzen?

ENBEITA: Nire kezka da, astelehen goizean, lanerako esnatzen naizenean, ea jakingo dudan lanera joaten, eta ea ez naizen geldituko etxeko atean zain jai batzordea nire bila etorri arte.

Besterik gehitu nahi zenukete?

ENBEITA: Bai. Eskerrik asko Bilboko konpartsei.

URREJOLA: Ea, ea [alboan isilik eta atseden hartzen egon diren jai batzordeko kideei begira], nola da? Eskerrik asko Bilboko konpartsak... [eta haiek erantzun: ...«denbora osoan!»].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA