Donostian zer gertatzen den jakin nahi duenak Irutxuloko Hitza-ra jo behar du. Bi hamarkada daramatzate bertatik bertara hiriaren berri ematen, baita Aste Nagusiaren berri zabaltzen ere. Beñat Parra (Donostia, 1996) da zuzendaria.
Aste Nagusian zuk, Beñat, parranda gutxi, ezta?
Ez pentsa, e! Oporrak ditut Aste Nagusia bukatu arte. Orduan, libre nago. Hainbat urtez lan egin izan dut Aste Nagusian, eta urte horietan honela izan da: lan egin, parranda pixka bat, lo gutxi, lan egin, parranda pixka bat, lo gutxi... Gogorra da, baina orain ari naiz aprobetxatzen!
Zure lankide asko, baina, lanean ari dira Aste Nagusia kontatzen.
Bai. Aste Nagusian apustu bat egiten dugu, hiriko jaiak direlako eta gauza asko daudelako kontatzeko. Hiru lankide ari dira erredakzioan, eta argazkilari bat propio Aste Nagusirako. Bete-betean ari dira, dena ematen.
Nolakoa da Aste Nagusia kazetari gisa?
Gogorra eta bizia, baina polita ere bai. Niri gustatzen zait Aste Nagusian lan egitea. Une oro kalean zabiltza. Plan bat egiten dugu zer landu erabakitzeko, baina gero plan hori erori egiten da beti; euria egiten duelako edo edozer gauza gertatu delako. Kalean ibiltzen gara, argazkiak ateratzen, bideoak grabatzen, jendearekin egoten gara... Jende asko ezagutzen dugu, Irutxuloko Hitza kalean baitago. Kalean gabiltza beti, beroa egin edo euria egin. Argazki pila bat egin, erredakziora etorri, aukeratu, kronika idatzi, argitaratu, hurrengo gauza lantzera joan, berriro argitaratu... Horrela.
Astea antolatzen noiz hasten zarete?
Aurreko urteetako lanketak eta eskarmentuak laguntzen digu jakiten zerk funtzionatzen duen eta zer lantzea merezi duen. Eskema bat beti duzu buruan: apustu berezia egiten dugu abordatzean, Irrikitaldian, kanoikadan, txupinazoan... Beste gauza pila bat ere badaude, eta ez gara denera iristen. Orduan, Aste Nagusia hasi aurretik bilera bat egiten dugu, eta egunez egun zer jaso adosten dugu. Inprobisaziorako tarte handia dago, baina planaren gainean.
Donostiakoak zarete kazetariak. Zuek lanean, lagunak festan... Tentazio asko dituzue?
Denak, tentazio guztiak! Pertsonak gara, eta aurkitzen ditugu tarteak gozatzeko. Ez dakit ondo dagoen esatea, baina lau orduz lo eginda lan eginda nago. Eta ondo joan da! Irutxuloko Hitza atera da.
Egin daiteke!
Egin daiteke. Gogorra da, bizi-bizia, baina gogoa baldin badaukazu, egin dezakezu.
Izan ere, zuen argazki galerien zain egoten dira irakurle asko.
Bai noski. Kazetaritza ez da idatzizkoa bakarrik, eta Aste Nagusian argazkiek eta bideoek dute protagonismoa. Aste Nagusian gutxi idazten dugu. Argazkilari bat daukagu, horretan apustua egiten dugulako, baina guk ere ateratzen ditugu. Jendea argazkiak ikustera sartu ohi da, bere burua ikusi nahian.
Larunbata bizi-bizia izango zen...
Bai. Aste Nagusian lanean ari diren denek egin zuten lan. Gauza gehien duen eguna izango da akaso. Geratu gabe ibiltzen gara lanean, kazetari denak kalean.
Bi egitarau daude. Erraza da piraten eta udalaren arteko oreka topatzea?
Ez da batere erraza. Gauza pila bat daude bi egitarauetan, eta saiatzen gara oreka bilatzen. Egunero, egitarau bakoitzetik gauza bat aukeratu, eta horien berri ematen saiatzen gara behintzat.
«Kalean ibiltzen gara, argazkiak ateratzen, bideoak grabatzen, jendearekin egoten gara... Beroa egin edo euria egin»
Aste Nagusia hiri osoko jaia da, baina auzoz auzo pasatu duzue uda.
Gure indargune nagusia dira auzoak: auzoetako istorioak kontatzea, jendearekin egotea eta kalean egotea. Aste Nagusia asko zentratzen da Parte Zaharrean, eta piratek eta udalak gero eta gauza gehiago egiten dituzte auzoetan; saiatzen gara haien berri ematen. Guk beti defendatzen dugu Donostia asko kabitzen diren Donostia hori. Auzoen Donostia, alegia. Eta auzoetako jaiak ugari dira: maiatzean hasten dira, Bidebietan eta Morlansen, eta urrira arte segitzen dute: orduan dira Amara Berrin eta Martutenen. Ez da bukatzen!
Eta horren guztiaren berri euskaraz ematen duzue.
Irutxuloko Hitza-ren helburu nagusia euskararen normalizazioan eragitea da, eta Donostiaren berri euskaraz ematea. Aste Nagusia garai ona da horretan eragiteko: Donostiako jende asko-asko dago Aste Nagusian pentsatzen, kalean, eta sare sozialetan adi; gu ari gara hori guztia kontatzen, euskaraz. Horretarako gaude, eta guk ere behar dugu babesa, behar dugu hor egon.
Tokiko kazetaritza egiteko.
Tokiko kazetaritza eginez mundu osoa kontatu dezakegu. Aste Nagusian ere bai: jaiak festa baino gehiago dira; aldarrikapena ere badira, jendea saretzen ikustea, belaunaldien arteko harremanak...
Eta ahotsik ez dutenei bozgorailua ematen saiatzen zarete.
Batzuek bozgorailu asko dituzte, eta gu ez dutenei ematen saiatzen gara. Beti muga batekin: egia kontatzea eta zorrotzak izatea. Hori da kazetaritza: egia kontatzea.
Egia esan: edukiko duzu kontzerturen bat fitxatuta...
Batzuk bai, baina ni musika beltzaren oso zalea naiz —jazza, bluesa, soula...—, eta hori ez da inoiz egoten.
Eta egon behar luke!
Ba, bai. Aprobetxatuko dut esateko. Trinitate plazan, behintzat. Zergatik ez?
lotsabako
Artillero izango bazina, zeri emango zenioke su?
Jesusen Bihotzari.Aste Nagusian kontatzeko onena?
Irrikitaldia.Jantzia prest duzu?
Oraindik ez!