Asteburu gozoa

Basque Txok jaialdia egiten ari dira da bihar arte Balmasedan. Kafeari, txokolateari eta teari buruzko topaketa espezializatua da

2020ko Basque Txok jaialdia. MUSELINES.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Gozozaleen paradisua izango da Balmaseda (Bizkaia) asteburu honetan. Izan ere, Basque Txok jaialdia antolatu dute, Horkasitas jauregian. Atzo hasi zen, eta bihar amaituko da. Gaur 10:30ean ireki, eta 21:00etan itxiko da jauregia; bihar, berriz, 10:30etik 16:00etara egongo da irekita. Txokolatearekin, kafearekin eta tearekin lotutako hainbat ekintza antolatu dituzte.

Zenbait erakustoki egongo dira. Bean to bar (hazitik tabletara) egindako txokolateak egongo dira eskuragarri, besteak beste: Danimarkakoak, Norvegiakoak, Thailandiakoak eta Bartzelonakoak, esaterako. Euskal Herriko txokolateak ere egongo dira: Rafa Gorrotxategi, Kaitxo eta Lurka izango dira. Kafeari dagokionez, Nafarroa, Bizkaia eta Arabako kafegileak joango dira jaialdira, baita Agua Embrujada Arabako te egilea ere.

Hainbeste gozoren artean, Basque Txok jaialdian eskuragarri dauden produktuak dastatzeko aukera ere egongo da. Dastaketetan parte hartu ahal izateko, sarrera ordaindu beharko da, zazpi euroan.

Adibidez, munduko txokolateen dastaketa egingo dute gaur 11:00etatik 12:00etara; Malagako (Andaluzia, Espainia) ardo gozoa Maychoco txokolatearekin dastatzeko aukera egongo da 17:00etatik 18:00etara; eta sakea —Japonian arrozarekin egiten den likorea— txokolatearekin ere batuko dute 18:15etik 19:15era egingo den tailerrean. Bihar ere dastaketa bereziak egongo dira. Webgunean eman daiteke izena: www.basquetxokfestival.com.

Txokolategileek eta txokolatearen arloari lotutako profesionalek euren esperientzia eta jakituria partekatzeko aukera ere izango dute. 45 minutuko hitzaldiak egingo dituzte, eta gaur hamar izango dira; lehena, 11:00etan, eta azkena, 20:45ean. Askotariko gaiak landuko dira. Esaterako, Kakaoaren inportazioaren erronkak eta zailtasunak saioa gidatuko du Joan Baixasek, Amazing Chocolate kakaoan espezializatutako Bartzelonako enpresako ordezkariak, 14:00etan. Belgikako Katrien Delaetek kakao onak aukeratzeko aholkuak emango ditu Non, nola eta zergatik eskuratu kakao onak saioan, 19:15ean. Kafezaleentzako, kafearekin lotutako hitzaldiak ere prestatu dituzte Basque Txoken antolatzaileek.

Sukaldean

Euskal Herriko eta Europako zenbait sukaldarik zuzeneko erakustaldiak egingo dituzte. Doakoak izango dira saioak, eta ez da izena eman behar. Saray Ruiz, 2019an Espainiako gozogilerik onena izandakoa, Bilboko Mina jatetxeko Alvaro Garrido —Michelin izar bat du jatetxeak—, eta Lurka Txokolateakeko Pablo Ibarretxe izango dira gaurko saioetako gidarietako batzuk. Bihar ere egongo dira saioak, hiru guztira.

Basque Txok

Gaur eta bihar, BalmasedakoHorkasitas jauregian (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.