Ezarian. Zientzia

Asteroide bat Lurretik 'gertu' igaroko da hurrengo astean

Astroak 2012 DA14 du izena, eta hilaren 15eko iluntzean hurbilduko da gehien gure planetara, 30.000 kilometrora

Amaia Portugal.
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asteroide batek Lurraren orbita zeharkatuko du datorren astean. Zehazki, otsailaren 15eko iluntzean, 20:27an (Euskal Herriko ordua), izango da gure planetatik gertuen; 30.000 kilometrora egongo dela eta 22.104 kilometro orduko abiadura erlatiboan igaroko dela uste dute.

Astroak 2012 DA14 du izena, eta iazko otsailaren 22ko gauean detektatu zuten aurrenekoz, Mallorcako Astronomia Behatokian (Herrialde Katalanak). Gutxi gorabeherako kalkuluen arabera, 44 metroko diametroa duela uste dute. Handia izanagatik, ez da hura begi hutsez ikusterik izango; teleskopioak edo prismatikoak baliatu beharko dira, horrenbestez. Izan ere, zazpi puntuko magnitudea dauka asteroideak; distiraren adierazle da, kasu honetan, magnitudea, eta giza begiak ezin ditu ikusi seitik gorako puntuazioa duten elementuak.

Historian ez da inoiz halako tamaina duen eta Lurretik horren gertu igaroko den asteroide baten agerpena aldez aurretik detektatzerik izan. Lehenbiziko aldia izaki, behaketarako garaiz eta gogotsu ari da prestatzen astronomiaren alorreko profesionalak eta zaleak.

Asteroide honen orbita Lurrarenaren oso antzekoa da: 366,2 egun behar ditu Eguzkiari bira emateko. Gainera, hurbil kokatuta dago, eta aldian-aldian gure planetaren orbita zeharkatu ohi du; urtean bitan gurutzatzen dira bi objektuak. Horrek guztiak handitu egiten du bien arteko talka egoteko arriskua, baina adituek adierazi dutenez, kasu honetan oso ondo zehaztuta dago 2012 DA14ren ibilbidea, eta ez dago halakorik gertatzeko aukerarik.

Hain zuzen ere, asteroidearen etorreraren harira, hari buruzko azalpenak ematen ari dira egunotan Donostiako Eureka zientzia museoan. Otsailaren 17ra bitartean, planetarioko saio bakoitzaren hasieran, hamar minutuko hitzaldia emango dute astro mota horien inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.