Euskarara bikoiztuta edo azpidatzita dauden ikus-entzunezko lan asko ez dira streaming plataformetara iritsi orain arte, eta kezka azaldu du horregatik Pantailak Euskaraz taldeak. Izan ere, diru publikoz ETBrako edo zinemarako bikoiztu edo azpidatzi diren eduki ugari plataformetan euskaraz ikusteko modua egongo litzateke audioak eta azpidatziak txertatuko balituzte.
Netflixen 60 film daude euskarazko bikoizketa txertatu gabe; Disney Plusen, 48; Amazon Prime Videon, 105; eta HBOn, 101. Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren bosgarren xedapeneko hirugarren atalak dio streaming plataformakbehartuta daudela diru publikoz euskarara, katalanera edo galegora egindako bikoizketak txertatzera, erakunde publikoek euren esku gainkosturik gabe uzten dituztenean eta teknikoki bateragarriak direnean.
Audioak teknikoki egokitu beharrak lotura zuzena du egoerarekin, EITBko iturriek azaldu dutenez. ETBk audio batzuk bidali zituen iaz Netflix plataformara, eta bilera batzuk egin dituzte gaiaz hitz egiteko. Baina Netflixek jakinarazi zuen audioen espezifikazio teknikoak ez direla bateragarriak. «Estudio homologatuetan» egin behar dituzte egokitzapenak, eta 80.000 euro inguru kostatuko litzateke hori. Eusko Jaurlaritza prest agertu da diru hori jartzeko, baina erakunde publikoak tartean egonda, lizitazio publiko bat atera beharko litzateke. EITB horretan ari da lanean, baina baliteke prozesuak luze jotzea. Ikus-entzunezko enpresa globalak eta Netflix zorrotzak dira audioekin, eta Netflixek estudio homologatuekin egiten du lan beti. Espezifikazio tekniko jakinak dituzte, audio eta bideoan.
Horrenbestez, audioak ez dira berehalakoan iritsiko Netflixera. HBO Max plataformaren eskaera ere iritsi zaio asteon ETBri, baina ez dago argi zer gertatuko den audio horiekin.
EITBko zuzendaritzak dio audioak emateko prest dagoela, baina ohartarazi du beste batek erabili ahal izateko teknikoki bideragarriak izan behar dutela, eta noski, eskubideak izan.
Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailearen arabera, legeak ezartzen du erakunde eta telebista publikoen ekimena izan behar duela. Kritika agerrarazi du: «Oso larria iruditzen zaigu euskal erakundeen ekimen falta». Euskaldunen eskubideen kalterako dela ohartarazi du. «Tamalgarria da 300 film baino gehiago euskaraz ez ikusi ahal izatea plataformetan, bere garaian euskarara bikoiztu edo azpidatzi ziren arren».
Katalunian heldu diote gaiari. Natalia Garriga Generalitateko Kultura kontseilariak otsailean esan zuen plataformekin hizketan ari direla, eta TV3ek egindako katalanezko bikoizketak plataforma horietara iritsiko direla. Mantso, baina ari dira iristen, tantaka. Netflixera, bereziki. Baina baita HBO Maxera ere. Kontua da Kataluniako estudioak Euskal Herrikoak baino aurreratuagoak eta hobeak direla homologazio teknikoak aurrera eramateko. 2022ko uztailean iritsi zen Netflixera TV3ek egindako aurreneko katalanezko bikoizketa: Steven Spielbergen Jaws filmarena (1975). Pentsa daiteke errazago izango dutela TV3eko bikoizketekin ETBn egin direnekin baino.
Euskaraz sortutakoak
Atzerriko filmekin ez du zerikusirik, baina Pantailak Euskaraz-ek «kezkagarritzat» jo du euskaraz sorturiko ekoizpen batzuekin gertatzen ari dena: Disney Plusen, Irabazi arte soilik gaztelaniaz ikus daiteke; Movistar Plusen, ez dute jarri Unicorn Wars filmaren euskarazko audioa, eta Netflixen, Amama filma ezin da euskaraz ikusi. Movistarrek dio arazoa teknikoa dela, eta etorkizunean jarri ahalko dituztela filmen hiru edo lau hizkuntza. Amama-ren kasuan, TVEk Netflixi saldu zion, beste film batzuekin batera, audioari erreparatu gabe. Irabazi arte-rena ere berezia da: gaztelaniara bikoiztuta baino ez dago ikusgai plataforman, nahiz eta Disney Plusek lehen egunean euskaraz jarri zuen. Bigarren egunean kendu zuten euskarazkoa.
Aginagaldek egoera salatu du: «Euskaldunon hizkuntza eskubideak zapaltzen ari dira lan horiek soilik gaztelaniaz eskainita».
Audioen aferak luze joko du
Euskarara bikoiztutako 300 film baino gehiago ezin dira hizkuntza horretan ikusi 'streaming' plataformetan. Netflixek EITBri azaldu dio audioek homologazio teknikoa behar dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak