Aukera onena eskaintzen

Produktu edo zerbitzu bat %40 eta %50 merkeago eskaintzen du egunero 'Deskontu.com' webguneak, osasun tratamenduak eta jatetxeetako menuak tartean.

Atzoko eskaintza: hamar saio Body Coach bibrazio plataforman. DESKONTU.COM.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Kantauri itsasoko antxoen 125 gramoko lau poto 30 eurotan, hamabi sagardo botila bederatzi eurotan, bi dozena gaztaina erre hiru eurotan... %40tik %50era doazen deskontuak. Batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari non aurki ditzakeen horrelako eskaintzak. Txomin Jauregik, Deskontu.com webgunearen bitartez, merkealdia urte osora zabaldu du.

Webgunearen funtzionamendua oso erraza da. Egunero produktu edo zerbitzu bat eskaintzen du, eta erosleak 24 ordu ditu hura erosteko. Behin produktua ordainduta, kode bat iritsiko zaio helbide elektronikora, eta kode hori erabiliko du dendan edo tabernan. Eguna amaitzean eskaintza baliogabetuko da —ez, ordea, kodea—, eta beste eskaintza bat egongo da eskuragarri. Deskontu, baina, «ez da saltzeko erreminta bat», Jauregik dioenez; baizik eta «promozioa egiteko tresna».

Jauregiren esanetan, «jatetxeetako eskaintzak eta osasun tratamenduak saltzen dira hobekien»; baina ahalik eta eskaintza desberdinenak aurkezten saiatzen dira. «Egunero jatetxeak jartzen baditugu, bisitariak badaki zer aurkituko duen hurrengo egunean; eta sorpresa ukitu hori galduko dugu». Jendearen interesari eusteko eskaintza zabala egin behar dutela uste du.

Hala, azken egunetan izan dituzte nolabaiteko oihartzuna lortu duten eskaintzak. Deigarriena, ziurrenik, Donostiako Artzain Onaren plazan egoten den gaztaina saltzailearen deskontua izan zen. Bi dozena gaztaina erre hiru eurotan eskaini zituzten, ohi baino %40 merkeago; 56 pertsonak erosi zituzten gaztainak. Aurretik inor gutxik pentsatuko zuen gaztaina erreak Internet bidez sal zitezkeenik.

Deskontu Interneteko erabiltzaileen egunerokoan barneratzea da Jauregiren helburua: «Interneteko erabiltzaileok egunero webgune berak bisitatzeko ohitura dugu, eta gure asmoa Deskontu egunerokotasun horretan sartzea da». Pozik dago orain arte lortu duten leialtasunarekin. Deskontu Twitter eta Facebook sare sozialen bidez sustatu dute soilik, baina erabiltzaileen ahoz ahoari esker sare sozialetako erabiltzaile zerrenda mugatutik kanpo ere hazi direla uste du Jauregik.

'Ddonosti'-tik 'Deskontu'-ra

Deskontu-ren ideia zuzenean Ameriketako Estatu Batuetatik inportatu du Jauregik, deskontu eta kupoi webguneak indar hartzen ari zirela ikusirik. Proiektua bideratzeko, baliagarria izan da ddonosti.com, Jauregik orain dela bi urte eta erditik kudeatzen duen Donostiako eta Gipuzkoako doako gida komertziala. Gidari esker lorturiko oinarri komertzialaz baliatuz jarri ahal izan du abian Deskontu.

Ddonosti barnean dauden hainbat enpresak Deskontu-ra egin dute salto. Dena dela, Deskontu-n agertzen diren enpresek ez dute zertan ddonosti-koak izan, eta badira gidarekin zerikusirik ez duten enpresak. Joera aldaketa bat dagoela uste du Jauregik: «Hasieran ez gintuen inork ezagutzen, eta gu joaten ginen leku guztietara Deskontu zer den aurkeztera. Orain, berriz, poliki-poliki beraiek jartzen dira gurekin harremanetan. Hamarretik batean bada ere, gurekin harremanetan jartzen dira, eta kopuru hori handitzen ari da pixkanaka». Orain arte ez dute eskaintzarik errepikatu; baina, azaldu duenez, «saltzaileak gustura geratu badira, orain dela bi hilabete jarri genituen eskaintzak berriro ere jar ditzakegu».

Bestalde, beste lurraldeetako produktuak eskaintzeko aukera zabalik utzi du Jauregik. Erabiltzaile gehienak gipuzkoarrak dira, baina badaki badaudela probintziako mugatik at interesgarriak izan daitezkeen eskaintzak, hotel egonaldiak kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.