Astelehen goiza
Mendi ibilaldia hasi baino bi egun lehenago, Sacsaywaman inken gotorleku ezagunean bueltaka nabil. Ekainaren 24an amaitzen den Inti Raymi eguzkiaren festa famatua hilabete osoan ospatzen denez, hiria jendez gainezka dago, eta antzinako hondakinak, aldiz, lasai. Gotorlekuaren kokaleku pribilegiatutik hiriaren bistak zoragarriak dira.
Hego Amerika erdialdeko haran emankor batean, Peruko Andeen bihotzean, bada inperio boteretsu baten jaioleku eta zilbor bezala ezaguna den hiri bat: Cusco. Inken hiri inperiala da, inka zibilizazioaren testigantza paregabea.
Gaur egun oraindik ere bertako biztanleen ohitura eta tradizio askok haien arbasoen sinadura daramate. Iragan konplexu batez, gertaera esanguratsuz eta kondaira ederrez ehunduta, inken hiriburu eta hiri kolonialaren amalgama harrigarria da.
Hiriari so, urrunetik leunki datorkidan kantu bat sumatu dut.
—¡El sueño del inca! —esan diot bozgorailua zeraman mutilari.
—Bai. Gure musika tradizionala entzutea gustuko dut hondakinak bisitatzen ditudan bitartean. Ikusten al duzu han, urrunean, besteen gainetik nabarmentzen den mendi elurtua?
Egun eguzkitsu batean Sacsayhuaman gotorleku paregabetik hego-ekialdera begiratuz gero, urrunean, Vilcanotako mendilerroa osatzen duten gainontzeko mendien artean, apu* dotore bat bereiziko dugu. 6.384 metrorekin, Ausangate da Peru osoko mendirik altuenetan bosgarrena, baina lehena izan daiteke edozein bidaiariren memorian.
Astelehen gaua
Ausangate mendiaren itzulia egiteko, bada gida guztiek gomendatzen duten ibilbide bat. Tinki herrian hasi eta 70 kilometro egin ondoren, gune berean amaitzen den bost eguneko ibilbide gorabeheratsua da. Gogorra omen da, ez bakarrik altuera handian gainditu beharreko desnibelagatik, baita dituen baldintza klimatologiko aldakorrengatik ere. Ekaina izanik, sasoi lehorrak behar luke, eta, eremu honetan urte osoan eguraldia nahiko aldakorra bada ere, klima aldaketak iragarpenak erabat aztoratu dituela aipatu didate bertakoek.
Gomendaturiko ibilbideari buelta bat eman nahi diot, hala ere. Ez dut gehiago gogortzeko asmorik. Bakarrik nago, aurreikuspen meteorologikoak ez dira onenak, eta badakit bihar alokatuko dudan mendi materiala ez dela arina izango. Vinicunca, Ortzadar mendi koloretsua ezagutzeko ilusioa daukat, ordea. Mapetan begira, uste baino azkarrago topatu dut bi mendiak elkar ditzakeen bidexka bat. Tinki, ordez, Ortzadar mendiaren magala izango da nire ibilbidearen hasierako gunea.
Aste amaierarako eguraldi iragarpena eskasa izanik eta munduaren txoko honetan, 5.000 metroan, naturaren haserrea ezagutzeko ilusio handirik ez daukadanez, txangoa hiru egunetan osatzea erabaki dut. Altuerara ongi egokituta nago, hala ere; bi hilabete daramatzat jada Peruko mendikateetan gordeak diren txoko ezberdinetan barrena, eta, zentzu horretan, ez dut ustekaberik espero.
Bihar, asteartea, prestaketa lanak egiteko erabiliko dut. «Bost egunerako jana eramango dut, badaezpada», pentsatu dut ohera bidean.
Asteazken goiza
04:30ean jo du iratzargailuak. Salto batez ohetik jaiki, eta autobus geltokira abiatu naiz. Cusipata herrian naiz 07:00ak jotzerako, baina hemendik Ortzadar mendiaren magalera badira autoz egin beharreko kilometro mordo bat.
Herrian ez da jenderik, eta hotz egiten du. Jatetxe txiki bat irekitzen ikusi, eta hara gerturatu naiz zer egin erabakitzeko asmoz, baita gorputza berotzeko asmoz ere. Ibilbidean bai, baina hasierako gunera nola iritsi pentsatzea ez zitzaidan burutik pasatu. «Artaburua!», pentsatu dut.
Ez da atzera-bueltarik. Ahal den neurrian gauzak nire kabuz egitea gustuko dut, baina batzuetan burugogortasunak itsutzen nau.
Jatetxeko sutondoan, kafe bero bat eskuetan, zerbitzariarekin solasean hasi naiz. «Ez duzu taxia partekatzeko lagunik topatuko. Jende gutxi dabil». Listo! Erabakia hartuta! Kafea amaitu, motxila bizkarrera eraman, eta oinez abiatu naiz harrizko bidean gora.
—Oinez al zoaz? Seguru zaude? Egun oso bat beharko duzu hara iristeko!
Zorte handia izan dut: bi ordu ez dira pasatu furgoneta bat nire alboan geratu denerako. «Igo!».
Ez da harritzekoa Ortzadar mendiak mugitzen duen turismo mordoa. Ez haren begiratokira igo eta hari so jarri denarentzat, behintzat. Txundigarria da mendiak eskaintzen duen kolore sorta.
Neure motxila erraldoia bizkarrean hartuta aurrera noa, gainontzekoek Cuscorako itzulera abiatzen duten bitartean. Hemendik aurrerakoa bakarrik egin beharko dut.
Asteazken arratsaldea
Hasierako zatiak une oro GPSak markatzen didan lerroari adi egotera behartzen nau. Xendak ez dira bereziki intuitiboak, baina lasai noa, aise, altuerara ongi egokitua nagoen sentsazioarekin.
Ederra da paisaia, basatia. Etxola bakartiren bat ikusten da han-hemenka, eta zuriz jantziriko mendiak urrunean. Alpaka eta llama talde handiak nonahi, artzainen lurraldea da hau.
Ibilbidean aurrera egin ahala, errazagoa zait bideari jarraitzea, eta, hala, lo egitea pentsatua dudan tokira uste baino azkarrago iritsi naiz. Nekatuta nago, baina oraindik arratsaldeko orduak zain ditudanez, bidean jarraituko dut, hurrengo haranera arte.
Ederra da paisaia, basatia. Etxola bakartiren bat ikusten da han-hemenka, eta zuriz jantziriko mendiak urrunean. Alpaka eta llama talde handiak nonahi, artzainen lurraldea da hau.
«Azken aldapa, eta ondoren behera, ahal den altuera baxuenean lotarako denda muntatzeko leku egoki bat bilatu arte», pentsatu dut, baina goizean erraza zirudiena izugarri kostatzen ari zait orain. Txakalaldiak erasan dit, zetorrela konturatu gabe. Leher egina nago. Altuerara egokituta omen nengoen, baina gutxietsi egin dudala uste dut.
Urduritu egin naiz, une batez, ordulariari begiratu eta gauak harrapatuko nauela konturatzean, baina beldur guztiak kolpetik pasatu zaizkit nire oinek Palomani lepoa (5.200 metro) zapaldu dutenean.
Ausangate mendia ikusten dut lehen aldiz parez pare, eta laku eder bat haren magalean. Erraldoia.
Asteazken gaua
Ilunabarrak nahi ez nuen lekuan harrapatu nau, altuera handiegian. Ez da atzo baino lehenago iritsi: ni naiz berandu dabilena. Egunean zehar eguzkitan izan ditudan 15 graduetatik, zero azpitik 10 gradura jaitsiko da tenperatura ordu gutxian.
Mendizale estatubatuar batekin gurutzatu naiz beherakoan. Egun osoan ikusi dudan lehen adiskidea. Ni maldan behera noa, gutxienez.
Denda ezartzeko leku benetan ederra topatu dut, errekatxo baten alboan, mendi erraldoia begira dudala. Ahal bezain pronto afaldu, daukadan arropa guztian bildu, eta lotarako zakuaren barruan estali naiz. Ordubetean, ur botila izotz bloke bihurtu da, baina pozik naiz.
Ostegun goiza
Txakur bat besterik ez da inguruan dendatik atera naizen momentutik. Nire presentzia oharkabean pasatu dela ematen du.
Motxilak sorbalda sumintzen dit, eta hankak gogor ditut. Atzo behar baino gehiago ibili nintzen.
Paisaiak txundigarriak dira gaurkoan ere. Zeruaren ispilu diruditen laku turkesak, glaziarrak eta gezurrezkoak diruditen haran koloreztatuak. Bertako fauna endemikoaz gozatzeko zoria ere izan dut. Ez dut ikustea hainbeste desiratzen dudan kondor dotore edo pumaren batekin gurutzatzerik izan, baina bai hainbat bikuina —alpakaren senide basatia— eta bizkatxekin —untxiaren antzeko karraskaria—.
Eguerdi aldera, eguneko lehen pertsonarekin egin dut topo. Lasai da bere artaldeari begira. Nire botak deigarri egin zaizkio. «Zenbat balio dute? Erosiko dizkizut!».
Harritu da itzulia nire kabuz egiten ari naizela ohartu denean. «Kanpotarrek gidarekin eta zaldiekin egin ohi dute». Klima gogorrak markaturiko aurpegi latza du, baina irribarre txiki batek ihes egiten dio. Atsegina da, eta mendiaren kondairen inguruan berriketan aritu gara.
Harritu da itzulia nire kabuz egiten ari naizela ohartu denean. «Kanpotarrek gidarekin eta zaldiekin egin ohi dute».
Andeetako mendien artean, bere aparteko edertasunagatik baina, batez ere, cuscotarren mundu ikuskeran duen esanahiagatik da miretsia Ausangate elurtua.
Inka mitologiaren arabera, Ausangate uren sortzailea da haran basati hau ongarritzen duen energia maskulinoa. Bertan jaiotzen diren urak Amazonia urrunean galtzen dira, eta, ondoren, bere laku eta glaziarretara berriz itzuli.
Kondairak dio Willcomayu —Esne Bide deritzoguna—, izar bihurturik, gauero itzultzen dela bere laku eta glaziarrak betetzera.
Tartetxo batean kontu kontari aritu ondoren, bideari ekin diot berriro ere.
Ostegun arratsaldea
Paisaia ederragorik ezin dela topatu pentsatzen hasi orduko azaltzen da aurrekoa baino are eta ederragoa den beste bat. Eta, ondoren, beste bat. Ibilbide osoko azken igoera egin ondoren, beherantz abiatu naiz.
Arratsaldeak aurrera eginda, ibilbideko lehen herrixkarekin egin dut topo. Artisautza lanetan diharduten bi emakume dabiltza berriketan. Ez dute argazkietan ateratzerik nahi, baina, nire harridurarako, harrera beroa egin didate. Andeetako indigenak nahiko mesfidatiak izan ohi dira atzerritarrekin; hasieran, behintzat.
Chillca komunitatea da paisaia eder hauen zaindaria. Nekazariak dira, nekazariak eta, batez ere, llama- eta alpaka-zainak. Animalia horiek hazi eta altuera baxuagoan bizi diren herritarrekin salerosketak eginez bizirauten dute. Ez dute bizitza errazik. Altuera handia, klima gogorra, bakardadea...
Globalizazioari iristea kostatzen ari zaion munduaren zati magiko honetan, haien bizitzeko ohiturek oso bizirik diraute. Daramaten janzkera da horren adibide; antzinatik datozen eguneroko bizitza eta sinesmen espiritualak islatzen dira bertan.
Ostiral goiza
Begiak ezin irekita esnatu naiz, betazalak itsatsita. Berandu arte ibili nintzen atzo ere, kanpatzeko leku bila, gauez, Pacchanta herrira oharkabean iritsi arte.
Ostiralarekin eman diot amaiera txangoari, Pacchantatik Tinkira doan paseo lasai batekin. Bertan bizi den kitxua komunitatean barrena doan bidexka polita da.
Tinki herrira iristeko kilometro baten faltan, Cuscora doan auto bat geratu zait.
Berezia da Cuscoko harrizko kale eta plaza zaharrak berriro ere zapaltzea. Are eta bereziagoa ekainaren 23an, hiriaren ospakizun handienean baldin bada.
Bukatu da mendi ibilaldia. Ene espektatiba guztiak gainditu dituen bidaia izan da; zoragarria izan da Ausangate mendiaren magalak ezagutzea. Gogoratzeko, egunerokoan idaztea behar ez den esperientzia horietakoa.
*Apuak inken garaitik bizirik dirauten mendiak direla uste dute andetarrek, eta nagusitzen diren eskualdeko zikloetan eragin zuzena izatea egozten zaie.