ATZEKOZ AURRERA. Andoni Saez de Ibarra. Ikerlaneko ikertzailea

«Auto elektrikora jo behar dugu»

Asko hitz egiten da energia motei buruz, baina gutxiago energia mota horien kudeaketa praktikoaz, hau da, modu eraginkorragoan erabiltzeko bideez. Saez de Ibarrak kudeaketa moduak ikertzen ditu.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
jakes goikoetxea
Hernani
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
BRTA ikerketa eta teknologia taldearen Ikerketa Etorkizuna sarietako bat jaso zuen uztailean, orain arte egindako lanagatik eta etorkizun oparoa izateagatik. Ikerlaneko ikertzailea da Andoni Saez de Ibarra (Gasteiz, 1988). Energia kudeaketarako ikerketa taldean lan egiten du.

Zeri deitzen diozue energia kudeatzea?

Elikadura iturri bat edo gehiago eta biltegiratze sistema bat edo gehiago dauden aplikazio batean erabakitzea une bakoitzean zer elementuk eman behar duen energia hori.

Eta zuek zer egiten duzue?

Kudeaketa edo aukeraketa hori ahalik eta modu eraginkorrenean egiten saiatzen gara. Biltegiratze sistemak oso garestiak dira oraindik, eta saiatu behar dugu horiek ahalik eta hobekien erabiltzen, iraupena luzatzeko.

Sistema berririk ez duzue asmatzen: merkatuan daudenen kudeaketa aztertzen duzue.

Batzuetan, aplikazio berriak baliatzen ditugu. Ibilgailu hibridoetan, esaterako, barne errekuntzako motorrak eta bateriak zer tamaina izan behar duten esaten dugu. Baita bakoitza noiz erabili behar den ere, kontsumoa gutxitzeko eta bateriaren iraupena luzatzeko.

Zuk esana da akuilatu egiten zaituela kalean zuen lanaren «zatitxoak» ikusteak. Zer dira «zatitxo» horiek?

Lan dezente egiten dugu, CAF tren eta autobus ekoizlearentzat, esaterako. Denok hartzen dugu noizbait trenen bat edo tranbiaren bat, eta guk egindako lana daukate barruko kudeaketa sisteman. Horrek poztu egiten nau.

Zer sentsazio eragiten du energiaren kudeaketan lan egiteak eta Espainiako mix energetikoaren anabasa ikusteak?

Ezjakintasun handia dago. Iberiar penintsulako energia berriztagarrien kontrolaren sistema Europako onenetakoa da. Iberiar penintsulan, egun askotan lortzen da energiaren %60 erabat berriztagarria izatea. Esango nuke Iberiar penintsulan nahiko ondo egiten dela.

Energia enpresa handiak sekulako kanpainak egiten ari dira etxeetan energia berriztagarriak haien bidez jartzeko. Nola ulertu behar dugu jarrera aldaketa hori?

Duela hiruzpalau urtera arte ez zuten hori egiteko beharrik, baina ikusi dute horrekin bat egin ezean negozioaren zati bat galduko dutela.

Energia kooperatibak al dira etorkizuneko kudeaketa sistema?

Bai, horretara joan behar dugu, nahitaez. Enpresa handiek inbertsioak egiten dituzte errentagarritasun ekonomikoa lortzeko; Goienerren moduko kooperatiben helburua, berriz, pertsonak energetikoki autosufizienteak izatea da.

Erakundeak ibilgailu elektrikoak bultzatzen ari dira, eta kargalekuez hitz egiten da batez ere. Gutxitan esaten da ibilgailu elektriko bat duena ia behartuta dagoela garaje bat edukitzera, autoa kargatzeko. Ez da hala?

Egia da, ia beharrezkoa da. Ibilgailu elektrikoa ez dago prest familia guztietarako. Familien beharren eta aukeren araberakoa da. Hala ere, kargaleku dezente daude gure inguruan, gero eta gehiago. Esango nuke Euskal Herrian kargalekuren bat dagoela 25 kilometrotik behin.

Prest gaude gehiengoak ibilgailu elektrikoa izateko?

Ez, ez dago beharrezko azpiegiturarik. Gainera, gizartearen mugimenduak garbi daude: oporretara urrun samar joaten gara, eta horrek esan nahi du abiatu eta bizpahiru ordura sare bat behar dugula. Eta gero beste bat.

Inbertsio ona da auto elektriko bat erostea?

Bakoitzaren beharrak aztertu behar dira. Perfektua da egunero 50 kilometro egin behar dituztenentzat. Urtean egiten den kilometro kopuruari begiratu behar zaio, eta kilometro horiek egiteko moduari. Argi dago denok ibilgailu elektrikora hurbilduz joan behar dugula.

Finlandia da ereduetako bat. Zergatik?

Ez Finlandia bakarrik, Norvegia ere izan daiteke. Ibilgailu elektriko gehiago saltzen dituzte, barne errekuntzako motorra dutenak baino. Kontzientzia dute, sinesten dute jauzi hori egin behar dutela, gobernuak laguntza dezente ematen dizkie, azpiegiturak dituzte, eta, oro har, bakoitza bere etxean bizi da; ia denek garajea dute.

Litio ioizko bateriek iraungitze data dute?

Bai. Kimika berriak lantzen ari dira baterietan, baina datorren hamarkada litio ioizkoa izango da oraindik.

Hidrogenoak ordezkatuko du?

Erabileraren araberakoa izango da. Hidrogenoa ez da izango gauza guztietarako.

Energiaren kudeaketan joera berriren bat?

Digitalizazioa oso garrantzitsua da. Gero eta datu gehiago ditugu, eta adimen artifizialeko teknikak erabiltzen ari gara energiaren kudeaketan sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.