Ezarian. Autoak Kuban

Autoen salerosketari bidea

Mende erdiko debekua bukatu, eta autoak saltzea eta erostea baimentzen duen dekretua jarri dute indarrean Kuban. Neurria sozialismoa «gaurkotzeko» hartutako erabakietako bat da.

2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Apirilean onartu zuen Kubako Alderdi Komunistak, uztailean aurreratu zuen egitasmoa Gramma egunkariak, eta larunbatean jarri zuten indarrean neurria: aurrerantzean auto pribatuak saltzeko eta erosteko modua izango dute kubatarrek. Albisteak badu bere esangura, jabetza eta ekimen pribatuaren kontzeptuari bira eman diotelako uhartean eta mende erdi pasatxoan halakorik egitea debekatua izan dutelako kubatarrek. Raul Castro buru duen gobernuak «sozialismoa gaurkotzeko» hainbat aldaketa iragarri eta Alderdi Komunistaren VI. Kongresuan onartu zituzten; aldaketa horietako bat da autoen nahiz etxeen salerosketa baimentzen duena.

Ez da berrikuntza bakarra izan, baina bai herritarren artean oihartzun gehien izan duenetakoa. Dekretua larunbatean indarrean jarri zen arte, herritarrek 1959. urtearen aurretik ekoitzitako autoak salerosi zitzaketen soilik. Neurri horrek azaltzen zuen, hein batean, 50eko urteetako AEBetako autoen erabilera ohikoa Habanako kaleetan.

Aurrerantzean halako muga zurrunik ez da izango, Castro presidenteak eta Cesar Ignacio Garraio ministroak sinatutako dekretuak dioenez: «Ibilgailu motordunen donazio eta salerosketarako, kubatar jatorriko herritarrek nahiz uhartean bizi diren atzerritarrek ez dute agintari baten inolako baimenik beharko».

Kuban bizi diren atzerritarrek uhartean baimendutako kontzesionarioetako autoak nahiz inportatutakoak erosteko aukera izango dute, baina Kuban bizi diren artean bitan baino ezingo dute halakorik egin. Gobernuarentzat lan egin eta haien irabaziak dolarretan edo peso bihurgarrietan dituzten kubatarrek, berriz, Kubako Garraio Ministerioaren baimena beharko dute auto bat erosi ahal izateko. Bost urtean behin eskura dezake herritar bakoitzak auto bat erosteko baimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.