Santa Katalinako itsasargiko langilea

Endika Duran Pereira: «Automatizazioaren ondorioz, erromantizismoz eta ezagutzaz beteriko ogibide bat galdu da»

Lekeitioko Santa Katalina itsasargia Euskal Herrian bisita daitekeen bakarra da: bertako interpretazio zentroan, farozainaren etxea ikus daiteke, bai eta nabigazio simulagailua probatu ere.

 Endika Duran Santa Katalinako faroko langilea, irailaren 8an, Lekeition. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Endika Duran Santa Katalinako faroko langilea, irailaren 8an, Lekeition. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Leire Rodero
2025eko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Santa Katalina itsasargia izen berbera duen lurmuturrean dago, Lekeition (Bizkaia). Bertan, mendi eta zelai arteko bidexkak herria eta itsasargia batzen ditu. Mendi tontorretik baino, gertuago dago uretatik, eta ohikoa ez den kokapen horrek behatoki pribilegiatu bihurtzen du itsasargia; labarrek, begiratokiek eta inguruko bideek egiten dute faroa erakargarri. 1862tik, Santa Katalinaren argiak kostaldera hurbiltzen diren ontziak gidatzen ditu, eta gaur egun ere eginkizun bera betetzen du. Baina, 2016az geroztik, faroak bere barneko xarma erakusten die bisitariei; Euskal Herrian urte osoan eta guztiz bisitatu daitekeen itsasargi bakarra da. Endika Duran Pereirak (Iurreta, Bizkaia, 2002) hiru urte daramatza Santa Katalina itsasargiaren interpretazio zentroko gida turistiko moduan, eta bertako historia eta sekretuak sakon ezagutzen ditu.

Zein da Santa Katalina itsasargiaren historia?

Amado de Lazaro y Figueras ingeniariak diseinatu zuen, eta 1862an ireki zuten. Urteekin, eraikinak hainbat eraldaketa izan ditu, eta horien artean nabarmenena zera izan zen: azetilenozko lanpararen ordez petroliozkoa ezartzea, 1935ean. Bestalde, ekaitzetarako eta lainorako sirena elektrikoa instalatu zen 1956an. Eta urteak pasatu ahala, hainbat erreforma txiki egin ziren: besteak beste, harrizko balkoien ordez burdinazkoak ezarri ziren, hezetasunak eragindako kalteak konpondu ahal izateko. Makina gela bat ere eraiki zen, eta 1975ean kupula ordezkatu zen optika birakaria eransteko; hala, faroen argien mugimendu naturala lortu zen. Aipatutako aldaketa eta erreforma horiei esker, garrantzi handiagoa lortu du: inauguratu zenean, bosgarren mailako faroa zen, eta gaur egun hirugarren mailakoa da. Gainera, 2016az geroztik, interpretazio zentroa du, eta bisitatu daiteke da.

Zer baldintzak eman dute modua itsasargi hau izan dadin bisitatu daitekeen bakarra?

Bisitetarako erregulartasunez egokitutako itsasargi bakarra dela esango nuke. Eta hainbat faktorek eragin dute hori: faroaren tamaina eta dimentsio arkitektonikoek ingurura egokitzeko aukera ematen dute, sarbide erraza du, baita taberna bat ere. Gainera, oinez zein autoz iristeko bide egokituak daude. Kokapenak ere eragin handia du: euskal kostaldean hamabost itsasargi daude, horietako bost Bizkaian, eta hau da Bilbotik urrunen dagoena, ia Gipuzkoan. Baina badira salbuespen batzuk, beste itsasargi batzuk ere bisitatu daitezke eta: Santa Klara itsasargia [Donostia] udan eta Aste Santuan irekitzen dute; bertan, Cristina Iglesiasen obra bat dago ikusgai. Eta Miarritzeko itsasargia ere bisitatu daiteke: sarrera aterata, faroaren balkoira igo daiteke. Baina Lekeitioko itsasargia urte osoan bisita daiteke, eta horretarako prestatua dagoen itsasargi bakarra da.

Zer-nolako lotura dute itsasoak eta Lekeitioko herriak?

Oso harreman sendoa izan da betidanik Lekeitioren eta itsasoaren artean. Ni ez naiz Lekeition jaioa, baina txikitatik ikusi dut hemengo ekonomia nola aldatu den itsasoaren eragina dela eta. Lehen, arrantza jarduera handiko portua zen Lekeitio, eta orain turismo helmuga bihurtu da. Santa Katalinako interpretazio zentroak, hain zuzen ere, istorio hori islatzen du bisita gidatuan. Behin itsasargira sartuta, bisitariek erraz ulertzen dute zein-nolako eragina izan duen arrantzak gure ekonomian. Emakumeek portuan izan zuten rolaz ere jabetzen dira; askotan ikusezin bihurtu den horren berri jakiten dute lehenengoz turista batzuek.

«Lehen, arrantza jarduera handiko portua zen Lekeitio, eta orain turismo helmuga bihurtu da»

Zer ikus daiteke itsasargiaren atea zeharkatuta?

Ordubete inguruko bisita izaten da, eta hasieran euskal itsasargien historiari buruzko bideo bat jartzen da. Ondoren, Bilbotik Baionaraino dauden hamabost itsasargien plakak daude ikusgai: koordenatuak, neurriak, argi zikloak eta bestelako datuak azaltzen dira haietan. Aurrerago, farozainaren etxe zaharrera sartzeko aukera dago. Bertan, itsasargiaren historiaren berri jakingo dute bisitariek, eta urteetan erabilitako nabigazio tresnak zeintzuk ziren aurkeztuko da, konstelazioetatik hasi eta gaurko GPSraino. Baina, zalantzarik gabe, nabigazio simulagailua da arrakastarik handiena duen atala. Ordu laurdeneko itsasontzi bidaia bat irudikatzen da, eta enbata handi batekin amaitzen da. Hala, modu oso errealistan trasmititzen da itsas zabalean ekaitzak zer eragin dezakeen. Azken aretoa obra berriei zuzenduta dago, eta lehen aipatutako portuaren ekonomian eta emakumeek egindako lanen garrantzian oinarritzen da: saregileak, deskargatzaileak, kontserbagileak eta alga biltzaileak, besteak beste.

Itsasoak emakume langile asko bildu izan ditu, askotan ezkutuan. Nolako rola izan dute emakumeek itsasoan?

Herrian emakumezkoek izugarrizko garrantzia izan dute. Askotariko lanak egin dituzte. Itsasargiaren kasuan, ez da farozain emakumerik izan, nik dakidala. Baina, adibidez, arraina deskargatu egiten zuten gero alde zaharrean saltzeko. Edo sareak josi eta konpontzen zituzten, eta kontserbagintzan aritzen ziren asko. Algak biltzeaz arduratzen ziren beste batzuk, eta sagardoa ere egiten zuten, funtsezkoa itsas espedizioetan eskorbutoa prebenitzeko. Gaur, Lekeition, saregile aktibo bat baino ez da geratzen, eta aurten jaietako txupinazoa botatzeko ardura izan du: Oihana Garatea.

«Itsasargiak berez magnetismo berezia du, baina literaturak eta zinemak zeharka eragiten dute gaur egun ere»

Automatizazioarekin, desagertu egin da farozainaren irudia. Zer irabazi eta zer galdu da aldaketa horrekin?

Erosotasunean eta estatuarentzako kostuetan irabazi da, faroek automatikoki funtzionatzen baitute. Baina automatizazioaren ondorioz, erromantizismoz eta ezagutzaz beteriko ogibide bat galdu da. Farozain batek, bere faroa zaintzeaz gain, edozein gorabehera azkar konpon zezakeen. Gaur egun, presentzia iraunkor hori gabe, dena inpertsonalagoa da, eta ez da hain eraginkorra. Gaur egun, kostaldeko bi itsasargitan bakarrik geratzen dira farozainak: Igeldokoan, Donostian, eta Matxitxakokoan, Bermeon [Bizkaia].

Literaturak eta zinemak asko idealizatu dituzte itsasargiak eta haien paisaiak. Uste duzu eragina izan duela turismoan, edo itsasargiak badu bere magia propioa?

Tourretara askotariko jendea dator, eta oso arrazoi ezberdinengatik. Gaur egun, pisu handia dute prentsan eta turismo gidetan argitaratzen diren albisteek. Baina badira farozainen bizitzari buruzko liburuak edo faroetan girotutako istorioak irakurri dituztelako etortzen diren bisitariak ere. Beraz, itsasargiak berez magnetismo berezia du, baina literaturak eta zinemak zeharka eragiten dute gaur egun ere, eta interes hori bizirik mantentzen dute belaunaldi luzez.

lotsabako

Itsasoa ala mendia?
Itsasoa.

Faroa hitz bakarrean?
Xarmagarria.

Itsasoak zer transmititzen dizu gehien: lasaitasuna ala indarra?
Lasaitasun ikaragarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.