Ezarian. Artea

Auzoko artisten egiak

New Yorkeko Greenwich Villagekin parekatu izan dute askok Donostiako Egia auzoa. Artista asko igaro dira auzotik, eta Ipar enpresak horietako batzuk bildu ditu orain 'To auzoa' liburuan.

Maite Alustiza.
Donostia
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Artista asko biltzen ditu Egia auzoak (Donostia). Arlo askotarikoak lantzen dituzten lagunek artisten bilgune bilakatzen dute auzoa. Argazkilariak, idazleak, eskulangileak, aktoreak…Askotariko diziplinek bat egiten dute han, eta Ipar komunikazio grafikoa enpresak horiek biltzea erabaki du To auzoa liburuxkan.

82 lagun nahiz talde elkartu dituzte, elkarlanean, artelan bat osatzeko. Norberak bere puzzlearen pieza jartzeko txokoa izan du; testuak, margolanak eta irudiak erabili dituzte, euren gogoeten eta bizipenen berri emateko. «Auzoarentzat zerbait egiteko ideia beti izan dugu buruan», adierazi du Karmele Agirrezabal Ipar enpresako arduradunetako batek. 2009an 25 urte bete zituztela eta, aukera aprobetxatzea pentsatu zuten. Zerrenda bat eginez joan ziren ezagutzen zituzten artistekin, eta, ahoz aho, jendea bildu zuten pixkanaka. Liburua bi urteetako lanaren emaitza da, eta, 82 artista bildu badituzte ere, liburuxkatik kanpo geratu diren artisten zerrenda bat gordea dute etorkizunerako.

«Polita, aberatsa eta ausarta» iruditu zaio ideia Josean Bengoetxea aktoreari. Egiako gaztetxean eman zituen lehenengo pausoak aktore gisa, eta Donostiako auzotik mundu osoko zinema aretoetako pantailetara iritsi da. Egiako gaztetxeak garai hartan lan polita egiten zuela dio, eta, haien lanari esker, ikastaro batean parte hartzeko aukera izan zuen. Javier Sabadie antzerki zuzendariak eskaini zion antzerki batean lan egin ondoren hasi zuen bere ibilbidea zinema munduan. «Nire aberri txikia da Egia auzoa; oroitzapenik sakonenak han dauzkat, Egian izan nituen lehenengo loturak kulturarekin». Bizitasun eta mugimendu handia duen auzoa da, haren ustez, Egia auzoa. Auzoa baino gehiago, «artisten herri txikia» da Egia Bengoetxearentzat: «Guretzat, herri bat zen; denek ezagutzen genuen elkar, eta elkarren arteko harremana genuen». Donostia eta Madril artean bizi da orain, eta, Donostian dagoenean bertan duena estimatzen badu ere, kanpoan egonda norberak duena gehiago estimatzen da,Bengoetxearen ustez. «Hemen dena daukagu; kultura aldetik beti izan du mugimendua Egiak, eta kanpotik etorri den jendeak kolore gehiago eman dio auzoari».

Auzoarekin harreman sakona

Egia eta liburuxkako artistak elkarri lotuak daude. Batzuk han jaio dira; besteak, aldiz, duela urte askotatik bizi dira auzoan. Kultura eta artea sustatzeaz gain, Egia auzoak kulturalki duen eta izan duen mugimendua gertutik bizi izan dute askok. Orain dela 50 urte auzora bizitzera joan zenetik, aldaketa nabaritu du Ines Goikoetxea poetak: «Urteek aurrera egin ahala, asko irabazi du Egiak: euskara sustatuz joan da, ikastolak egin dituzte…». Sormen literarioko tailer batean hasi zen Egian, eta bera kulturari ekarpenak egiten dabil 2000. urte ingurutik. «Gehiago naiz poeta, narrazioen idazlea baino». Dena den, idatzitako bi narrazioengatik bi sari lortu ditu. Beste narrazio bat bukatu berritan, poema liburu bat argitaratzeko asmoa du datorren urteari begira.

Txaro Telleria eskulangileak ere uste du Egia «asko mugitzen den auzoa» dela. Bera ere asko mugitutakoa da, bidaia asko egindakoa, eta horrek artearen inguruko ezagutza asko ekarri dizkio. «Eskulangintza gehien estimatzen den herrialdeetako bat da Euskadi». Lan bakoitzaren atzean dagoen lana ikustea jendeari kosta egiten bazaio ere, dezente baloratua ikusi du bere lana Telleriak. Bere kasara lan egitea gustuko du; halere, bitxiak egiten zituzten talde batekoekin murgildu zen artearen munduan.

Bartzelonan antzerkia ikasten ari zela, antzezlanetarako egiten zituzten maskara eta txotxongiloak atentzioa eman zioten, eta bakarkako bideari eutsi zion. Piezaz pieza egindako lana lehen egunean bezala egiten jarraitu du Telleriak gaur egun arte: «Artelanak haur bat ematen zuela esaten zidan jendeak, lanean biltzen nuen goxotasun eta maitasunagatik». Antzerkian zein eskulangintzan ibilitakoa bada ere, artista hitza aipatu ziotenean«handia» geratu zitzaion hasieran. Dena den, liburuxkak bilduko zituen diziplinen aniztasuna ikusita, polita iruditu zitzaion Iparren ekimena.

Egia, lantoki

Badira Egian lan egiten duten artistak ere. «Galtzear dagoen lanbide batek» bizirik jarraitzen du Egia auzoan. Jose Javier Martinez beiragilea da, eta bere lanbidearen etorkizuna ez du denbora tarte laburretik harago ikusten. Egia auzoak bezala, beiragileen lanbideak ere hainbat aldaketa izan ditu azken urteetan: «Beherantz egin du arteak, eta, lehen askoren artean egiten zen lana, orain pertsona bakar batek egin behar du». Lanbidea eta lan egiteko tokia «halabeharrez» aukeratu zuen, ahal zen tokian lan egitea besterik ez zegoen eta. Beiragileei laguntzeko eta haien lana ikusteko tailer batean lanean hasi zen Martinez. Jadanik ez dago horrelakoarik, ezta lanbidea jarraituko duen lagun askorik ere: «Lehen tailerrak zeuden hemen inguruan: Irunen, Donostian... baina itxiz joan dira». Egia auzoan beira lantzen duenik badago; dena den, «Gipuzkoan soilik beira lantzen duen bakarra» dela uste du Martinezek.

Ipar, kulturari ateak zabalik

Kulturari ateak zabaldu dizkio Ipar enpresak. Liburuaren azalak hogeita lau bider irudikatzen du enpresaren aurrealdea. Ate bakoitza, enpresaren urte bakoitzeko; 25. atea, berriz, Egiako artistak ezagutzeko sarbide gisa. Guztietan lehena Iparreko artista, Antxon, enpresaren sortzaileetako bat izan zena. Artisten zerrenda luzearen aurkezpen moduan, euren jarduna definitzeko hitza: artea. «Emozioak sorrarazteko obra edo giza ekintza», dio testuak. Eta hortik aurrera, norberak eguneroko lanak alde batera utzi, eta To auzoa/Toma barrio bildumako orriak betez joan da. Biografia motzak zein azalpen zabalak, errealitateko irudiak nahiz irudimenetik ateratakoak.

Mikel Andueza eta Jose Luis Diz argazkilarien lanak, Alize Mendizabal eta Juan Ezeizamusikagileen hotsak, Cote Saizar eta Laura Esteve margolariaren artelanak, Fito Rodriguez eta Arkaitz Cano idazleen testuak, Aitor ikastolako eta Ttan Ttakun irratietako uhinak, edota Egia auzoko elkarte eta taldeen lanak. Zinema zuzendariak, sukaldariak, diseinatzaileak,brodatzaileak eta eskultoreak. Azken orrialdera iritsi arteko zuri-beltzeko bidaia, helmugan lan osoaren irakurketa biltzen duena: To auzoa!.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.