Azalean azalik ezin erakutsi

Negrasteiz Beltz jaialdiak ‘Emakume estaliak’ erakusketa antolatu du Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean, frankismoaren zentsurak nobela beltzen azalei nola eragin zien erakusteko.

'Evil Became Them' eleberriaren jatorrizko azala eta azal zentsuratua, erakusketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
'Evil Became Them' eleberriaren jatorrizko azala eta azal zentsuratua, erakusketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumeen gorputza gudu zelai bat dela zioen Barbara Kruger artista feministak. Besteen, normalean gizonen, norgehiagoka ideologikoetarako agertokia, hain zuzen ere. Eta gerra horrek orotariko jokalekuak ditu, baita gutxien espero litezkeenak ere: eleberri beltzen azalak, esaterako. Horixe bera erakutsi nahi izan dute Gasteizko Negrasteiz Beltz jaialdiak hiriko Ignacio Aldekoa kultur etxean antolaturiko Emakume estaliak erakusketan.

Belaunaldi gazteenek ez dute, agian, irudia gogoan izango, baina hamarkada askotan zehar ohikoak izan ziren kiosko eta liburu dendetan nobela beltz merkeak. Espainian, 1950etik 1975era, polizia eleberrien 150 bilduma zeuden, eta guztien artean 9.000 bat liburu argitaratu zituzten. Genero horren ezaugarri deigarriena azalak ziren: «AEBetako XX. mendeko 20ko hamarkadako pulp aldizkarietatik hartutako iruditeria zerabilten», azaldu du Carlos Abio itzultzaile eta irakasleak, erakusketaren antolatzaileak. Iruditeria horren atal garrantzitsu bat ziren emakumeak: biluzik edo modu erotizatuan irudikatzen ziren sarri, gizonezko irakurleen arreta erakartzeko, eta andrazkoen aurkako indarkeria eszenak ohikoak ziren.

Irudi horietako asko, ordea, ez ziren frankismopeko herrialdeetara iritsi. Erakusketa osatzen duten azal bikoteek erakusten dute hori: albo batean, jatorrizko azalak ageri dira, Ameriketako Estatu Batuetan argitaratuak. Emakumeen gorputz biluziak dira protagonista, usu erdigune izateraino. Beste aldean, berriz, Madrilgo eta Bartzelonako argitaletxeek egindako bertsioak ageri dira, zentsura frankistaren eraginpean eginak. Aldea nabarmena da. 

Indarkeria bai, biluzirik ez

Hala ere, zentsuraren erabakiak bitxi suerta litezke, egungo ikuspuntu etikotik begiratuta. Izan ere, zentsore frankistek ez zuten arazorik arestian aipaturiko emakumeen aurkako indarkeriarekin. «Emakumeen aurkako indarkeria erabat onarturik zegoen; areago, genero narratibo horren ezaugarrietako bat zela uste zen», argitu du Abiok. Agatha Christieren There is a Tide eleberriaren egokitzapenak erakusten du hori: itotzen ari den emakume baten irudia ageri da jatorrizko azalean, eta zentsoreek ez dute indarkeria irudi horrekin arazorik izan, bere horretan ageri baitzen frankismo garaian agertu zen bertsioan.

Aitzitik, frankismoak ezinikusi berezia zion emakumeen gorputz biluziari. Erregimenaren balio kultural puritanoen ondorioz, andrazkoen gorputz biluziak berez bekatari eta pornografiko zirela uste zen, eta, beraz, haiek estaltzeari ekin zion zentsurak, modu sistematikoan. Pat Root egilearen Evil Became Them eleberriaren egokitzapenean ikus liteke hori: hiru emakume ageri dira jatorrizko azalean. Lurrean etzanda ageri da lehena, konorterik gabe, soineko eskotedun luzea jantzia, izterrak agerian. Gizon pistoladun baten erasoa jasaten ari da bigarrena: gizonak ahoa estaltzen dio eskuarekin emakume izutuari. Uretan itotzen ageri da hirugarrena; uraren gainetik, haren izter biluziak ageri dira. 

Hiru eszena horietatik, ez zen emakumearen aurkako indarkeria zentsoreek aldatzea erabaki zutena: gaztelerazko itzulpenaren azalean, lehen tokian irudi bera ageri da, inolako aldaketarik gabe. Beste bi emakumeen irudikapenak, ordea, nabarmen aldatu zituzten gaztelerazko bertsioan. Itotzen ari den emakumearen irudia mozturik ageri da orain, eta haren izterrak ez daude jada irudian ikusgai. Beste horrenbeste gertatu zaio lurrean datzan emakumeari: haren izterrak ere, zentsoreentzako eskandalagarriegiak itxuraz, iruditik kanpo geratu dira. Ez hori bakarrik: soineko luzearen eskotea askoz apalagoa da orain, eta andrearen bularrak ez dira inondik ageri.

Hala ere, Espainia frankista ez zen izan eleberri beltzen azalak nahieran aldatu edo egokitu zituen bakarra. Gainerako herrialdeetan ere, tokiko ideologiaren edo merkatuaren gustuen arabera, azaletako emakumeek era bateko edo besteko manipulazioak jasaten zituzten. Alderantzizko prozesua ere dokumentatzen du erakusketak: frankismopean ekoitziriko azaletan jantzita ageri diren emakumeak atzerriko bertsioetan biluztea, alegia. «Manipulazioa ez zen norabide bakarreko fenomenoa izan, literatura mota hau argitaratzen zen herrialde guztietan gertatu baitzen, neurri handiagoan edo txikiagoan, marrazkien sexu karga areagotzeko edo txikitzeko». 

Finean, erakusketak ezkutuko egia bat azaleratzen du: ideologia eta mundu ikuskera edozein txokotan gorde daitezke, baita itxuraz apolitikoak diren azalik gabeko azaletan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA