Dokumentalaren zuzendaria

Aitor Arruti Agirreurreta: «Azeri dantza inoizko egoerarik onenean dago gaur egun»

Andoaingo azeri dantzak izandako bilakaerari buruzko dokumental bat ondu du Arrutik. Aurten 50 urte bete dira dantza berreskuratu zutenetik, eta 25 urte emakumeek lehen aldiz parte hartu zutenetik.

Aitor Arruti Agirreurreta, ostiralean, Andoaingo plazan. JON URBE / FOKU
Aitor Arruti Agirreurreta, ostiralean, Andoaingo plazan. JON URBE / FOKU
ane insausti barandiaran
Andoain
2025eko abenduaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argazki puskaz osatuta dago kartela: duela 50 urtekoak dira batzuk, eta gaur egungoak beste batzuk. Batzuk zuri-beltzean daude, eta besteak koloretan. Dantzari guztiek dorre bat osatzen dute, ordea. Tontorrean emakume bat ageri da, erdi zutik, tentsioan. Ez kasualitatez. Azeri dantzak egin duen bidearen isla da: ekainaren 23an dantzatzen dute, urtero, Andoaingo plazan (Gipuzkoa). Hain zuzen, dantza horrek herria nola batzen duen erakutsi nahi izan du Aitor Arruti Agirreurreta zuzendariak (Andoain, 1993) Axeri dantza, herri baten erritua dokumentalean. Larunbatean estreinatuko dute, Andoaingo Basteron, 11:00etan, eta Adunan (Gipuzkoa) ere emango dute, hilaren 28an.

Garaipenaren dorrearen figura eraman duzu kartelera. Garaipen bat da azeri dantza gaur egunera iritsi izana?

Niretzat pozgarria eta garaipentzat hartzekoa zera da, oraindik badaudela ospakizun batzuk non jendea elkartzen den, sutondoan bezala, sutondo horren epelean. Bestela agian bat egingo ez luketen herritarrak elkartzeko aitzakia bat da azeri dantza.

50 urte dira dantza hori berreskuratu zutela, eta 25 emakumeak dantzatzen hasi zirela. Urteurrena izan da dokumentala egiteko aitzakia?

Guztiz. 50 urte dira dantzaren inguruko interesa zuten lagun batzuk elkartu zirela, eta Adunako bi aitonari esker eta Andoaingo musikari batzuei esker dantza berreskuratu zutela. Azkenean, berreskuratu zuten hori berrinterpretazio bat izango zen, ahozko kulturak hori baitauka: beti egongo dira aldaketatxoak eta interpretazio irekiak. 

Hain zuzen, tradizioak berreskuratzearen eta gaurkotzearen garrantziaz hitz egin nahi izan duzu.

Bai, azeri dantza aldatuz joan baita. Emakumeak parte hartzen hasi zireneko 25. urteurrena da. Bat egiten du emakumeak alardean eta elkarte gastronomikoetan beren tokia eskatzen hasi ziren garaiarekin. Testuinguru horretan egin zuten eskaera. Jendea kontra agertu zen, baina, bozketa egin, eta baietza atera zen, zorionez. Gaur egun, parte hartzea oso parekidea da.

Emakumeek parte hartzeak lagundu du tradizioa bizirik iraunarazten?

Nik uste dut orain dantza herrikoiagoa dela, edo irekiagoa dela, barrera hori puskatu da eta. Parte hartzeak ere gora egin du, eta ezingo da zehazki esan horregatik denik, baina ziurrenik izango du lotura horrekin. Azeri dantza inoizko egoerarik onenean dago gaur egun. Herriak inoiz baino gehiago ezagutzen du tradizio hori. 

Ondokoari oinetik helduta joaten dira, elkarren gainera igo... Kohesioa oso garrantzitsua da.

Beti esaten dute jolas dantzatu bat dela. Talde jolas bat. Umoretsua da, eta esaten da bere garaian lehiak edo liskarrak kitatzeko erabiltzen zela. Taldearen batasuna oso garrantzitsua da. Adibidez, txingoan, denak ez badoaz elkarri hankatik ondo helduta eta erritmo berean, ilarak ezin du aurrera jarraitu. 

Niretzat, hori ere sinbolizatzen da posterrean: belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia, eta azpian daudenek goikoak sostengatzearen garrantzia. Iraganeko erabaki batzuekin tirabirak egon badira ere, modu batera edo bestera dorreak gorantz egin du, eta inoiz baino indartsuago sostengatzen da gaur egun.

Hiru urteko prozesua izan da. Zertan jarri duzu arreta?

Ni saiatu naiz ulertzen zer den azeri dantza parte hartzaileentzat, herriarentzat, noizbait parte hartzaile izateari utzi diotenentzat... Galderaren erantzuna haiek dute.

Sentimenduetan jarri nahi izan duzu arreta, ezta?

Dantza honetan parte hartzeko arrazoiak aldatuz joan dira. Tradizioari eustea garrantzitsua da jendearentzat, baina komunitate sentsazio horrek, festak, ospakizunak presentzia handiagoa du. Nik hori sumatzen dut belaunaldi gazteagoengan.

Iragana eta etorkizuna elkartu dituzula diozu. Zergatik?

Ez nuen sortu nahi zuri-beltzeko diskurtso bat, non iraganean batzuek egindako lana guztiz deuseztatzen den, adibidez, emakumeen parte hartzearen kontra azaldu zirelako. Horregatik, dokumentalean agertzen da 2000. urtean, haustura horretan, jarraitzea erabaki ez zutenetako bat. Alegia, emakumeen parte hartzearen kontra agertu zirenetako bat. Dena den, gehienak aldaketa hori nahi zutenen artekoak dira. Eta, gero, Oier Araolaza elkarrizketatu dut; ikerlari baten ikuspuntutik, alde bateko dinamikak eta bestekoak ulertzeko gakoak ematen ditu.

Erritu hitza erabili duzu tituluan. Zer garrantzi dute errituek?

Iruditzen zait bizi garen mundu likido honetan errituek egonkortasun puntu bat ematen dutela. Baina erritua izan daiteke zerbait kolektiboa, edo nik uste dut denok egiten ditugula errituak gure bizitza pertsonalean. Ematen digute jarraitutasun bat, ordena bat, eta segurtasun bat. Eta seguru nago horregatik kostatzen dela hainbeste erritu horiek eraldatzea. Zalantzan jartzen delako orain arte eduki den iruditeria. 

Zer da azeri dantza herriarentzat?

Garrantzitsuena da azeri dantza gertatzen dela, baina kontuan hartu behar  da horrek zer arrasto uzten duen ondoren, zer konexio sortzen dituen. Nik hori edukiko dut gogoan. Zer esanahi daukan azeri dantzak jendearentzat, sutondoaren kontzeptu hori. Batzuetan, gure tradizioa eta gure kultura izan litezke sutondo hori.

Eta zuretzat? 

Dokumentala egin ahala, geruza askoz ere gehiago topatu ditut, lehen ezagutzen ez nituenak, eta niretzat pozgarria da azeri dantzaren pareko aitzakia bat izatea elkartzeko, eta puntu komun bat edukitzeko herrian. Hiru urte pasatu ditudan arren dantza dokumentatzen, uste dut benetan hurrengo urtean ezagutuko dudala azeri dantza, haiekin plaza hartzen dudanean.

LOTSABAKO

Dantza bat?
Kalejira.

Erritu bat?
Zinemara joatea.

Dokumental bat?
Echo of You.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.