Etxeko atea ireki bezain fite ohar daiteke bisitaria Maialen Maritxalar (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1984) artista bat dela. Sukaldeko zurezko mahaiaren gainean eman ditu berak tindatu eta diseinatu hainbat azieta zahar. Leiho handietarik sartu argiak ausarki argitzen ditu azieta gaineko marrazkiak, zurezko tronu batean balira bezala. Hatu merkatuetan erosten ditu, eta etxean serigrafia finkatzen die Maritxalarrek. Euskal Herriko ikur tradizionalak eta itsasoa ditu inspirazio iturri. Batzuetan bere buruari galdegiten dio zergatik azieta zahar batzuk ari den tindatzen, baina Maialen Lujanbioren erran batzuek konbentzitu dute lanbide berria segitzea. «Euskararen planktona entseatzen naiz eraikitzen, estetika gure kulturaren parte baita».
Kromolitografia baliatzen duzu azieta zaharrei serigrafia finkatzeko.
Bi etapa dira. Serigrafiak marrazten dizkiot enpresa bati. Haiek inprimatu ondoan, nik marrazkiak azieten gainean bustitzen ditut. Inprimatua guritzen da, eta espatula batekin zabaltzen ditut faiantzaren gainean. Ondotik, azietak zeramika labe batean pasatzen ditut zortziehun graduan, eta esmaila berriz urtzean ilustrazioarekin bat egiten du, eta orduan da tinta esmailean finkatzen.
Alta, lanbidez grafista zara, eta ez zeramika egilea.
Grafista gisa hasi nintzen, baina lanbidez aldatu nuelarik, nahi nuen serigrafia egin azieten gainean. Zeramika eta serigrafia ikasteko erran zidaten, baina nik ez nuen denborarik formakuntza luze bat hasteko. Estrasburgon atzeman nuen formakuntza labur bat. Ene ideia zen ene grafista lana lauzan edo zeramikan ematea.
Halaxe sortu zenuen So’izu marka. Azieta franko behar dituzu: errazki atzematen dituzu?
Ufa! Lan handiena hori da. Duela zortzi urte hasi nintzelarik, erraza zen azieten atzematea, baina egun ez da hala. Saltzaileek kasik ematen zizkidaten garaian. Egun, goizeko seietan baldin banoa ere, anitzetan deus gabe itzultzen naiz etxera. Baina oro har, zailtasunak zailtasun, Frantzian azieten grafiak eta modeloak biziki orotarikoak dira. Zortzi urteren buruan ere, azieta zaharren marka berriak ezagutzen ari naiz.
«Egun, goizeko seietan baldin banoa ere, anitzetan deus gabe itzultzen naiz etxera»
Zein da gehien atzematen duzun azieta mota?
Sarguemine eta Digoin markako azieta anitz bildu izan ditut. Baina beste bat usu atzematen dut Ipar Euskal Herrian. Saltzailearen arabera, badirudi Miarritzeko Hotel du Palais-eko saloi bateko zerbitzu bateko baxera dela; azieta horia eta urrekara da, eta Biarritz zigilua du gibelean. Urdinak edo berdeak izaten dira azieta gehienak, baina Miarritzekoa berezia da, horia baita eta bere historia baitu.
Azieta gaineko marrazkiak egiteko, itsasoa hartu duzu inspirazio iturri gisa.
Marraztu nituen lehen irudiak Euskal Herriko iruditerian oinarrituak ziren. Errate baterako, aitatxi-amatxien bisaia batzuk marrazten nituen, edota Ziburuko poteriak, baina gero itsasbazterrak gaina hartu zuen. Azieta bakoitzak badu bere xarma eta historia.

Zein da gehien saltzen duzun azieta?
Balea azieta biziki ongi saldu nuen hastapenean. Marrazkiak sortu arau jin izan zait jendea erostera, eta geroztik bezero batzuek ene bilduma guzia dutela pentsatzen dut! Batzuk txoro ematen dira salmentak egiten ditudalarik, baina gehienetan aberasgarria da bezeroarekin dudan harremana.
Etxetik zuzenean saltzen dituzu azietak, baina denda kolektibo batean ere bazara?
Hossegorreko denda kolektibo batean saltzen ditut azietak, eta salmenta zuzena egiten dut etxetik. Donibane Lohizuneko denda partekatu batean ere banintzen, baina izugarriko alokairua pagatu behar zen, eta zailegia zen enetzat han segitzea.
«Zoko batean emanen bagina, ez genuke deus salduko; irabaziak denendako izan behar dira denda kolektibo batean. Karrika onak biziki kario dira»
Zaila da leku ona atzematea.
Diru anitz da, eta tokiak ona izan behar du. Zoko batean emanen bagina, ez genuke deus salduko; irabaziak denendako izan behar dira denda kolektibo batean. Karrika onak biziki kario dira.
Garrantzitsua da azieta eder batean jatea?
Batzuei estetika bost axola zaie, baina nik maite dut ene ingurumena apaintzea. Ez dakit nola ongi izan gaitezkeen gauza itsusiz inguratua. Ni eskaneagailu bat naiz: apainketa, jantzigintza eta estetika maite ditut. Uste dut bakoitzak bere sentsibilitate estetikoa ekarri behar diola gizarteari.
lotsabako
Merkatuan edo etxetik zuzenean saldu?
Merkatuetan nahiago dut, jendearekin harremana izateko.Itsasoko elementuak ala euskal iruditeria?
Biak. Bien arteko nahasketa maite dut.Artista ez bazina, zer lanbide eginen zenuke?
Ideiarik ez. Beste arte mota bat jorratuko nuke. Landareei edo musikari lotu lanbideren bat.