Sanferminak. Seigarren entzierroa

Azkar hasi eta azkar bukatu

Orain arteko entzierrorik azkarrena egin dute Victoriano del Rioren zezenek, eta bat baino gehiago ezustean harrapatu duteBost lasterkari eraman dituzte erietxera, kolpeak hartuta. Horietako bik garezurrean traumatismoa dute

Azkar hasi eta azkar bukatu.
Iruñea
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Orain arteko entzierrorik azkarrena eta biziena egin zuten Victoriano del Rio Madrilgo ganadutegiko sei zezenek: bi minutu eta hogei segundoan egin zuten entzierroaren ibilbidea. Azkar batean egin zuten lasterka, eta ezustean harrapatu zituzten lasterkari franko. Dena dela, zintzo jokatu zuten, eta ez zuten inor adarkatu. Kolpeak hartuta, bost lagun eraman zituzten erietxera.

Madrilgo ganadutegiko adardunek ziztu bizian igo zuten Santo Domingoko aldapa. Berehala hiru zezen beltz jarri ziren taldearen buruan. Atzetik joaldunak eta beste zezen beltz bat igo ziren, eta taldearen atzeko aldean, gaztaina koloreko bi adardun. Azkenbiok, aldapako bi aldeetako espaloietan zeuden lasterkariei ekiteko keinuak egin arren, lasterka egitea hobe zela pentsatu zuten. Pentsatu eta egin: bat taldeko buru jarri zen udal plazara iristerako.

Plazaren sarreran, ezkerraldean, hainbat lasterkari erori ziren eta lehen pilaketa sortu zen. Halere, zezenek, bizi-bizi, bideari jarraitu zioten. Mercadereseko bihurgunean hesia jo zuten aurrean zihoazen adardunek, eta lurrera erori ziren. Azkar batean altxatu, eta korrikan jarraitu zuten. Lasterkarien mesederako, erorikoak zertxobait moteldu zuen lasterketa.

Taldea erabat zatitu zen Estafetan. Buruan zezen beltz bat eta gaztaina koloreko bat joan ziren. Lasterraldi politak ikusi ziren kale horretan. Erritmo bizia zeramaten animaliek. Adardunen artean azkar mugitu ziren lasterkariak, eta batek baino gehiagok lurrean bukatu zuen hankaperatua.

Telefonican ere, ezusteko bat baino gehiago eman zuten aurrean zihoazen bi adardunek, baina ez zioten inoren kontra ekin. Taldea erabat banatuta sartu zen zezen plazara: bi adardunen atzetik joaldunak eta beste bi zezen sartu ziren, eta atzetik, metro gutxira, beste bi adardunak sartu ziren. Denak ere, inora begiratu gabe, zuzenean, zezen plazako ukuilura joan ziren.

Bost lagun zauritu zituzten Victoriano del Rioren zezenek. Bi lagunek trauma dute garezurrean. Beste batek, kolpea masailezurrean. Beste batek, berriz, gerrian du kolpea, eta azkenak, ezkerreko besoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.