Maratila

Azken makinak

Lucien Etxezaharreta.
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Aste honetako albistea da. Doi bat xumea menturaz: munduan idazteko makinak egiten zituen azken enpresa itxi da. Frantzian ari zen, Normandian. Eta ez dakit nolaz hainbat gogoeta pizteko bideak eman zizkidan. XIX. mende bukaeran sortu ziren makina famatu horiek, eta Estatu Batuak, Alemania, Frantzia eta Italia lehian aritu ziren zeinek tresna modernoena eraikiko zuen. Gogoan ditugu idazkarien zarata mekaniko horiek, musika berezia egiten zutela. Eta hainbat izen polit, nola Remington, Underwood eta beste. Elektrikarekin jarri ziren 60ko hamarkadan. Olivetti italiarra leader egon zen garai batez, eta bazen Frantzian Japy hura, bere Reporter tresna mugikor harek amets eginarazten zuela, ikusten genituela munduko lau izkinetan erreporteroak eta Jack London eta Albert Londresen lan politak.

Batek gogoratuko dit Joxemiel Barandiaran zenak kontatzen zituenak 50eko hamarkadan gurdietaz. Hauen zarata berezia, ardatzaren kurrinka, menderen mende euskal bazterrak bete zituena eta bat-batean isildu ere. Trakturren azantz berriak gure baserri guneak bete ditu aldiz orain. Bada tristatzerik? Ala mende berrien teknologiak hartu eta zakar ontzira beste guziak?

Gogoratzeko da ere hainbat industria eta jakitate galtzen ari direla Europan zehar, akziodunen dirugintzarengatik, deslokalizazioek agindurik.

Hor dugu maiatz ederraren loria berria: lanaren gorestearekin ez ahaztu langileen jakintza aberatsak mundua apaintzen eta aberasten zuela! Gora Maiatzaren Lehena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.