Eusko Jaurlaritzak bazuen tartea beste zerbait egiteko, baina ez du egin. Zerbait oso ezberdina egin zitekeen lizentziekin». Hala adierazi zuen astelehen gauean Ramon Zallo EHUko irakasleak, Hala Bediko El Quid de la cuestión irratsaioan. Ordu eta erdiz aritu ziren irrati lizentzien inguruko gorabeherak aztertzen, eta salbuespen gisa Bilbon egin zuten programa, Tas-Tasen estudioetan. Tas-Tas irratia lizentziarik gabe gelditu da, eta bertako Mikel Estarronak komunikazioaren inguruko gogoeta sakona egin zuen: «Irratiak eta komunikazioak ahalbidetzen dute hitza, ahalbidetzen dute alternatibak aurkeztea. Gizarteak aurrera egiten du komunikatzen delako. Baina irrati enpresek soilik negozioa nahi dute. Eta komunikazioak soziala izan behar du. Tas-Tasek komunikazio libre eta doako baten alde egiten du, pertsona guztiengana iritsiko dena. Hori guzti giza eskubideetan jasotzen da, baita Espainiako Konstituzioan eta EAEko Estatutuan. Baina praktikan ez da betetzen».
Eusko Jaurlaritzak azken orduan, hauteskundeen bezperetan, lizentziak emateak harritu egin du Ramon Zallo. «Erabaki hau aldatzea zaila izango da. Baina egin daitekeena da lege berri bat onartzea, eta horretan betekizunak ezartzea operadore guztiei, tokiko LTDko kateei barne. Ikus-entzunezko kontseilu bat ere beharrezkoa litzateke». Gainontzekoan, Zalloren ustetan mapa «atsekabegarria» da. «Lege bat beharko litzateke irrati komunitarioak jasoko dituena».
Arantxa Gutierrez EHUko kazetariaren arabera, arazoa aspalditik dator. «1986an eman ziren lehen lizentziak eta oso gutxi dira lizentziarekin emititzen duten euskarazko irratiak. Orain 11 erreserba egitea ez da nahikoa, gaztelaniazko irratiak 100 inguru direnean». Diala erdalduna da, eta Gutierrezek dioenez ikus-entzunezko lege berri batek euskara eta euskal kultura balioetsi beharko lituzke. «Irratia ez da merkantzia bat, funtsezko zerbitzu publiko bat da eta hori ez da bermatzen. Horregatik irrati komunitarioei lekua egin beharko litzaieke». Estarronak ildo horretan honakoa ondorioztatzen du: «Irrati pribatuek negozioa lehenesten dute, publikoek unean uneko gobernua laguntzen dute. Herritargoaren zerbitzura dagoen sektore bakarra komunitarioa da». 2010. urtean Madrilen onartu zen Ikus-entzunezko Legean zerbitzu komunitarioak agertzen dira bi artikulutan. Baina lizentziak banatzerakoan ez da autonomia erkidegorik egon irrati komunitarioentzat erreserbarik egin duenik. «Eusko Jaurlaritza zen errazena zuena halako zerbait egiteko, baina ez du egin», gaineratu du Estarronak.
Nafarroa, Ipar Euskal Herria...
Nafarroan udaberrian aurkeztu ziren proiektuak lehiaketara. Etasaio berean Mikel Bujandak aipatu duenez, beste sei hilabeteko epea har dezakete, «erabakia konplexua delakoan». Iruñerrian bi lizentzia baino ez daude jokoan, eta Bujandak dio «konfiantza» duela euren proiektuan. «Baina mesfidantza ere badugu erabakia hartu behar dutenekin». Xorroxin Irratiak, bestetik, Elizondon eskatu du lizentzia.
Ipar Euskal Herrian bestelakoa da egoera, Frantziako estatuan arautuak baitaude irrati komunitarioak. Hamar irrati komunitario daude Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, horietatik lau euskaraz (Euskal Irratiak). Orokorrean dialean %25a gordetzen da irrati komunitarioentzat eta diru publikoa jasotzen dute.
Ttan Ttakun, FMko 107.2ra
Eusko Jaurlaritzak banatutako lizentzia berriak direla eta, Donostiako Ttan Ttakun irrati libreak bere frekuentzia aldatu behar izan du. Lehengo FMko 106.8 frekuentzia utzi eta dagoeneko FMko 107.2an entzun daiteke Donostia aldean. Internet bidez ere entzun daiteke, ohi moduan, www.ttanttakun.com-en.
Komunikazioa
Azken orduko banaketa
Eusko Jaurlaritzak behin-behinean eman dituen irrati lizentzien inguruko irratsaioa egin zuten Hala Bediko kideek herenegun Tas-Tasen. Adituen eta irratietako kideen hitzak jaso zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu