Azken txanpa indar betean

Bi egun falta dira festak amaitzeko, eta bada azken orduei zukua ateratzeko hainbat aukera

Giro aparta izan zen atzo eguerdian Nabarreria plazan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken txanpan sartu dira sanferminak, eta azken 48 orduez gozatzeko gertu da hiria. Iruñe kanpotik etortzen den jendeak hamaika txoko eta aukera ditu festei zukua ateratzeko. Zalantzarik gabe, eguraldi txarrak eta hotzak baldintzatutako sanferminak izan dira aurtengoak, baina gaur, bederen, hodeitzarrek eta euriak ustez su-eten bat deklaratuko dute. Giroa lagun, sanferminez gozatzeko abagunea ezin hobea izango da gaurkoa, eta bihar ere eguraldia berriro pattalduko bada ere, badira parte hartzaileen memorian iltzatuta gera daitezkeen bizipenak.

Aurten jende gutxiago etorri da Iruñera, eta hori bereziki nabaritu zen asteazken eta ostegun gauetan. Hala ere, asteburua iritsi ahala, urteroko bisitari oldea jaso du hiriak. Ostiral gauean zein larunbat eguerdian Iruñeko kaleetan jende gehiago zebilen. Tren eta autobus geltokietan ere bidaiarien joan-etorria nabarmen handitu da. Gaur ere espero da jende andana ibiliko dela festaren guneetan.

Iruñera automobilez etorriz gero, gogoan hartu behar da ia hirigune osoa 24 orduko eremu laranja bihurtu dela, eta aparkatzeagatik ordaindu egin behar dela. Lehen bi orduak garestiagoak dira, baina hortik aurrera, egun osoko tarifa 8,7 euro dira. Badira doan autoa uzteko guneak: besteak beste, Arrotxapean, Arrosadia auzoan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren inguruetan eta Donibane auzoan hilerriaren alboan zein goiko aparkalekuan.Garraio publiko bidez, bertatik Iruñeko erdigunera jo daiteke.

Goiz-goizetik giro aparta egongo da. Goiztiarrenek dianetara jo dezakete. Gaurkoan, Zapateria, San Anton, Taconera, kale Berrian barrena ibiliko da La Pamplonesa udal banda. 06:45ean ateratzen da Udaletxe plazatik eta 07:30ean amaitzen da.

Entzierroak ikusi nahi izanez gero, ikusle kopuru ugari izanen da ibilbidean hesi gainetan. Aurten, zezen plazara sartzeko txartela ordaindu behar da, eta asteburua izaki, prezioa garestitu egingo da. Entzierroa amaituta, Mañuetako txurroak jan daitezke edo kafetegietan txokolatea hartu. Zerbait trinkoago nahi izanez gero, toki ugari dira alde zaharrean.

Festa ez da eteten. Izan ere, egunez zein gauez giro aparta egon ohi da Iruñeko Alde Zaharrean eta musika toki ugaritan entzun daiteke. Erraldoi eta Buruhandien konpartsa da helburuetako bat. Gaurkoan, Bigarren biribilguneko kaleetatik ibiliko da.

Konpartsarekin batera, musika ere denon gozagarri. Adibidez, 13:00etan, San Jose plazan, Iruñeko katedralaren alboan, txistularien 55. alardea egingo dute, aurtengoan Amerikanuak ikuskizuna. Los Iruñako taldeari eta euren garaian egindako amerikar birari egindako omenaldia izango da, eta 13:00etan hasiko da.

Lasaitasuna eta freskotasuna bilatuz gero, Oinez gunera jo daiteke. Han dauden zelaietan bazkaldu daiteke, eguraldiak lagunduz gero. Gune horretan 18:00etatik aurrera hasiko dira ekitaldiak. 18:30ean jolas erraldoiak izanen dira, eta 21:00etan Agoizko txaranga. Handik gertu, kaleko saltokiak egon ohi dira, denbora galtzeko eta zerbait erosteko toki aproposa.

Gora Iruñearen gunera jotzeko Runako parkera jaitsi behar da. Gaurkoa dantza eguna da, eta egun osoan bada zer egin eta zer dantzatu. Ekitaldi nagusia kontzertuak izango dira. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Berri Txarrak, Kashbad, En Tol Sarmiento eta Karlos Osinaga entzun daitezke. Gau osoan luzatuko da festa. Arratsaldean ere izango da zer dantzatu.

Alde zaharrean, egunero 21:00etan euskal dantzak egon ohi dira Gazteluko plazan, eta zezensuzkoa 21:45ean Santo Domingo aldapan. 23:00etan, berriz, su festak ikus daitezke Gaztelugibelean. Hotz egingo du gauean, eta euria botatzeko aukera handiak dituzte parranda egin nahi dutenek.

Azken eguna, azken agurra

Biharamun goizean, ordea, eguraldiak berriro hobera joko du. Hori da iragarpena. Ordurako azken 24 orduetan murgilduta egongo da hiria, eta denak hartuko du amaieraren kutsua. Azken dianak Nabarreriatik ibiliko dira. Azken entzierroa, berriz, Miura ganadutegiarena izango da. Behin zezen plazan direla, zurginek hesiak kenduko dituzte eta festen amaieraren lehen seinale argia izango da.

Azken egunean galdu behar ez den ekitaldia Udaletxe plazan izango da, 12:00ak jota. Ez dago ordutegi finkorik. Erraldoien Konpartsak dantza egingo du, eta amaitutakoan, haurrek azken agurra emango diete kilikiei, zaldikoei eta erraldoi zortzikoteari. Gauerdian, iruindar ugari bilduko dira Iruñeko Udaletxe plazan, kandelak eskuetan, festei amaiera emateko eta Gaixoa ni abesteko. Zerikusirik ez du txupinazoarekin. Jende oldearen beldurrik gabe, lasai asko joan daiteke ekitaldiaz gertutik gozatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.