Baionako bestak.

Azken txanpan, Baiona gori

Azken urteotako ohitura hautsiz, Iruñeko Udaleko ordezkariak larunbataz jin ziren, eta ez dira izanen egungo desfile nagusianDanborradak besta doinuz bete zituen karrikak; Corsoa izan zen gaueko begi kliska

Atzo danbor hotsez bete ziren Baionako karrikak, txistulari, gaitero, trikitilari eta txarangekin ehunduz musikaren presentzia. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Baionako bestak azken txanpan sartu dira, eta, ohi denez, herritarrek patxadaz hartuko dute igandea. Musika, kanta, dantza eta bazkariaizaten dira eguneko protagonista nagusiak. Alta, orain artean ez bezala, aurten Iruñeko Udala ez da presente egonen egungo desfilean. Usaian, Baionako Herriko Etxeak harrera egiten die; ondoren, banden mezara joaten dira, eta, bukaeran, desfilean parte hartzen dute. Aldaketaren arrazoiak ez dituzte eman, baina harrera larunbatean egitea deliberatu zuten, Baionako Herriko Etxean. Gero, zaldizko zezenketara joateko gomita egin die Baionako Herriko Etxeak Iruñeko agintariei.

Egun jendetsua izan zen atzokoa, eta auto lerroak nagusi ziren Baionako sarrera eta irteeretan. Herriko karrikak, berriz, danborraden hotsez apaindu ziren. Bestazaleek gogor ekin nahi izan diote azken txanpari, eta atzokoa izan da, beharbada, bestetako egunik jendetsuena. Oraindik ez da itzali zezenketaren inguruko eztabaida. Zezenketaren aurkako taldeek jakinarazi zuten Affleloux saltegiei boikota eginen ziotela, herriko etxeari eman nahi zion 500.000 euroko diru laguntzaren parte bat zezenketa ordaintzeko baliatuko zelako. Affleloux enpresak gibelera egin zuen. Atzo ere, protesta egin zuten zezen plazaren inguruan.

Karrozen aldia

Bart, Corso Argitua izeneko karrozen desfilea egin zuten hainbat elkartek. Hilabete luzeetan, karrozak prestatu dituzte, eta atzo egindako lan handiaren saria jaso zuten, Baionako Herriko Etxearen aitzinean, zubietan eta inguruko karriketan metatu ziren mila eta milaka bestazaleen esku zaparraden bidez. Bada80 urte Baionako bestak egiten direla, eta urtemuga gaitzat hartu zuten karrozetan, urteetan bizi izandako anekdota, oroitzapen eta aldaketak aipatzeko. Ohi bezala, gauez egindako argi jolasek indar handiagoa eman zieten karrozei.

Bigantxek ere jende ugari erakarri zituzten Baionako San Andres plazara. Ostiralean, bigantxa batek gizon bat harrapatu eta larriki zauritu zuen, adarretan jarrita zituen babesak kendu ondoren. Atzo, ordea, jendeak zuhurrago bete zituen hartu beharreko neurriak, eta ez zen inor larri zauritu. Hala ere, bat izan ziren kolpatuak.

Baionako Gazte Asanbladak besta egun alternatiboa egin zuen atzo. Patxa plazan herri bazkaria egin zuten, eta arratsaldean, hainbat ekitaldi antolatu. Gazte asanbladak herriko etxearen besta eredua gaitzetsi du, jendearen parte hartzea eragozten duelako, haien ustetan. Horregatik, aldarrikatu dute herritarren ekitaldiak sustatu behar direla, eta protagonismoa herritarrei eman. Gazteen egitasmoak euskaraz jantzi zuen Patxa plaza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.