Euskal literaturaren eta musikagintzaren plaza bihurtu da gaur Ziburu (Lapurdi). Berrogei argitaletxe inguruk haien lanak lerrokatu dituzte plaza nagusiko karpa zuriaren azpian. Bisitarien kopuruak erakutsi du gero eta indar handiagoa duela azokak, gero eta arrakastatsuagoa dela. Jende saldoa ibili da karpa nagusiaren, kontzertuen eta liburu aurkezpenen artean. Goizean euri erauntsi ttipi bat bota duen arren, eguzkiak bere lekua hartu du Baltsan elkarteak Aurelia Arkotxari egin dion omenaldirako.
Aurelia Arkotxa idazlearen eta irakaslearen lanak zerrendatzen hasi da Maialen Tapia Baltsan elkarteko kidea. Itzulpenak, hausnarketak eta ikerketak egin dituela zehaztu du; funtsean, idaztea bizimodu bihurtu du Arkotxak, haren erranetan. Hainbat lan egin ondotik, tartean Bernat Etxepare, Jon Mirande eta Xabier Lete idazleak ikerturik, 2008an euskaltzain oso izendatu zuten. «Ipar Euskal Herriko lehen emaztea izan da euskaltzain oso izaten», kontatu du Tapiak. Aurelia Arkotxa eskertu nahi izan du Baltsan elkartearen izenean, eta, horretarako, Pott serigrafiako koadro koloretsu bat eman dio. Besoak goititu ditu Arkotxak, eta harro altxatu du bizi bateko lanaren ikurra.
Mikrofonora emozionaturik eta kezkaturik hurbildu da. Nahiz eta gaur egun Hendaian (Lapurdi) bizi, Nafarroa Behereko gurasoak izan ditu gogoan. Baigorrin sortu zen 1953an, eta euskara ttipitik bizi izan du, sakonki. Hain zuzen ere, kezkatua da euskararen gaurko egoeraz, eta, batez ere, kanpotik datorren maila kultural «handiko» jendearen jarreraz. Salatu du euskal kulturgintzaren mundua eta kanpokoa ez direla gurutzatzen, eta hori baino gehiago, euskal kulturaren paraleloan antolatzen ari den fenomeno kulturalaz ohartarazi du. «Maila kulturalean paraleloki antolatzen ari dira hainbat eta hainbat, hemengo kultura kontuan hartu gabe, deus ez balitz bezala». Ondorioz, zubiak eraikitzeko deia zabaldu du Arkotxak, haurtzaroan zuen geografia oroituz. «Euskal Herria luzaz mugarik gabe ulertu izan dut; ez nituen geografikoki Baztan edo Baigorri desberdintzen, adibidez».

Oharkabean, Arkotxaren azken hitz horiek bota ondoan hasi da Madame Birrots taldea karpa handiko ertzean jotzen. Nahiz soinu frogetako doinuek jende izpirik ez erakarri, lehen kantuek kolpez betearazi dute karpa ttipiaren aitzina. Baztango musikariek zaleak erakarri dituzte, jende franko ari baitzen Zergatik kantua ahoskatzen: «Zergatikan denbora diru truke saldu?/ Zergatik bat maitatu eta harekin ugaldu?».
«Euskal Herria luzaz mugarik gabe ulertu izan dut; ez nituen geografikoki Baztan edo Baigorri desberdintzen, adibidez»AURELIA ARKOTXAIrakaslea eta idazlea
Hain zuzen ere, azoka musikaz gozatzeko eta lagun artean egoteko lekua da Maitena Lasaga eta Maialen Mintegirentzat. Azoka sortu zenetik urte guziz heldu direla erran dute. Haien erranetan, liburu eta disko azokak parada ezin hobea eskaintzen die euskaraz eta euskal kulturaz elikatzeko. Agerian eman dute euria balitz ere Ziburura jinen zirela. «Ez du batere axola, urte guziz lagunak ikusten ditugu Ziburun. Euria egiten badu ere ez da batere larria, karparen azpian garelako: euri ala eguzki, gure hitzordua da».
«Jendeari erranen nioke poesiari beldurrik ez izateko»

Ziburuko liburu azokan presentatu du Kontra poema liburua Ane Zubeldia Magriñak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994). Karpa ttipian bere burua aurkeztean, esplikatu nahi izan du Ane Zubeldia Magriña «ezizen artistikoa» duela; Ane Garcia Lopez izenaren heteronimoa da, alegia. «Nire bi amonen abizenak hartu nituen, haiei keinu bat egin nahian, idazteko zaletasuna haiengandik heldu zaidalako».
Nola deskribatuko zenuke zure poema liburua?
Poema liburu ukigarri bat da Kontra.
Lasaitasunetik sortu duzu.
Isiltasunetik, kontenplaziotik eta lasaitasunetik sortu dudan liburua da. Uste dut pausa pixka bat eskatzen duela. Espero dut irakurleak hori aurkituko duela; animatzen bada, behintzat!
Zer erranen zenioke poesia irakurtzen ez duenari?
Zaila da. Mejillon Tigren egin dugu aski errazki ikus zitekeen ikusgarri bat, eta segur aski poema liburu honek geruza gehiago ditu, eta arreta jartzeko gogoa beharko du jendeak. Nik jendeari erranen nioke poesiari beldurrik ez izateko. Batzuetan ematen du ulertu behar dela esanahi sakon bat, baina irakurketa esperientzia bat da bakoitzarentzat. Hemen esan dudan bezala, irakurleek ere egiten dute liburua. Nik asmo batekin idazten dut poema bakoitza, eta irakurle batek beste leku batetik irakur dezake: horrek du obra aberasten.
Azokan plaza bat eskaini dizute zure liburua aurkezteko.
Lehenengo aldia da azokara natorrela, beti kanpoan egon naizelako orain arte. Berezia da niretzat, amona hemen errefuxiatu zelako, eta hemen sendia dugunez, polita da familiarekin lotura egitea.
Amonari omenaldia egin diozu gaur?
Gure amona ez da gehiago bizi, baina gaur lotura hori sentitu dut hark ere kantuak eta poemak idazten zituelako.
Zuretzat zer garrantzia du Ziburuko azokak?
Topalekuak dira, eta azkenean uste dut Euskal Herrian horrelakoak gehiago zabaldu behar direla. Azkenean, euskaltzaleek eta literatura zaleek elkar topatzen dugu. Horrelako plazek egiten dute literatura, euskalgintza eta kulturgintza, oro har. Atzo Amaiur Epherri irakurri nionaz tiraka, uste dut garrantzitsua dela Hegoaldetik hona gehiagotan etortzea.