KOMUNIKAZIOA. Ekografiak

Babesa eta haien emaitzak

Jokin Labaien.
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Lotsagabea behar du futbolaren erreinuan, igande arratsean, muturra erakutsi eta jendearen arreta bereganatzen duenak. Ausarta, elkarrizketatuari ironiko eta begietara begira mintzatzen zaionak. Berez, haren gorpuzkerak eta ahotsak ez dute autoritatea iradokitzen. Dena den, haren kameralaria zuri so jartzen bada, korri, ez baitizu egun ona, soilik, opa nahiko.

Mingain gaiztoko gizon kataluniarraren ibilbidea Radio Barcelonan hasi zen. Futbol partidetan esatari aritzen zen lehen, eta albistegietan hasi zen gero; hain zuzen, Tele5n eta Ser irratian. Duela hamar urte, Andreu Buenafuenteren La Cosa Nostra saiorako fitxatu zuten, eta geroztik, El Terrat ikus-entzunezko ekoiztetxean ari da. La Sexta kateko Buenafuente ezagunean laguntzaile, zuzendariorde eta gidoigile izateaz gain, Salvados saioko aurkezlea da. Jordi Evole da, El follonero gisa ezagunagoa.

Azken asteotan, AEBetan ikusi ahal izan dugu. Umorea, bat-batekotasuna, gaien ezagutza eta gainontzeko baliabideak bere horretan mantetzen ditu. Igandean, esaterako, Arizonan erakutsi zituen dohain horiek, AEBen eta Mexikoren arteko muga ezagunean. Muga zaintzen duten jubilatu estatubatuar boluntarioekin zaintzan, Guantanamo eta kontzentrazio esparru gisa definitu zuen paperik gabekoen kartzelan eta leku hartako salbatzaile sentitzen den Joe Arpaio sheriff-aren bulegoan ikusi genuen.

Paisaia gogor haietan bildutakoekin osatutako muntaiak emaitza ona erakusten zuen. Ikus-entzuleongan ohiko gogoeta: oraingoan ere egin du sudurraren puntan jarri zaiona. Ez dakit hala den -ez naiz Venezuelan sartzeko ezarri dioten debekuaz ari-. Pentsatzen dut, gainontzeko guztioi bezala, asmoak okertu egingo zaizkiola aldian behin. Saioari ez diola nahi beste zuku aterako beti. Baina emaitzak ona izaten jarraitzen du.

Emanaldia kokatzeko orduan deabrututako pertsonak estu hartzen ditu haien aurrean dagoenean ere. Ahotsak ez dio dar-dar egiten, mingaina zorrotz eta bisaia irribarretsu. Entzule asko izateaz gain, ezinbestean, pantailan ikusten ez dugun babesen bat duela iruditzen zait. Izan ere, azken urteetan egin dituen bihurrikeriak eginda ere, jendeak abegikor hartzen du, etxean zein kanpoan. Izan daiteke gaien aukeraketan izango dituen zailtasunen arabera egitea. Inor ez baita perfektua. Baina emaitzak ona izaten jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.