Baden Baiona, eta izan litekeena

Hamar urte bete ditu Baionako Zizpa gaztetxeak; urteurrena ospatzeko egitaraua abiatua dute asteazkenetik geroz. Zenbait belaunalditako kideak bildu dituzte gaur goizeko ekitaldian.

Zizpa gaztetxearen hamargarren urteurrenaren karietara antolaturiko ekitaldia, Baionan. ZIZPA GAZTETXEA
Zizpa gaztetxearen hamargarren urteurrenaren karietara antolaturiko ekitaldia, Baionan. ZIZPA GAZTETXEA
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko otsailaren 7a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako gazte asanbladak 2016ko urtarrilaren 23an lortu zuen, zehazki, gaztetxea. Zortzi urte lehenago, 2008an, Baionako besten ereduari buruzko desadostasunak zabaltzen hasi ziren zenbait baionesen artean; urte batzuk geroago, 2013an, asanblada osatu eta Baionako auzitegi izanikoa okupatu zuten. Orduan hurbildu zitzaien Jean Rene Etxegarai Baionako gaur egungo auzapeza, 2014ko herrietako bozetarako hautagai zela: «Auzapez izendatua banaiz, egoitza bat eskura ezarriko dizuet eskura», erran zien, asanbladako kide ohi batek oroitu duenez. «Segurtatu genuen hala izanen zela, eta promesa izenpearazi genion». Beharrik. Etxegarai bera baita, 2014tik, Baionako auzapez. Asanbladak bi urte geroago estreinatu zuen aterpea, orain dela hamar urte. 

Izugarriko eguraldiak egin die harrera Zizpako kide ohiei, gaur egungoei, eta agian etorkizunekoei ere, San Izpirtu auzoko Lesseps kaiko zazpigarren zenbakian. Trikitilarien eta pandero jotzaileen oihartzunak erakarri ditu bisitariak gaztetxe barnera. Aspaldiko lagunak agurtu, asanblada utzi ondotik iritsitakoak ezagutu, eta hasi da gaztetxearen hamargarren urteurrenaren ohoratzeko ekitaldia. Zizpako egungo bi kidek hartu dute hitza: gaztetxearen ibilbidea oroitu dute laburki, eta «aitzineko belaunaldiei aitortza» egin, baita ondokoei Zizpara hurbiltzeko deia zabaldu ere.

Zizpa gaztetxearen urteurreneko bazkaria. GUILLAUME FAUVEAU
Zizpa gaztetxearen urteurreneko bazkaria. GUILLAUME FAUVEAU

«Baiona euskalduna, herritarra, feminista, ekologista eta antifaxista eraikitzea dugu helburu». Baionako iruditeria folklorizatuarekin kontrajarri dute aldarria, eta, behin gaztetxea eta Baionako gazteria azken aldiz goraipaturik, Aitor Servier gaztetxeko kide ohia eszenara igan da mezuaren osatzera: «Baiona ez da baizik torero/ ziztrin batzuk zezen plazan/ ez Baionako besten erdian/ biktimen hitza zalantzan/ ez euskara hor bigarren mailan/ lehentasunen balantzan/ ez hirigintza interesatu/ bat zentroaren norantzan». Baiona besterik zer izan litekeen galdetu duen orori erantzuna eman dio segidan: «Egunsentiro asmatuz gero/ aldaketa zertan datzan/ Baiona izan liteke azken/ dantza Zizpan edo Patxan». 

Belaunaldien zikloa

Zintzur bustitzeari ekin diote denek, eta egon dira batzuk gaztetxearen artxiboko irudiak erakusten zituzten pantailei begira. Ageri dira azken hamarkadako aldaketak gaztetxearen beraren ibilbidean ere: ez hain aspaldi gizonak baizik ez ziren, lokal berria tindatzen; ez hain aspaldi, anitzez buru gehiago agertzen ziren euskal presoen irudiak hartzen dituen murruan. Zenbait preso etxeratu dira geroztik, eta zenbait murru ubelez tindatu dituzte, baita erasoen kontrako protokoloak afixatu ere.

Patxi Iriart gaztetxeko kide ohiak dudarik ez du belaunaldi bakoitzak hautaturikoa dela bide egokia: «Bozkario bat da ikustea segida badela, baina haiek egin dezatela nahi dutena, eta eskerrak haiei: diferenteak izanen dira beharrak, gogoak, eta zeri buruz lan egin, baina tresnak balio du horien betetzeko». Eneka Barnetxe egungo kidea ados agertu da Iriartekin: «Belaunaldi berri bat gara, eta gure nahiak eta gogoak zabaltzeko prest gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.