Gizarte baldintzek eta hirigintzak osasuna baldintzatzen dute. Horrela adierazi du Izaskun Aseginolaza Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Saileko ikertzaile eta irakasleak (Legazpi, Gipuzkoa, 1976). Osasuna, hiria eta hirigintza hitzaldia eman zuen ekainaren 11n,19:00etan, Bilboko Bidebarrieta liburutegian, eta osasunaren eta hirigintzaren artean izan den harremana errepasatu zuen: erromatar hirietan zeuden akueduktuetatik, gaur egun arte. Hala ere, ikerlariak hitzaldian azaldu zuenez, mugarri nabarmen bat gertatu zen: Industria Iraultza. Orduan sortu zen hirigintza, hiri ingurunea planifikatzera eta hobetzera bideratutako diziplina gisa. Hitzaldia EHUko Kultura Zientifikoko Katedraketa Bidebarrieta Liburutegiakantolatu dute, Bilboko Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan.
Noiz sortu zen hirigintzaren eta osasunaren arteko harremana?
Historiari behatuz gero, bien arteko harremana betidanik egon dela antzeman dezakegu. Erromatarren garaian zeuden kokalekuetan, ura izatea abantaila zen, eta ubideak egiten zituzten edo bainuak zituzten etxean, besteak beste. Lehen, herriak txikiagoak ziren, noski, eta gaur egungo hiriak handiagoak dira. Jendea pilatuz doan heinean, osasunaren eta hiriaren arteko harremana gehiago nabarmentzen da.
Zer-nolako eragina du jende pilaketak osasunean?
Krisi larriak sortzen dira horren ondorioz, batez ere kontuan hartuz XI. mendera arte hirigintza ez genuela diziplina gisa hartzen; hiriak naturaltasunez hazten ziren, poliki-poliki, eta halakoetan jendea pilatu egiten zen. Etxeak bata bestearen ondoan egiten ziren ordena jakin bati jarraitu gabe, kontuan hartu gabe etxe bakoitzak zer ezaugarri izan behar dituen. Orduan sortzen ziren jende pilaketa horiek, eta horren ondorioz zikinkeria hedatzen zen, eta horrek arazoak ekartzen zituen.
Industria Iraultza aipatzen duzu mugarri gisa. Zer-nolako eragina izan zuen hirigintzan?
Herritar guztiak hasi ziren denak aldi berean hirietara joaten, lan bila. Orduan denak hirian elkartu ziren, hiriak hazi egin ziren, eta arazoa nabarmen handitu zen. Gustave Dore garai hartako ilustratzaile bat zen, eta, egin zituen grabatu batzuetan, aipatutako jende pilaketak ikus daitezke, kale zikinak, estuak eta ilunak. Ikusten da ez zirela osasuntsuak, eta ez zirela pertsonentzat egokiak.
Egoera hobetzeko saiakerak egin al zituzten?
Bai. Garai hartan, administrazio batzuek zenbait araudi bultzatu zituzten, osasun publikoarekin lotura dutenak: nola eraiki behar diren etxeak, edo etxeek zer gutxieneko ezaugarri izan behar dituzten, esate baterako. Enpresari batzuek, are, ekimen pribatuz zenbait auzo egin zituzten langileentzat, konturatu zirelako hobeto lan egiten zutela etxebizitza eta inguru egokiak bazituzten. Hiriek nola hazi behar zuten erabakitzeko, irizpide askotarikoak zeuden, eta ideia askotarikoak jarri zituzten mahai gainean garai hartako pentsalariek.
Nortzuk ziren hiriak nola antolatu gogoetatu zuten pentsalari horiek?
Gizonak. Gaur egun hori gure hirietan ikus daiteke, ez baitugu hiria garatu pertsonen dibertsitaterako: emakumeak, umeak, jende helduagoa... horiek guztiak baztertuta daude.
«Mugimendu asko egin behar ditugu lanera joateko, eta, askotan, autoz joatea da aukera bakarra. Autoak zarata eta kutsadura ekartzen ditu hirira»
Zeintzuk dira Industria Iraultzaren garaian aurkeztu ziren hiri eredu batzuk?
Etxean lorategi bat jartzearen ideia aurkeztu zuten, etxeak bata bestetik urruntzeko, eta berdeguneak jartzea ere proposatu zuten. Zonifikazioa ere aurkeztu zuten: leku batean lan egin, leku berean bizi eta leku berean ondo pasa. Ideia onak ziren, baina ez dira ongi garatu.
Nola garatu dira?
Toki batean lan egiten dugu, eta beste batean bizi. Batetik bestera joateko, autoa erabiltzen dugu; azpiegitura pila bat eraiki ditugu autoentzat, eta hirian autoari eman diogu leku garrantzitsua. Sustatu dugu hiri eredu hori.
Zer-nolako eragina du hiri eredu horrek osasunean?
Mugimendu asko egin behar ditugu lanera joateko, eta, askotan, autoz joatea da aukera bakarra. Autoak zarata eta kutsadura ekartzen ditu hirira. Hori guztiontzat kaltegarria da, eta klima aldaketan ere eragiten du, noski. Tenperaturetan ikus daiteke horren eragin zuzena.
Tenperatura beroei aurre egiteko, aire zabaleko gune gehiago egon beharko lirateke?
Bai. Horrek puntu psikosomatiko bat dauka: berdeak on egiten digu konturatu gabe. Menditik gertu egotea, etxetik zuhaitzak ikustea... Etxetik gertu aire zabaleko gune berde bat izatea oso garrantzitsua da gure osasunerako. Berdegunearen presentzia indartzea ere garrantzitsua da, eta ez bakarrik zuhaitzak izatea, baizik eta gure lurzorua iragazkorra izatea. Gure saneamendu sistema behar den baino gehiago kargatzen dugu, eta, horregatik, lurzorua iragazgaitza da, eta gehiago berotzen da. Beroagatik ere hiltzen da jendea.
«Berdegunearen presentzia indartzea ere garrantzitsua da, eta ez bakarrik zuhaitzak izatea, baizik eta gure lurzorua iragazkorra izatea»
Zer irtenbide proposatzen dituzu?
Epe luzera eta epe motzera bultzatu ditzakegun irtenbideak daude. Bizi garen tokitik gertuago lan egiten badugu, garraio publikoa eta bizikleta gehiago erabiliko ditugu, autoa erabili ordez. Zarata gutxiago izango dugu kalean, kutsadura gutxiago, eta orotara osasungarriagoa izango litzateke. Jarduera ekonomikoak eta etxebizitzak nahasi egin beharko genituzke. Eguneroko bizitza oinez egin ahal baldin badugu, sedentarismoaren kontra zerbait egin dezakegu, baina, horretarako, garraio publikoaren irisgarritasuna eta bidegorrien erabilgarritasuna ziurtatu behar da.
Horiek martxan jartzeko interesa dagoela uste al duzu?
Zenbait tokitan bai, eta beste batzuetan ez hainbeste. Donostiako parke eta lorategien sarea kudeatzen duen zuzendariak landareen eboluzio naturalaren aldeko apustua egin du; urtean zehar bizirik egongo diren landareen aldeko apustua, alegia. Ez die lorategien estetikari hainbesteko garrantzia eman. Horri lehentasuna ematen ikasi behar dugu, horrek lotzen baikaitu ingurura.
EHUko Caviar ikerketa taldeko kidea zara, eta hirien arkitektura kontuan hartuz bizi kalitatea, osasuna eta ongizatea aztertzen dituzu. Zer duzu orain esku artean?
Oraintxe, espazio publikoan lanean ari gara. Urbanizazio edo kalitatezko espazio publiko bat izateko zer helburu bete behar diren zehaztu nahi dugu, batez ere egoera zaurgarrian dauden auzoetan. Erdigunean ez dauden auzo horietan ikusten dugu auto asko daudela, espazio gutxi esertzeko, eta egoteko dagoen espazioa ez da berdea.
Nola imajinatzen duzu etorkizuneko hiria?
Badirudi etorkizunean gure herrialdeak gero eta hiritarragoak izango direla; gero eta urbanoagoak. Badirudi landa eremuan gero eta jende gutxiago bizi dela. Zenbait politika bultza daitezke landa eremua eta hiriaren egiturak elkartzeko eta hedatzeko, ez bakarrik hiria garatzeko. Hor lan asko dago egiteko, eta ez bakarrik planifikazio aldetik, politikoak diren erabaki batzuk ere hartu beharko dira eta.