Xarearekin lotutako aztarnek haren iturburura daramate Iruran: Jexux Mari Arsuaga xaregilearen garajera (Irura, Gipuzkoa, 1941). Gregorio Ameztoi kalean sartu —Jose Ameztoi xaregilearen semea izan zen—, Share kalean eskuinera biratu, eta hortxe du xareak egiteko tailerra. Bertan gordeak ditu xareak egiteko sortutako moldea, tresnak, eta maitasun handiz gordetako altxorrak: Ameztoik egindako xare bat, prozesua azaltzeko aleak, aldizkariak... Buruan ez ezik, dokumentuetan ere ondo gordeak baititu xareari lotutakoak. Mekanikaria izan da lanbidez, baina xareak egiten hasi zen, herrian gal ez zedin. Semeak hartu dio orain erreleboa, eta xarearen inguruan entzun eta bizitakoak argi eta zehatz kontatu ditu.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Oso polita izan zen guretzat, eskolan ez genuen kezka handirik izaten eta. Garai hartan, etxean erakusten ziguten: gurasoek edo familiako zaharragoek, lagunek... Leitzen-eta ikasteko, hara joaterako.
Eta gero eskolara?
Bai. Tokatu zitzaigun maisu katalan bat. Hark ez zekien hitzik euskaraz, eta guk ez genekien hitzik erdaraz; esaten zuen gauza bat, eta, guk ez genionez ulertzen, barre egiten genion. Eta zartakoa gora eta zartakoa behera. Baina gauza bat zuen ona: gu geure artean euskaraz ari baginen, lagunekin, sekula ez zigun kargurik hartu.
Ez da ohikoa hori frankismo garaian...
Pentsatzen dut katalana zelako izango zela, eta berak ere ezagutzen zituelako gerran izandako gorabeherak... Gero, noizean behin, inspektorea etortzen zenez, kanturen bat ikasi behar izaten zen. Cara al sol... Guk sekula ez genuen ikasi, batek bakarrik ikasi zuen eskola guztitik. Arratsalde guztia eskolan pasatzen genuen, pentsatzen zer jostaketa egin behar genituen, zer gauza egin behar genituen, zer baserritara joan behar genuen sagarrak ostera... horrelako gauzak [barrez].
«Pilotan txarra nintzen, ez bainion tankerarik hartzen: ez eskuz, ez xarez... Palaz pixka bat aritzen nintzen»
Nolakoa zen Irura garai hartan?
Oso herri euskalduna zen. Nik, umetan, bi familia bakarrik ezagutu nituen erdaldunak. Eta, gero, handik puska batera, 1960ko hamarkadan, kanpotik etortzen hasi ziren hemengo tailerretan eta paper fabriketan lan egiteko. Baina nik 15 urterekin kasik ez nekien erdaraz. Hitz batzuk bai, baina oso gutxi.
Lekarozera joan zinen lanera, ezta?
Niretzat beste etapa bat izan zen hori: 11 urterekin joan nintzen morroi Lekarozera. Han zeuden estudianteak, fraide kaputxinoak. Aita Donostia ere ezagutu nuen, eta hari mezan laguntzen ere aritzen nintzen. Bi urte pasatu nituen han, estudianteei oheak egin, bazkaria zerbitzatu, zapatak garbitu... hango lanak egiten. Niretzat esperientzia ona izan zen, baina nahikoa gogorra aurrena: egun guztian aritzen ginen lanean, 07:00etatik 23:00ak arte.
Horren ondoren itzuli zinen Irurara?
Bai, 14 urterekin etorri nintzen berriz etxera. Tolosan hasi nintzen akademia batean ikasten. Gero, 15 urterekin, lanera joan nintzen, tailer batera. Aurrena, Iruran bertan hasi nintzen, tailer batean, kartoizko ontziak egiten. Baina gero ikusi nuen bazeudela makina batzuk, eta ni gehiago erakartzen ninduen mekanika aldeak. Soldadutzara joaterako hasi nintzen han.
Umetan zaletu zinen xarera?
Bai, baina ni txarra nintzen, ez bainion tankerarik hartzen: ez eskuz, ez xarez... Palaz pixka bat aritzen nintzen, baina gutxi. Pentsa, behin joan ziren Iruratik hiru lagun Argentinara, orduan argentinarrak zirelako munduko onenak. Han ikasi zuten jokatzen, eta gero hemengoekin hasi ziren jokatzen. Aurreneko txapelketa antolatu genuen, arkupean, baina jendeak ez zuen izena eman nahi, Argentinatik etorriak oso onak zirelako. Baina guk ere eman genuen izena, eta orduan jende pila bat apuntatu zen. «Horiei behintzat irabaziko diegu!», pentsatuko zuten [barrez].
«Xarea Iruran sinbolo bat da. Ikastolak ere xarearen figura dauka. Baina 1956ean ia galdu zen, xare faltagatik»
Ez da oso kirol ezaguna. Nola iritsi zen xarea Irurara?
Apaiz baten [Joxe Jauregi Garmendia apaiza] iloba etorri zen Argentinatik, eta hark esan zion hango euskaldunek xarean jokatzen zutela. Apaiza eta biak mendira joan omen ziren, egurra moztu, xareak egin, eta mutil kozkorrak jarri zituzten martxan. Nik ez nuen ezagutu, baina andre batek kontatu zidan.
Ordutik, herriko ondare bihurtu da?
Sinbolo bat da. Ikastolak ere xarearen figura dauka. Dena den, 1956ean ia erabat galdu zen, xarerik ez zegoelako. Gero, munduko txapelketa bigarren aldiz Donostian jokatu zenean, orduan suspertu ginen pixka bat. Esan genuen: «Zer polita, lehenago ibiltzen ginen jokatzen, eta orain ez...».
Eta orduan jo zenuen Jose Ameztoirengana, xareak egiten erakuts ziezazun?
Bai, Jose Ameztoik egiten zituen, baina zahartu zen, eta horiek egiteari utzi zion. Xarerik ez zegoen, eta horregatik galdu zen. Ordurako nik orain daukadan adina izango zuen, 85 bat urte. Eta bere etxean, nire ama neskame egondako etxean —gu haien azpian bizi ginen—, erakutsi zidan xareak egiten. Pena ematen zidan galtzeak, eta lanetik ateratakoan joaten nintzen haren etxera. Baina, ni txarra nintzenez, lagunei ematen nizkien, haiek jokatu zezaten.
Kubara eta Mexikora ere bidali izan dituzte zuk egindako xareak.
Espainiako federazioak ere eskatzen zizkidan: egingo al dituzu hainbeste xare, Kubara edo Mexikora bidaltzeko?
«Pena ematen zidan xarea galtzeak, eta lanetik ateratakoan joaten nintzen xareak egiten ikastera»
Martuteneko kartzelan ere izan zinen, xareak egiten irakasten. Nolatan?
Esperientzia ona izan zen. Pilota eskolakoak esan zidan haiek eskuz pilotak egiten aritu zirela, eta ea joango ote nintzen xarea egiten irakastera. Ez zeukaten interes handirik... Herri Batasunakoak zeuden, haiek ziren gehienak. Baina kanpoko kontuak jakin nahi izaten zituzten eta hitz egin, xareak egin baino gehiago.
Nola egiten da xare bat? Artisau lana da, ezta?
Dena eskuz egin behar da, eta garaian garaiko lana da. Aurrena joan behar duzu mendira, bilatu behar duzu non dauden egur egokiak, bere garaian mozteko: urrian, azaroan eta abenduan izaten da. Izerdia lehortuta edukitzen dute, eta orduan da mozteko garaia. Gaztainondoa, ilbeheran, eta hurritza, ilberrian. Bere garaian ez bada mozten, hautsi egiten da, eta pipiak jotzen du.

Zenbat denbora behar da halako bat egiteko?
Molde horretan [garajean daukan moldean] zortzi bat egunez eduki behar da. Eta, gero, gehiago lehortu behar baldin bada, nik etxeko labean jartzen nuen, hainbeste denbora ez itxaroteko. Han berotu, lehortu, eta handik ateratakoan, lotu egin behar da, bere forman. Handik urtebetera hasi behar da limatzen.
Zuk utzi zenion xareak egiteari, baina semeak hartu zizun erreleboa, ezta?
Bai, ikusi zuenean ni ez nintzela gauza, indar handia egin behar zela... bera hasi zen horretan. Orain, nik baino hobeto egiten ditu. Iparraldean gu baino askoz ere aurreratuago zeuden, eta harremana badu hangoekin. Poz handia eman dit horrek. Berak esan zuen: «Egunen batean xarea galtzen baldin bada Iruran, ez da galduko xarerik ez dagoelako». Lehenago ere hala desagertu zen, aurreneko bolada horretan.
Xarea bultzatzeaz gain, Irurako ikastolaren sorreran parte hartu zenuen. Datorren urtean egingo ditu 50 urte. Nolakoa izan zen garai hura?
Gazte Alaia elkartekoek bultzatu zuten, batez ere. Ez zegoen horretarako lekurik, eta apaiz etxean egiten zuten ikastola. Aurreneko belaunaldikoak dira nire semea-eta. Garai hartan, Elizak bazeukan bilerak egiteko askatasuna; beraz, Elizaren izenean baldin bazen, konforme izaten zen gobernadorea. Apaiz etxea zenez, dotrina emango balute bezala zen. Gero, beste leku batzuetan indarra hartzen hasi zenean, ikastola egitea erabaki zuten. Puskaka-puskaka hasi, eta, azkenean, dena batzeko, ikastola sortu zuten.
Oztoporik izan zenuten?
Guk argi ikusi genuen, baina gurasoen artean tentsio dezente izan zen. Duela 50 urte familia erdaldun asko etorri ziren kanpotik, eta haiek ez zuten ikastolarik nahi. Gainera, maisu oso jator bat zegoen Iruran, umeak eramaten zituena hondartzara, mendira, xarean jokatzera... eta bera gelditzea nahi zuten. Ezkongabea zen, eta asko inplikatzen zen haurrekin. Baina ikusi zuenean jendeak ikastola sortzea nahi zuela, erretiratu egin zen.
Gaur egun, nola ikusten duzu xarea Iruran?
Jaisten ari da. Izan zen bolada bat, egon ziren sei-zortzi bat, oso onak, munduko onenetakoak. Argentinarrei irabazten zieten, eta iparraldekoekin ibiltzen ziren borrokan. Baina orain haietako bakar batek jarraitzen du. Eta, gero, urte batzuk izan ziren gazte guztiak ezkondu eta kanpora joaten zirenak, eta gazteak falta ziren.
«Xarea eskuz egin behar da, eta garaian garaiko lana da. Egurra bere garaian mozten ez bada, hautsi egiten da»
Xare eskola ere bada. Jende asko erakartzen al du?
Orain arte nahikoa ondo funtzionatu du. Neskak ere aritzen ziren. Orain nik ez dakit zer pasatu den; gutxi daude. Egia da Gipuzkoan ez dagoela beste herririk, eta Iparraldera joan behar izaten dutela lehiatzera. Nik ere ez dut segitzen lehen bezala, pilotarien martxa eta. Gero, hainbeste kirol daude, eta denbora librean batzuek futbola, besteek eskubaloia, besteek atletismoa... Zabaldu da aukera, eta herri txikia da.
Penaz bizi duzu hori?
Bai, noski. Baina badut itxaropena: lehenago ere hainbat urtetan galduta egon zen, eta, gero, bultzada eman eta sortu zen berriz. Nik pentsatzen dut urte batzuetan apalduta egongo dela, baina berriz ere xareak indarra hartuko duela. Orain, udaletxeari eskerrak, festetan izaten da txapelketa bat, eta etortzen dira gaurko egunean munduan dauden onenak. Eta, halere, ikustera jende gutxi joaten da. Lehen leporaino egoten zen trinketa, horiek ikusteko. Orain, berriz, gutxi.
Zer zaletasun izan dituzu, behin xaregintza utzita?
Nik jubilatu eta gero ez nuen geldirik egon nahi; tailla ere ikasi nuen. Nire afiziorik handiena izan da perretxikotan ibiltzea. Baina orain birikak ez ditut ondo, eta ezin naiz perretxikotara joan; horrek ematen dit penarik handiena. Ez futbola, ez pilota... horien denen gainetik, perretxikotara joatea. Orain zelaian ibili behar; Tolosara, Villabonara...
Oraindik ere badauzkat bizpahiru poto. [Kristalezko poto bat atera du izozkailutik. Onttoak. T.G. Arin eginda du idatzia. Eta data ere bai: 2023koa da]. Tipularik gabe esan nahi du. Eta arin eginda, gero gehiago egiteko. Bost edo sei urterako ederki egoten dira. Baina bai, hori da nire penarik handiena.