'Bagera'... baina noiztik?

Iturri baten bueltan militarrek, iringileek eta urketariek izandako harremanaren fruitua da Donostiako danborrada. Duela 150 urte ospatu zuten lehen aldiz, ofizialki, egun duen eran; duela ehun ekin zioten Plaza Berriko bandera igoerari.

Donostiako danborrada, 1880ko hamarkadan, Plaza Zaharra izandako tokian. RAFAEL MUNOA / KUTXATEKA
Donostiako danborrada, 1880ko hamarkadan, Plaza Zaharra izandako tokian. RAFAEL MUNOA / KUTXATEKA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako San Bizente elizak urik ematen ez duen iturri bat dauka, hain justu, Abuztuaren 31 kaleak eta Zuloaga plazak bat egiten duten lekuan; ezaguna egingo zaie Parte Zaharra ezagutzen dutenei. Bada, egin bezate —haiek eta gainerako irakurleek— mende batzuk atzera egiteko ariketa. Donostia Urgull mendiko gaztelupean dagoen hiri harresitu bat da, hiri militar bat, dozenaka setio, inbasio eta agintari tartekatzen dituena. Hiri militar bat, bete-betean: eguzkia jaistean, harresiko ateak ixten dituzte, eta herritarrek etxean egon behar dute.

Goizaldero, hiria oraindik ilun dagoela, San Telmo kuarteletik uniformedun militarrak ateratzen dira, danborrak jotzen, harresiko ateak irekitzera. Ez dira halako orduetan esna dauden bakarrak. Batetik, ogia egiten duten gizon iringileak upelekin iturrira joaten dira, behar duten uraren bila; bestetik, andre urketariak ere leku berean biltzen dira ordu berean. Izan ere, huraxe zen goizean goiz etxeetan ura izateko modu bakarra: urketariek ura barriketan biltzea, eta etxez etxe banatzea.

Hori da goizaldero Donostian bizi duten estanpa, baina goiz denak ez dira berdinak. Urtarrilaren 20a San Sebastian eguna da, hiriko festa nagusia, eta, lanean dabiltzan militarrak, iringileak eta urketariak ez ezik, bezperan afaria luzatu eta festan aritutako donostiarrek bat egiten dute iturriaren bueltan, firin-faran, sokamuturra hasi aurreko orduetan. Nola eutsi soldaduen danbor hotsei barrikei astinduz segitzeko tentazioari? Ezin. Gaur arte.

Militarren eta herri xehearen arteko harreman horren fruitua da Donostiako danborrada. Zazpi mendez hiri militarra izandakoak bere memoriari eutsi dio, festa handi baten bidez. Nahikoa gerra izan dute zazpi mendetan, eta ez dute gehiagorik nahi: «Penak zokora». Gaur egun, danborrada 24 orduko festa da: San Sebastian eguna hasten den unetik amaitzen den arte irauten du. Hamabietan puntuan, Plaza Berriko udaletxe zaharreko kanpai hotsak iragartzen du festaren hasiera. «Bagera!», hasten dira abesten donostiarrak, Gaztelubide elkarteko danbor nagusiak besoak solemneki altxatu eta hiriko alkateak bandera zuri-urdina igo ahala. Eta San Sebastian martxa jo ostean, Raimundo Sarriegik egindako beste abestiak jotzen dituzte danbor jotzaileek —soldadu jantzita—, barril jotzaileek —sukaldari eta urketari jantzita— eta musika bandak. Handik aurrera, hurrengo gauerdira arte auzoz auzo denetariko danborradek festaz betetzen dute Donostia; goizean, haur danborrada nabarmentzen da. Eguna bukatzeko, Plaza Berria betetzen da berriro: Union Artesana elkarteak gidatzen du banderaren jaitsiera, eta hurrengo urtera arte.

Horrelakoxea zen San Telmo kuartela Donostia erre baino lehen. Argazkiaren data ez da jakina. GALARZA FUNTSA / SAN TELMO MUSEOA
Horrelakoxea zen San Telmo kuartela Donostia erre baino lehen. GALARZA FUNTSA / SAN TELMO MUSEOA

Noiztik ospatzen dute, baina, danborrada? Horri zehatz-mehatz erantzutea erronka bat izan da Urumearen ertzeko historialari eta kronistentzat. Bada, 425 kultur elkarteak badu erantzuna: duela 150 urte ospatu zuten danborrada lehen aldiz, ofizialki, gaur egun ezagutzen den moduan. Ez da urteurren bakarra: aurten ere ehun urte bete dira Plaza Berrian Donostiako bandera lehen aldiz igo zutenetik, festari hasiera emateko. Bi urteurren horiek aitzakia hartuta, 425 elkarteak Donostiarren historia bat. Danborrada 1876-2026 liburua ondu du: sakon aztertu ditu danborradaren jatorria eta ibilbidea, eta era dibulgatiboan aurkeztu; Tamayo dendan dago salgai.

«Kronikek diotenez, joan den mendearen erdialdean, okin batzuek, kupelak zituztela, San Bizente elizari atxikitako iturri publikoaren ondoan zeudela asmatu zuten Danborrada», zioen 1921eko urtarrilaren 21eko La Voz de GuipĂºzcoa egunkariko kronikak. «Sorrera hor dago, nahiko garbi», nabarmendu du 425 kultur elkarteko presidente Ibai Tamayok, garaiko dokumentazioa xehe-xehe aztertu ostean. Modu inprobisatuan sortutako festa hari musika jartzea erabaki zuen La Fraternal elkarteak —1843an sortua—, eta kalejira bat egiten hasi ziren, sokamuturrera bidean. «XVI. mendetik gutxienez, Donostiako festa handiena, guztien gainetik, sokamuturra izan zen. San Sebastian egunean eta bezperan agian zortzi aldiz egiten zuten. Horregatik, 1901ean debekatu zutenean, zalaparta handia egon zen», azaldu du Tamayok.

La Fraternal elkartea desagertu egin zen, baina hango kide batzuek Union Artesana sortu zuten. 1870eko hamarkadan haiek arduratu ziren danborrada antolatzeaz: soldadu jantzitako hogei danborrek, iringile jantzitako hamabost upelek eta udal musika bandak osatzen zuten. Garai hartan konposatu zituen Raimundo Sarriegik danborradan jotzen diren abesti guztiak; San Sebastian martxa, esaterako, 1861ean ondu zuen, eta 1884an jarri zion letra Serafin Barojak —Pio Baroja idazlearen aitak—. Bide batez, San Sebastian martxa oraindik ez da Donostiako ereserki ofiziala, nahiz eta herritarrek hala sentitzen duten. «Sarriegiren kantarik gabe ezin dugu danborrada ulertu. Dena bat da: Sarriegi izan ez bazen, agian kalejira baten tankeran segituko zuen», erantsi du Tamayok.

Bilintx hil zen eguna

«Herriko zaindariaren jaieguna denez, goizeko seiak eta zortziak bitartean, udal txaranga hiriko kaleetan ibili da, danborrari eta barrikariekin batera», idatzi zuten El Diario de San SebastiĂ¡n kazetan 1876ko urtarrilaren 20an, karlisten bonba batek Indalezio Bizkarrondo Bilintx bertsolaria hil zuen egun berean. Kronika hori oinarri hartuta ziurta daiteke egun hura izan zela danborradaren hasiera ofiziala, hura zehazki frogatzen duen dokumentu zaharragorik ez baitago.

Garai hartan ezarritako egiturak —danborrak, upelak eta banda— eta musikak —Sarriegirenak— segitu dute gaur arte, baina historia ez da batere lineala izan. Behin Union Artesana elkarteak danborrada antolatzeko ardura hartuta, festa hirian errotuz joan zen hurrengo urteetan. Horren erakusgarri, 1890eko hamarkadan gertatutakoa. «1892an eta 1893an, erabaki zuten danborrada kalejira bat bezala egitea, lehen egiten zen bezala, modu anarkiko eta informalagoan. Jendea segituan kexatu zen. ‘Ez, ez, ez, guri ez kendu danborrada’», azaldu du Tamayok.

Jendeak «beti» egin izan zen bezala nahi zuen danborrada: soldaduekin eta iringileekin. «Danborradak Donostiaren identitatea markatu du. Jende xeheak hartzen zuen parte, eta defendatu egin zuten. Memoria kolektibo bat dago: beren aitona-amonak gerratan ibili ziren, eta hori ez dute ahaztu nahi. Festa bihurtu zuten», kontatu du Tamayok. 1896an sortu zuten bigarren danborrada: Donosti-Zarra —egungo Antiguako gazteen danborrada—.

«Memoria kolektibo bat dago: beren aitona-amonak gerratan ibili ziren, eta hori ez dute ahaztu nahi. Festa bihurtu zuten»

IBAI TAMAYO425 kultur elkarteko presidentea

1900. urtean, baina, mende aldaketa ospatzeko berrikuntza bat egin nahi izan zuten: danborradako jantziak aldatu zituzten, eta propio diseinatutako lanperna buru batzuekin aritu ziren musikariak. Karroza bat ere eraiki zuten, eta Easo Ederra pertsonaia sortu. «Polemika izugarria egon zen. Gazteek ez zuten onartu; betiko jantziak nahi zituzten. ‘Hori ez da danborrada’. Zer inporta du, ezta? Politagoa da. 'Ez, ez, ez'. Horrek esanahi bat du, eta antzinatik memoria kolektiboan joan da», uste du Tamayok.

Urte hartako jantziek pentsarazi izan dute inauteriak daudela danborradaren jatorrian. 425 elkartekoek argi dute ezetz, ez dela horrela. «Inon ez dago danborrada inauteriekin lotzen duen aipamen bat ere. Martxak ‘inauteriak datoz’ dio, baina iragarpen bat da: ez da ‘inauteriak dira’», nabarmendu du Tamayok.

Horrez gain, 1900. urtean gertatutakoa interpretatzeko ezinbestekoa da turismoari erreparatzea. Harresiak botata, Donostia hedatzen hasi ziren, eta turismoa bihurtu zen hiriko motor ekonomikoa. Europako aristokrazia eta burgesia Donostiara hasi zen joaten udan, eta hiriaren eskaintza kulturala ere horren arabera egituratu zuten. Hala sortu zuten, adibidez, Aste Nagusia. XX. mendearen hasieran danborradak izan zuen gainbehera ere horrekin dago lotuta: «Giro batzuetan, danborrada zaharkitu eta zentzugabetzat jotzen hasi ziren. Izan zen hura desagertu behar zela esan zuenik ere».

Hainbat mugarri

Indarra galdua zuen arren, zenbait donostiarrek eutsi zioten usadioari, eta, pixkanaka-pixkanaka, berpiztuz joan zen. 1926an igo zuten Donostiako bandera zuri-urdina Plaza Berrian lehen aldiz —1999an bihurtu zen bandera ofizial—; 1927an, berriz, haur danborrada sortu zuen Euskal Billera elkarteak. 1935ean Gaztelubide elkartea sortu zuten, eta hasiera-hasieratik jo zuen bandera igoeran —ordura arte, musika banda bakarrik izaten zen—, gaur arte. Bandera jaitsiera 1957tik egiten du Union Artesana elkarteak.

36ko gerra pasatuta, aldaketa esanguratsu bat gertatu zen festan: iringileak sukaldari bihurtu ziren. «Pentsatu izan dugu sukaldariak izan direla beti, baina gerra aurretik iringileak ziren. Berez ez dauka zentzurik: iturrian iringileak zeuden. Inon ez da azaltzen zergatik egin zen aldaketa, baina ez zen liskar handirik izan. Gerraren ostean protestarako aukera gutxi zegoen…», azaldu du Tamayok.

Ordutik, danborrada handitu baino ez da egin. 1961ean dozena bat eskola batu zitzaizkion Euskal Billerari haur danborradan, eta, urteak aurrera joan ahala, gero eta gehiago; gaur egun 45 konpainiak osatzen dute. Helduen danborradak ere ugarituz joan ziren, eta orain 167k danbor hotsez betetzen dituzte San Sebastian eguneko 24 orduak. Donostiarrek ez daukate ahazteko, gainera, 1977ko bandera igoera: Hego Euskal Herrian ikurrina legeztatu berritan, udaletxe zaharrean zintzilikatu zuten estreinakoz.

Kresala elkarteak bultzatuta, urketariak upela jotzen lehen aldiz atera ziren unea, 1980an. KRESALA ELKARTEA
Kresala elkarteak bultzatuta, urketariak upela jotzen lehen aldiz atera ziren unea, 1980an. KRESALA ELKARTEA

Mugarri garrantzitsu bat baldin badago, hura 1980an Kresala elkarteak ezarritakoa da. Ordura arte, emakumeek debekatuta zeukaten danborradan parte hartzea, eta Kresala elkarteak erabaki zuen andreek ere parte hartuko zutela sortu berria zuen danborradan —elkarte misto gisa sortu zuten, eta gainerako elkarteetan gizonezkoak baino ezin ziren kide izan—. Azterketa historiko sakon bat egin zuten, eta urketariaren pertsonaia ekarri zuten.

Eta liskarrak sortu ziren. «Beste elkarte denak kontra agertu ziren. Denak. Udaletxera joan ziren alkatearengana, eta esan zien Kresalakoak ateratzen baziren haiek ez zirela aterako. Danborrada bertan behera geratuko zela. Kresalak esan zuen orduan beraiek aterako zirela bakarrik, eta beraiek igo eta jaitsiko zutela bandera. Hori ikusita, besteek ateratzea erabaki zuten, baina Kresala haien elkarteetatik pasatu zenean atea itxi zieten, protesta gisa».

«Inon ez dago danborrada inauteriekin lotzen duen aipamen bat ere. Martxak ‘inauteriak datoz’ dio, baina iragarpen bat da: ez da ‘inauteriak dira’»

IBAI TAMAYO425 kultur elkarteko presidentea

Kresalak segitu dio parekidetasunaren bideari, eta beste danborrada asko batu zaizkio. Gutxinaka-gutxinaka, danborrada gehienak dira parekideak egun —aipatu behar da Donostiako Udalak egindako mehatxua: parekideak ez baziren, diru laguntzarik gabe geratuko ziren—. Emakumeek parte hartu ezin duten danborrada bakarra dago gaur egun: Aizepe.

Eta zer da danborrada orain? «Festa bat da: horixe zen, gainera, sortzaileen asmoa. Meriturik handiena hasieratik festari eutsi izana da: gaitasuna izan du hiri militar izandako batek bere historia festa bihurtzeko. Donostiaren identitatea markatu du, zalantzarik gabe», Tamayoren ustez. Horixe, bada: festa. «Gu beti pozez/ beti alai/ beti alai».

DANBORRADA
Iazko bandera igoera, Plaza Berrian. Ezkerrean sukaldariak daude, erdian urketariak eta banda, eta eskuinean soldaduak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Azpeitikoa, bi donostiarri zor

San Sebastian eguneko danborrada festa handia da Azpeitian ere (Gipuzkoa). Han apaiz zeuden bi donostiarri otu zitzaien danborrada bat antolatzea, 1957an. Ordukoa haur danborrada bat zen, eta, hiru urte geroago, helduena sortu zuten. Oso errotuta dago egun, eta nabarmentzekoa da Jose Luis Franzesena musikariak egindako ekarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.