Itaiako militantea

Elixabet Etxandi: «Bestek politika egiteko eta borrokarako alternatibak plazaratzeko balio digute»

Itaiak begi onez ikusi du Baionako Herriko Etxeak protokolo bat prestatu izana, baina «hainbat gabezia eta alde larri» ikusten dizkiote. Kezkaturik sartu dira bestetan, gertatuko direnez eta emanen zaien erantzunaz beldur.

Elixabet Etxandi, Baionan, Itaiaren Baionako bestetarako protokolo orria gibelean duela. GUILLAUME FAUVEAU
Elixabet Etxandi, Baionan, Itaiaren Baionako bestetarako protokolo orria gibelean duela. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten ere Itaia emakumeen antolakunde komunistak Baionako bestetarako protokoloa prestatu du, zenbait berritasunekin. Elixabet Etxandi antolakundeko militanteak desmartxa esplikatu du; halere, aski kezkaturik da asteburuan gerta daitezkeenei begira.

Aurtengo, zuen protokoloa berritu duzue. Zergatik?

Aurten, joan den urteetako balorazioa eginez, anitz gabezia ikusten genituen. Azken bi urteetan funtzionatu dugu herriko etxetik Mainak [harrera eta entzute gune bat] egiten zuen lanaren segida hartuz gauean: bederatziak arte besterik ez ziren egoten, eta, gero, ez zen deus erasoak borrokatzeko; orduan, 21:00etatik goiti goizeko laurak arte egoten ginen. Bagenuen babesgunea, baina bakarra, Pannecau karrikan.

Baina geroz eta zailagoa zen erasoak kontabilizatzea eta irudi erreal baten ukaitea. Gainera, joan den urteko hauteskundeen ondoko giro nahasian, biziki lanjerosa bilakatu zen babesgunea Pannecau karrika erdian ukaitea; gau batez goizago hetsi behar izan genuen... Aurten, beraz, aldaketa bat behar zela ikusita, erabaki dugu Baionako bestetan jadanik irekiak diren leku batzuk kontaktatzea, eta, haiekin elkarlanean, salaketa puntuak ematea Baionan gaindi, auzo guztietan, jendea errazkiago joateko gisan. Salaketen irudi errealago bat ukaiteko.

Baionako Herriko Etxeak gisa bereko protokoloa iragarri du aurtengo. Lehen aldiz plantatzen dute, bestalde, protokolo bat. Zer begiz ikusten duzue desmartxa hori?

Kasik protokolo berdina edo kontzeptu berdineko protokoloa plantan eman du. Baina diferentziak badira. Haiena biziki profesionala da: leku anitzez gehiagotan izanen dira, Angela guneak ere sartu dituzte, Safetoki elkarteak, eta berehala harremanetan dira biktimen unitatearekin... Bada alde profesional bat, guk instituzioetatik kanpo antolatzen garen militante bezala ezin duguna lortu; ahal finantzarioak eskatzen ditu, argiki.

Begi onez ikusten dugu horrelako makrobestetan protokolo bat ezarri izana. Hori aldarrikatzen genuen Xingar Feriako ekintzarekin: aurpegi zuriketa bat bazela gai horiekiko, beti bestak ongi pasatzen direla erran dutelako, baina ez da deus egiten erasoen gaiarekin.

Zenbait gabezia antzeman dizkiozue?

Gabezia eta alde larri anitz ere baditu: lehenik, larritzat jotzen dugu protokolo hori elkarlanean egina dela Poliziarekin eskuz esku. Berehala erasoen gehiengoa bideratua izanen da Poliziaren kudeaketara. Guretzat problematikoa da jakinez Polizia bera erasotzailea dela, eta ez dela agente neutro bat, Frantziako Estatuaren adar armatua den heinean. Ez du errealki balio jendea babesteko; kontrara, langile klasea eta minoritateak zapaltzeko balio du.

Bestalde, badakigu Herriko Etxea ere ez dela entitate neutro bat. Nahiz eta biziki maila lokaleko instituzio bat den, instituzio kapitalista bat da, kapitalismoa betikotzeko eta populuak gobernatzeko tresna bat. Uste dugu entitate horiek hertsiki lotuak direla bortizkeria matxistaren arazoarekin, zeren eta, kapitalismoa bermatzen duten heinean, kapitalismoarekin bat doan bortizkeria matxista ere betikotzen baitute. Badira aitzinamenduak, baina uste dugu soluziorik ezin dela eman instituzio horien eskutik. Gainera, protokoloak plantan ezartzen dituzte bake soziala ukaiteko, jendea lasaitzeko, azken urteetako aldarrikapenak baretzeko, baina, batez ere, haien lehentasunekin segitzeko: Baionako besten eredua mantendu eta irabazi ekonomikoekin segitzeko.

«Erabaki dugu Baionako bestetan jadanik irekiak diren leku batzuk kontaktatzea, eta, haiekin elkarlanean, salaketa puntuak ematea Baionan gaindi, auzo guztietan, jendea errazkiago joateko gisan. Salaketen irudi errealago bat ukaiteko»

Protokolo hori ez da erradikala: Baionako besten denboran aplikatuko da, eta ez du indarkeria matxista errotik borrokatzeko proiektu politikorik elikatuko; badakigu-eta indarkeria matxista anplifikatua dela, noski, horrelako makrobesten testuinguruan, baina, berez, egunerokoan existitzen den zapalkuntza bat da emazteen eta minoritateen kontra.

Nola pasatuko dira bestak, zuen ustez?

Gure borroka ez da besta eredua aldatzea, edo besta herrikoiagoak egitea. Badakigu gaur egungo gizarte kapitalistan besta eredu horiek kontsumitzaileak direla, eta beti elikatuko dutela gure jarrera txarrenen puzte bat. Alkoholarekin eta drogekin jadanik existitzen diren zapalkuntzak anplifikatuak izanen dira. Guk zera aldarrikatzen dugu, Baionako besten garai hori, tentsio hori, politika egiteko erabili behar dugula, jendea sentsibilizatzeko kontzientzia har dezan, bai erasoen inguruan, bai existitzen diren borrokarako alternatiben inguruan.

Gero, aurtengoa berezia izanen da, lehen aldia izanen baita Herriko Etxeak eskala handiko protokoloa ezartzen duena. Agian guk salaketa gutiago ukanen ditugu, eta elkarren zenbaketak erabili beharko ditugu; guk egunero publikatuko ditugu gure datuak. Guk pixka bat tripako minez bizitzen ditugu besta horiek... Urte guztiz bilan katastrofikoak dira, eta lan militantea egiteko ez da garai erraza, baina, aldi berean, indar bat ere izaten ahal da jendea antolatzeko. Hor izanen gara karriketan, egunero, gure lan politikoa egiten. Badakigu, maluruski, erasoak izanen direla, eta biziki posible da bilan katastrofikoa izatea: hala bada, aurreikusten dugu mobilizatzea, urtero bezala, igande goizean Itaiaren izenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.