Bakardade konpartitua

Laurehun lagunek ‘Leturiaren egunkari ezkutua’ irakurri dute Bilbon, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako irakurraldian. «Egitasmo zoragarria da euskaltzaletasuna batzeko».

Joseba Sarrionandia idazlea, gaur, Bilboko Arriaga antzokian egin duten irakurraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joseba Sarrionandia idazlea, gaur, Bilboko Arriaga antzokian egin duten irakurraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko ekainaren 4a
16:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bakarrik nago Zerubiden», adierazi du lagunez inguraturiko irakurleak. Baina kontraesan nabarmena gorabehera —ez baitago bakarrik, eta ez baitago Zerubiden—, temati segitu du Bilboko Arriaga antzokiko atarian ipinitako atriletik. «Hain zuzen ere, bakarrik egoteko etorri naiz Zerubide honetara, eta pozik nago neure bakartasunean». Pasartea bukatu duenean beste irakurle batek hartu dio lekukoa, ordea. Eta haren atzetik, beste bat ipini da mikrofonoen aurrean, Leturiaren ibilaldiak eta gogoetak aletzeko. Laurehun lagunek hartu dute parte, guztira, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurraldi Jarraituan. Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) leitu dute aurten. Bakarrik, baina batera.

Izan ere, sekula ez da bakarkako lana izaten. Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle Isabel de Naberanek azaldu duenez, ikasle denek elkarrekin prestatu dute irakurketa klasean, elkarrekin argitu dituzte zalantzak irakaslearekin, orobat, eta, De Naberani dagokionez, irakurri ere konpainian egin du, Helen klasekidearekin batera. Atariaren ondoko gela batean dago euskaltegiko beste ikasle batzuekin batera; lana bete dute guztiek daborduko, eta solas alaian ari dira orain. «Gozatu dut irakurraldiaz», balioetsi du De Naberanek. «Irakurketa sakona eta filosofikoa denez, existentzialista, intonazioa ez da erraza», xehatu du. Izan ere, nola ebaki bizitzaren zorizko izaera nabarmentzen duen hausnarketa bat, esate baterako? «Txiripaz etorri naiz, txiripaz ezagutu ziren nire gurasoak», bota dute atriletik. «Hil banintz, ez zen nire hutsunerik sumatuko».

«Bizenta Mogelen testuak umorez beteta daude, eta emakumea zen: hori dela eta, ni gertuago sentitu nintzen harengandik» 

ISABEL DE NABERAN Bilbo Zaharra euskaltegiko ikaslea

Arkaitz Iriondok bazuen nobelaren berri, baina irakurraldia izan da hara gerturatzeko aitzakia, eta pasartea prestatu ahala joan da ezagutuz Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren pentsaera eta idazketa estiloa. «Berez ez da konplikatua, baina euskara batua ez izateak zailtzen du apur bat, baditu eta aditz batzuk ezagutzen ez genituenak». Jose Ramon Sainz de la Mazari ere ez zaio lan nekeza iruditu, eta irakurraldiaren eta halako egitasmoen balioa nabarmendu du; aurrenekoz parte hartu du aurten, baina esperientzia errepikatzeko prest dago. «Ariketa izugarria da, batez ere kontuan hartuta gaur egunean irakurketa beharrezkoa dela, adimen artifiziala eta horrelako teknologiak direla eta».

Armagan Erdogan euskara ikasleari, ordea, gaitzagoa egin zaio aurtengo testua, aurreko urteetakoa baino. Hiztegiagatik, batik bat. Baina, hala ere, irribarretsu utzi du atrila. Beste horrenbeste Itsaso Guemes kazetariak. «Uste dut irakurraldia egitasmo zoragarria dela euskaltzaletasuna batzeko eta gure artean ere batzeko, liburuaren gakoak aztertzeko, entzuteko...».

Leturiaren bideak

Leturia jada ez da 1957ko Leturia hura. Esperimentazio zena mugarri bilakatu delako: lehen euskal eleberri modernoaren zutabe delako orain, eta, hala, beste bide batzuk zabaldu dituelako. Eta ñabardurak bereganatu dituelako: jatorrian gizon euskal herritarra zen Leturia, baina gaur emakume taxua hartu du, mintzatu da ahots gaztez zein edadetuz, bereganatu du atzerriko azentua ere tarteka, nazioarteko euskal etxeetako ikasleen bideoak proiektatu dituztenean atrilaren ondoan ipinitako pantailan. Leturiak leunago ahoskatu ditu r-ak bat-batean, txistukariak aldrebestuta aritu da maitasunaz eta bizitzaz. Barne bakarrizketa kolektibo bat, paisaia erabat urbano eta bakarti baten barna garatua.

Bi irakurle, haien pasartea errepasatzen atrilera hurreratu aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joseba Alvarez eta Karmelo Landa, haien pasartea errepasatzen atrilera hurreratu aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU

Irakurraldiaren beste aldi batzuetan parte hartu dutenek ezinbestean igarriko zuten tonu aldaketa. Iazkoan ere ibili zen De Naberan, Bizenta Mogel markinarraren ipuinak leitu zituztenean. «Desberdintasun asko daude bien artean», berretsi du. «Nahiz eta biak diren aspaldiko idazleak. Bizentaren testuak umorez beteta daude, eta emakumea zen: hori dela eta, ni gertuago sentitu nintzen harengandik Txillardegirengandik baino. Baina polita da denetatik irakurtzea». Guemesek ere goretsi du irakurraldiak eskaintzen duen aberastasuna. «Uste dut euskaltegiak oso ondo egiten duela urtero-urtero eleberri edo testu ezberdinak aukeratzen, euskal literaturaren osotasuna modu batean edo bestean ikus dezagun, eta ikas dezagun».

AEBetako azentudun ahots bat aditu da pantailan. «Hemen bukatzen da Leturia zorigaiztokoaren egunkari hunkigarria», iragarri du, eta jarraian erantsi. «Zer gertatu ote zitzaion gero? Beharbada hau ez da sekula jakingo». Beharbada ezagutza partekatu bat izango da, laurehun lagun inguruk jagondako sekretua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA